ABk eta EAk aliantza egin dute Europe Ecologie-Berdeekin Senatuko bozetarako
Irailaren 25ean Senatu frantsesaren erdia berritzeko bozak izango dira. RPS (Erregio eta Herri Solidarioak) federazioaren hautuarekin bat eginda, Europe Ecologie-Berdeekin aliantzan aurkeztuko dira AB eta EA. Hiru hautagaitik bi Euskal Herrikoak dira, eta, bestea, Biarnokoa.
Arantxa MANTEROLA |
RPS federazioak Europe Ecologie-Berdeak alderdiarekin egindako akordioa ontzat emanda, ABk eta EAk ekologistekin bat egin dute hurrengo irailaren 25ean izango diren Senatuko hauteskundeetarako. Horrela adierazi zuten hiru indar politikoek atzo, Basusarrin, hautagaiak eta programa aurkezteko elkarrekin eskainitako prentsaurrekoan.
Lehen ere -azkenengo europar bozetan eta Akitaniako Kontseilukoetan, esaterako- aliantzan aurkeztu izana eskarmentu baikortzat jota, hautagaitza bateratua aurkezteko proposamena joan den neguan jaso zuten, Jakes Abeberri Biarritzeko ABko zinegotziak azaldu zuenez. Maiatzean egindako batzar nagusian ABk babestu zuen aukera izaki, Berdeen proposamena berehala lantzen hasi zirela gaineratu zuen.
Horiek horrela, Pirinio Atlantikoetako departamenduan aukeratu behar diren hiru senatarientzat beste horrenbeste hautagai -dagozkien ordezkoekin- aurkeztuko dituzte. Horietako bi Ipar Euskal Herrikoak dira: Sauveur Bacho Arberatzeko auzapeza eta Alice Leiziagezahar Akitaniako kontseilari ekologista. Hirugarrena, berriz, biarnesa: Daniele Iriart Paueko hautetsi berdea. Marie-Jeanne Berterretche Makeako hautetsia eta Michel Poueyts Biarrizkoa (biak ABkoak) izango dira lehen bien ordezkoak. David Grosclaude Alderdi Okzitaniarreko hautetsia, berriz, Iriartena.
Bi helburu
EE-Berdeen bozeramaile Jean Lissarrek hauteskunde hauetan dituzten bi helburu nagusiak nabarmendu zituen. Batetik, Senatuan talde berezitua izateko gutxienez hamabost senatari lortzea, eta, bestetik, erakunde horren gehiengoa «ezkerrera igarotzeko dagoen benetako aukera» bultzatzea.
Ildo horretan, Estatuko zenbait departamendutan dagoeneko PSrekin akordioak itxi dituztela adierazi zuen: «Ez da hemengoaren kasua. Oraindik hizketan ari gara. Hainbat gaietan ados gara baina besteetan, abiadura handiko trenaren bide berrian edo Ipar Euskal Herrirako erakundearen auzian adibidez, ez gatoz bat sozialistekin». Dena dela, beren hautagaitza ez dela «testimoniala» argi utzi zuen: «Euskal Herriko senatari bat izatea lortu behar dugu».
Iritzi berekoa zen Sauveur Bacho. Bere jarduera militantea sindikalgintzan eta Herriko Etxean gauzatu ostean, uste du Euskal Herriak merezi duela «bide berriak jorratzea, bai gaurko bai etorkizunerako». Bide horretan ekarpena egin dezakeela konbentzituta, ABk bere hautagai izateko eskaera onartzea deliberatu du, nahiz eta, berez, alderdi horretako kide ez izan.
Programaren ardatz nagusien artean hauek azpimarratu zituzten: Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargo berezia; nuklearretik pixkanaka ateratzea; hizkuntz gutxituentzat lege babesa; abiadura handiko trenaren burdinbide berria egin beharrean egungoa hobetzea; jarrera berdina Pau eta Oloroe lotzeko bideari dagokionean; zerbitzu publikoen defentsa, batik bat landa eremuetan eta herrien arteko kooperazio mapan; Ipar Euskal Herriko eta Biarnoko muga historikoak bere horretan errespetatzea defenditzea.
«Bil Gaiten» agiriaren ildotik
Beste hautagai abertzaleen aukeraz iritzia eskatuta, ABk Gabi Mouescarena ez babestea erabaki duela argitu zuen Andde Sainte-Mariek: «Mouescaren hautagaitza erabat legitimoa eta errespetagarria da, baina ekimen indibiduala da, eta, gurea, berriz, kolektiboa».
ABk azaldu zuenez, RPS eta EE-Berdeekin aurkezteko egin duen hautua jakinarazi zion Batasunari, «baina aliantza honetan sartzeari uko egin zion».
Aipatu aliantza, berrikitan zenbait hautetsi abertzalek -tartean ABkoak- aurkeztutako «Bil Gaiten» agiriaren edukiarekin kontraesanean ez ote dagoen galdetuta, «oinarrizko edukiarekin bat» datorrela gaineratu zuen Sainte-Mariek: «Hautes eremuan abertzaleekin eta ezkerreko indarrekin bat egiteko aukera jasotzen du, eta aliantza hau ezkerrekoa, abertzalea eta ekologista da».
Erregio eta Herri Solidarioak (Regions et Peuples Solidaires-RPS) federazioaren kide dira AB eta EA. Europe Ecologie-Berdeekin egindako ituna jarraiki, bi alderdi abertzaleak ekologistekin aliantzan aurkeztuko dira.
Lehen itzulian senataria lortuko ez balute, bigarrenean PSko hautagaiak babesteko deia egingo lukete ezkerrak Senatuan gehiengoa izateko asmoz, betiere Departamenduan sozialistekin akordioa lortzen badute.