GARA > Idatzia > Kultura

Orain dela 12.000 urteko giza kokalekuak topatu dituzte Socuevasen, Araban

Socuevaseko aztarnategian indusketa lanetan ari den EHUko ikerlari talde batek azken glaziazioan, duela 12.000 urte inguru, Arabako Pobes herritik hurbil dagoen gune horretan giza kokaleku bat zegoela frogatu du.

p054_f01.jpg

GARA | GASTEIZ

EHUko ikerlari talde batek Socuevasen aurkitutako aztarnek sendotu egiten dute Goi Paleolitiko bukaeran, orain dela 12.000 urte inguru, Kantauri aldetik urrun kokaleku finkoak zeudela dioen hipotesi berria, hango eguraldia hobea zelako garai hartan bizitzeko. Unibertsitateko kideek azaldu dutenez, handik gutxira, gaur egungo klima ailegatu zenean, Socuevaseko jatorrizko estalkia erori egin zen eta kokalekua hutsik gelditu zen bolada batez. Ostean, orain dela 9.500 urtetik 6.700 urte ingurura, tarteka bertze komunitate batzuek hartu zuten herrixka: ehiztari eta biltzaileen azken gizarteak izan ziren. Ondoren, nekazaritza eta abeltzaintza etorri ziren.

Arabako Aldundiak babestuta eta EHUko Historiaurreko Ikerketa Taldearen lan-ildoaren barrenean, Alfonso Alday eta Ana Cava irakasleak ari dira ikerlari taldea zuzentzen. Hirugarren indusketa kanpaina egiten ari dira Arabako txoko honetan, eta, euskaldunez gain, Alcala de Henareseko, Burgoseko eta Granadako ikasleak ere ari dira parte hartzen.

Hiru astez ibili dira aztarnategian jo eta ke, eta bertze lau astez laborategian. Irailean berriro ekingo diote lanari, Madeleine aldian, Goi Paleolitikoan, izan ziren lehenbiziko okupazioez gehiago jakiteko. Garai berekoak dira Santimamiñe, Ekain edota Altamira kokaleku enblematikoak. Orain dela 6.500 urteko azkenengo kokalekuak ere aztertu dituzte, neurri txikiagoan bada ere.

Balio handiko emaitzak

Hagitz baliagarritzat jo dituzte orain arteko emaitzak. Landu eta zizelkatutako milaka harri hondar topatu dituzte, tartean ehizatzeko prestatutako puntak, batzuk hagitz ederrak, baita karraskagailuak, burilak edo karrakagailuak ere. Agertu dutenez, halako objektuak lantzeko, kokalekuko kideek distantzia luzeak egin behar zituzten oinez, batzuetan 60 kilometro baino gehiago ere bai, Trebiñu, Loza eta Urbasaraino.

Sasoi hartan ehiza jarduera benetan garrantzitsua zela ere oroitarazi dute ikerlariek. Hain zuzen ere, horri zor zaio Pobes herri ondoko babeslekuaren kokapen estrategikoa. «Glaziazio garaietan ehizak zuen garrantziaren isla dira kokalekuaren inguruan aurkitutako hezur zati andana eta ehizatutakoa tratatzen zuten etxeetan aurkitutako aztarnak».

Euskal Herriko Unibertsitatea duela hiru urte hasi zen harkaitz azpiko babesguneak sakon aztertzen, eta, hala, Amelia Baldeon paleolitistaren aurreko lanak hedatu zituzten. Lanak garai horiei buruzko Arabako, Trebiñuko eta Nafarroako aztarnategietan izandako ikerketa plan bati dagozkio.

Zehaztu dutenez, indusketaren lehenengo bi urteetan, lanak orain dela 9.500 eta 6.500 urte arteko kokalekuen aztarnak aztertzera bideratu zituzten oro har, eta, azken urte honetan, berriz, Goi Paleolitikoko aztarnak ikertzen aritu dira.

Aurkitutako aztarnen data zehatz-mehatz finkatu ahal izateko, aldi bakoitzean gehienez ere 5 zentimetroko sakontasunez hondeatu dute lurra. Objektuak lurpetik atera ondoren, laborategian landu dituzte, eta han, materialak zorrotz garbitu, aztertu, inbentarioetan jaso eta sailkatu egin dituzte.

Ezagutza sakonduz

Taldeak hiru astez egin du lan aztarnategian, eta bertze lau astez, aldiz, laborategian. Uda eta gero berriro ekingo diote lanari, Madeleine aldian izan ziren lehenbiziko okupazioez gehiago jakiteko asmoz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo