GARA > Idatzia > Kultura

KATE MOTZEAN: Edurne Brouard

«Liburu on bat irakurtzeak ematen duen plazera gauza gutxirekin konpara daiteke»

p048_f01_111x111.jpg

Moskura 1985eko udan egindako bidaiaz akordatzen da bereziki, eta han aritu zirela georgiar batzuekin hizkuntzen arteko berdintasunak aipatzen «ingeles traketsean». Ezagutzeko leku asko dituela dio. «Ez naiz oraindik Afrikan egon. Ezta Kanarietan ere!».

Korrika potentea eta zoragarriaren ostean eta euskaltegietan ikasturtea amaituta, AEKn jo eta ke dabilenarentzako udak zer esan nahi du?

Hainbeste lan dagoenez irailetik aurrera ere, atsedenaldia hartzeko parada, indarberriturik oratzeko ikasturte berriari. Betiere, barnetegi bat edo ez bazaizu tartean suertatzen.

Udak burura ekartzen dizun hitza edo adjektiboa?

Lekeitio.

Eta usaina?

Kresala

Udako gauak ala egunak nahiago?

Bietan dago ederto pasatzeko aukera, bietan dagoelako lagunartea.

Zein da plana egunerako, eta zein gauerako?

Egunez, hondartza, paseoa eta inguruetara txangoak. Gauez, txikiteoa, lagunartea eta afariak txokoan.

Hondartzan, eguzkitan ala itzaletan? 

Eguzkitan alditxo batean egon eta gero, gustura hartzen da itzalean egotea.

Hondartzan ala mendian, MP3a ala irratia?

Ez naiz batere mendizalea, hainbeste euskaldun peto haserretuko bazait ere. Hondartzan, beraz. Ez daukat MP3rik eta ez naiz irrati zalea.

Egunkaria ala liburua? 

Biak behar ditut nik neuk. Egunkaririk gabe nekez pasatzen dut eguna, zerbait faltan dudalakoan edo; baina liburu on bat irakurtzeak ematen duen plazera gauza gutxirekin konpara daiteke.

Irakurri eta erabat harrapatu zintuen liburua?

Hainbeste dira! Munduko literaturak eskaintzen dituen harribitxietan bat aukeratzea ezinezko egiten zait.  

Oporretan, erabat deskonektatuta, ala informazioari adi?

Herri honetan bizi nahi baduzu (eta halaxe nahi dut nik), erabat deskonektatzea posible da, ala?

Bidaiatzean, dena ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu ala inprobisatzen ibiltzen zara?

Denetarik egin izan dut, baina gaur egun, aukeran, nahiago gauzak erdi lotuta behintzat.

Maleta handia ala txikia?

Bukaerarako beti da handia.

Argazki-makinarekin gordetzen dituzu oroitzapenak, ala memoriaz fidatzen zara?

Ateratzen ditut argazkiak noski, baina sekulako memoria daukat (hor ere edadea nabaritzen hasia banaiz ere).

Egin duzun oporraldirik bereziena?

Ez akaso onena, baina, berezi-berezia, Moskura, 1985eko udan, han egitekoa zen Gazteria eta Ikasleen Nazioarteko Jaialdian parte hartzeko asmoz. Hango nahastea, jende desberdina eta gure lagunartea bera, benetan bereziak.

Egiteko duzun ametsetako oporraldia?

Ez naiz oraindik Afrikan egon. Ezta Kanarietan ere!

Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?

Antzara Eguna.

Uda perfektu hura gogorazten dizun kantua/irudia?

Lekeitioko malekoia, iluntzean eta marea beherean.

Bidaia batean euskara dela-eta anekdotarik ba al duzu?

Lehen aipatu dudan Moskurako bidaia hartan Tbilisiko hainbat georgiar ezagutu genituen. Euskaldunak ginela jakin bezain pronto denek nahi ziguten gure hizkuntzen arteko berdintasunen berri eman, eta han ibili ginen geure ingeles traketsarekin: How do you say «midle»? Erdi, guk. We erdi-erdi, beraiek! Horixe zen denek zekiten hitz bakarra!!!

Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?

Aterraldiaren aurretik, denak bustitzen gaituen zirimiri goxo bat dabil.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo