Jendeak Patxi Lopezen Gobernua ezagutu duen heinean, haren gaineko iritziak okerrera egin du
Patxi Lopezek ez zuen Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko herritarren gehiengoaren babesik Ajuria Enera heldu zenean, gizartearen zati handi bat baztertzearen ondorioz eskuratu baitzuen boterea. Horregatik, hasiera-hasieratik inkesta guztiek adierazi dute haren Gobernuaren gainean herritarrek oso iritzi txarra dutela. Legealdiko lehen hiletan, defenda ezina defendatu duen Idoia Mendia eledunak, aipatu zuen balorazio txar hori ezagutza faltaren ondorioa zela; hots, jendeak ez zuela Lopezen taldea ezagutzen, eta denborak aurrera egin ahala balorazio kaxkar hori aldatuko zela. Baina justu kontrakoa gertatu da, eta egunak aurrera joan diren heinean, inkesta guztien emaitzek okerrera egin dute PSEren Exekutiboarentzat. Hala, gaur egun gehiengo zabal batek oso iritzi txarra dauka Lopezen eta enparauen gainean, eta honen eboluzioa ikusita, litekeena da oraindik gehiago okertzea.
Gizarteak hasieratik esan zion Patxi Lopezi ez zuela bera Lakuako Gobernuan egoterik nahi, eta azken hauteskundeek horixe bera berretsi dute. Gainera, bere ingurukoek egindako inkestek ematen dituzte emaitza hauek. Zeren zain dago agur esan eta hauteskundeak iragartzeko?