Kronika | Euskotreneko tren berriak
Trena sozializatu nahian, zerbitzuaren kalitatea igotzea erabaki du EuskoTrenek
ahiz eta orain-goz hiru tren baino ez dituzten, 2014. urtea amaitzerako 30ak martxan edukitzea aurreikusten dute. Puntako teknologia erabiliz egin dituzte trenak CAFen eta LKSk parte-hartze handia izan du diseinuan. Atzo egin zuten aurkezpena Amarako tren geltokian, eta hirurak zerbitzuan txertatu dira jada, Hendaia eta Lasarte lotuz. n
Aimar ETXEBERRIA
Lasarte Oria-Hendaia ibilbidea egingo dute atzo inauguratu zituzten hiru tren unitate berriek. CAFek fabrikatu ditu guztiak, baina LKS enpresak ere zeresan handia izan du trenen diseinuaren gaineko erabakiak hartzeko orduan.
Zerbitzuan sartu zen lehen unitateak, atzo 11.00etan egin zuen bere lehen bidaia Donostia-Errenteria bidea eginez. Aipatu Errenterian jaiak direla, eta oso garbi geratu zen hori trena bertara iritsi zenean. Geltokitik garbi ikusten ziren jaiez astindutako kaleak, pankarta eta festa usainez lepo. Ikusmin handia sortu zuen inaugurazioak Amarako geltokian zeuden bidaiarien artean. Ohiko tren urdinen ondoan, itxura berri eta modernoko tren zuri bat aurkitzen zelako. Aipatu behar da, halaber, inaugurazio bidaian, politikari eta EuskoTreneko kideez gain, oso bidaiari gutxi zeramatzala. Inaugurazio bidaia abiatu bezain pronto, beste bi unitateek ere euren bidea egiteari ekin zioten.
30 izan dira EuskoTrenek Lakuako Garraio Sailarekin elkarlanean erosi dituen unitateak. Guztira 201 milioi euroko inbertsioa izan da. Iñaki Arriola sailburuak esan zuenez, nahiago izan dute 30 unitate berri erostea, lehen zituztenak eraberritzea baino. «34 urte zituzten lehengo trenek eta nahiago izan dugu berriak erostea», zehaztu zuen.
Harrera ona
Harrigarria da trenak bidaiariengan izan zuen harrera. Ohiko tren urdin xahartuak ikustetik, tren berri, moderno eta zuriak ikustera pasa ziren bidaiarien begiak. Kanpotik itxura ona, barrutik txukuna, zer gehiago behar du bidaiariak?
Berritasuna beti izaten omen da ongi hartua, baina denborak esango du egin duten inbertsioak zer emaitza ematen dituen. Bidaiarien eskaera nagusietako bat trena txukun mantentzea izan zen. Berri usain hori luzarorako nahi dute, nonbait. Txukuntasuna mantentzeko, proiektua garai txarretan jarri dute martxan.
Inaugurazio bidaian ere hartu zuten parte Lakuako sailburuak eta bere lagunek. Trena abiatu zenean txaloak eta guzti entzun ziren, eta izan zen bat edo beste ere Gobernu honen aldeko oihuak bota zituena: «¡Había que cambiar de Gobierno para hacer esto!». Orokorrean jendea gustura, berritasunak gure artean izaten duen alaitasun horrekin. Orain, bidaiarien txanda izango da, egin beharreko inbertsioak eginda daude, hobekuntzak ere bai, eta trenaren kalitatea asko hobetu da.
Puntako teknologia duten trenak erosi dituzte. Bidaiarien erosotasuna eta segurtasuna helburu nagusitzat hartuta, ahalik eta bidaia erosoena egiteko aukera eskaini nahi izan dute. Oraingoz hiru tren baino ez izan arren serie berrikoak, urte amaierarako bederatzi unitate izatea dute helburu EuskoTrenekoek, eta 2014an 30 unitateak martxan egotea espero dute.
Puntako teknologia
Tren berriak egiteko orduan, puntako teknologia txertatu nahi izan dute. Trena den garraiobidea sustatzea helburu harturik, segurtasun eta komunikazio sistemak hobetu dituzte, jendearen bidaia kalitatean gora egiten ahaleginduz.
Pertsonen bizi kalitatean eragin nahi izanez, ezinduek trena ibiltzeko erosotasun guztiak txertatu dituzte trenetan. Itsu, gogor, elbarri... guztientzat jarri dituzte sistema bereziak, hauek ere erosotasun guztiarekin ibil daitezen trenean. Argi bereziak erabiliz, soinuak erabiliz itsuentzat eta bagoi batzuetan arrapalak jarriz, ezinduek ere trena hartzeko arazorik ez lukete izan beharko.
Unitate bakoitzak lau bagoi ditu, 214 bidaiari eramateko egina dago, eta 100 kilometro orduko abiadura hartzen du.
ardura sozialak
Arriolak adierazi zuenez, ingurumena eta jasangarritasuna baldintza oso garrantzitsuak izan ziren proiektua martxan jartzeko orduan. Ingurumena zaintzeko, tren bakoitzaren kontsumoa kontrolatzen duten baliabideak jarri dituzte.
Hala ere, jasangarritasunaz hitz egiten jartzean, ezin dugu ahaztu proiektu honen kostua zenbatekoa den eta zein helburu ekonomiko lortu behar dituen proiektuak jasangarri suerta dadin. Aurrez esan bezala, 201 milioi euroko inbertsioa izan da, eta urtean 6.592.487 bidaiari izaten ditu Lasarte Oria-Hendaia zatiak, Eustatek ematen dituen datuen arabera. Amara-Ermua zatiak, bidaiarien erdiak ematen ditu, kontuan hartuta, ordea, Eibar-Ermuko zerbitzua. Tren berria erabiltzen hasi den zatiak, Gasteizko tranbiak urte batean ibiltzen dituen bidaiari adina ibiltzen ditu. Lakuako sailburuaren hitzetan, urteroko bidaiarien zifra 30 milioiraino iristeko aukera dago, baina helburu hori lortzeko, proiektua sendotzea beste aukerarik ez daukate.
Proiektua sendotzeko, Donostialdeko metroaren proiektua daukagu. Geltoki berriak, tunel berriak, zulaketa berriak... betiere, nola ez, ingurumena zaintzea lehen baldintzatzat jarriz.
Tren sozial bat bilatu nahi dute, bidaiarien bizi kalitatea hobetuko duena. Horretarako, egunero erabiltzaile direnen beharrak ikusita, euren nahiak asetzen ahalegindu dira. Bidaiarientzat bidaia eroso, lasai eta seguru bat ziurtatu nahi dute, Donostialdeko jendeak trena garraiobideen artean erreferentziatzat har dezan.
Hala ere, akats larri bat dute trenek. Hobekuntza handiak izan dira segurtasun, erosotasun eta diseinu aldetik, baina komunik ez dute tren hauek. Hendaiatik Lasarte-Oriaraino doan gizon heldu batek, arazo lazgarriak izango lituzke bidaian zehar. Beste arazoetako bat gehiegizko segurtasuna izan liteke. Ateek hain dituzte segurtasun neurri zorrotzak, oztopo txiki baten aurrean segituan blokeatzen direla. Treneko gidariak atera behar izan zuen, atea blokeatu egin zela-eta, horren arrazoia ikuskatzera.
Tren berriak, kalitatezkoak, azken batean, Donostialdeko jendearentzat eginak. Metroa indartzeko asmoz datoz baina bidaiariek jarriko dituzte gauzak bere lekuan.