GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Gaztedik 560 kilokoan dena lotuta uzteko aukera dauka

Lehen jardunaldian nagusi izan zen Laukizko taldea, eta berriro ere garaipena lortuko balu, txapela janztetik oso gertu geratuko litzateke talde gorritxoa.

p042_f01_149x97.jpg

Jon LEUNDA

Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa ia amaitzear dago, bi jardunaldi besterik ez baitira geratzen. Gaur, 18.00etatik aurrera Berangon jokatuko da 560 kilokoan bigarren jardunaldia.

Gaztedi, Goiherri A, Goiherri B, Getxo eta Gaztedi mistoa lehiatuko dira. Pasa den astean jokatu zen lehen jardunaldia, eta bera Gaztedik irabazi zuen. Pisu honetan Gaztedi eta Goiherri daude beste guztien gainetik, eta ikaragarrizko ezusteren bat gertatu ezean, bi talde hauen artean egongo da txapela. Garaipen hori, ordea, ia erabakita gera daiteke gaur, Gaztedik saioa bereganatzen baldin badu. Une honetan puntu bat kentzen dio Goiherriri, eta pasa den asteko emaitza errepikatuko balitz, bi punturen aldea izango luke bere alde Laukizko taldeak, eta hori asko izango litzateke jardunaldi baten faltan.

Erandiokoek gaurko ekinaldia bereganatuko balute, berriz, emozioa handia izango litzateke, dena azkeneko jardunaldian erabaki beharko bailitzateke, 600 kilokoan gertatu zen bezalaxe. Beraz, gaurko saioan garrantzi handia izango du bi talde hauek elkarren artean neurtzen diren unea; izan ere, hor garaipena erdiesten duenak, saioa eramateko aukera handiak izango baititu.

Besteen artean, Goiherri B izan zen hirugarren pasa den astean, Getxo laugarren eta Gaztedi mistoa azkena. Badirudi hirugarren posturako lehian Erandioko bigarren taldea eta Getxo egon daitezkeela, eta bi talde hauen arteko dema ere oso polita izango da. Mutilez eta neskez osatutako Gaztediren taldea, berriz, gutxienez tiraldi bat irabazten ahaleginduko da gaurko jardunaldian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo