SEGA
Sei kirolari arituko dira Bizkaiko final nagusian
Sei segalari arituko dira etzi 18.00etatik aurrera Otxandion, Urkiolako bidean, Basaguren jatetxearen ondoan, Bizkaiko final handian. Horietako gutxi izan dira Euskal Herriko Txapelketan aritu diren segalariak, baina beren herrialderako asko animatu dira, eta berria ez da txarra.
Intxaurbe, Atxa, Larrañaga, Gondra, Goioaga eta Maguregi izango dira lehian arituko direnak. Belar kilorik gehien moztea izango da beren helburua, eta lana gogotik egin beharko dute garaipena erdietsi nahi baldin badute. Intxaurbe eta Goioaga izango dira txapela lortzeko faborito nagusiak, eta badirudi, adituen ustez, beren artean egon daitekeela herrialdeko txapela.
Larrañaga ere Euskal Herriko Txapelketan aritu da aurten, baina azkena geratu zen, eta ez dirudi garaipena lortzeko faboritoen artean agertzen denik. Gondrak ere eskarmentu handia du, urte asko daramatza lehiatzen, baina hau ere, hasieran, behintzat, ez da agertzen.
Badirudi belarra eta lekua ona dela, eta azken egun hauetan egin duen euria eta datozen egunetarako iragartzen dutena kontuan hartuta, seguruenik ere pisu handia bildu ahal izango dute segalariek. Oraingoz hiru lehiaketa ofizial jokatu dira. Gipuzkoako bi, azkartasunekoa, eta betiko erakoa, eta bat Euskal Herrikoa, eta denak Lizasok irabazi ditu. Bizkaian betiko erakoa bakarrik egingo da, ordea, eta herrialde horretan txapel bakarra banatuko da.
Aizkora
Bihar 19.00etatik aurrera, Elizondoko Iriarte pilotalekuan jokatuko da Nafarroako Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketa. Bertan honako hauek lehiatuko dira: Mandazen, Patxi Mindegia, Xabier Mindegia, Erdozia, Jesus Etxeberria, Loiarte, Olano I.a, Kastro, Kañamares III.a, Pellejero eta Resano.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat erdibitu beharko ditu. Sailkapeneko lehenengo bostek lortuko dute irailaren 25ean, 17.30etik aurrera Uharte Iruñean jokatuko den finalean izateko txartela. Lan laburra da, eta aizkolariak ere pare samarrekoak direnez, edozein sar daiteke.
Gipuzkoako Bigarren Mailako finala, berriz, asteartean jokatuko da Mendaron 18.00etatik aurrera. Bertan, Otaño, Ugarteburu, Zaldua, Txapartegi, Irazu eta Larrañaga lehiatuko dira.
Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Badirudi Unai Otaño dela garaipena erdiesteko faborito nagusia.