GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-ZULATZEA Finala

Binakakoan ere Burdin Gazteak eta Kabiezes taldeen artean izango da dema

J.L.

Harri-zulatzaileen Binakako Txapelketako finala jokatuko da bihar 13.00etatik aurrera Derioko San Kristobal elizaren atarian. Final honetarako hauek lortu dute sailkapena: Laso-Reyero, Hidalgo-Garcia, Abad-Caro, Gil-Pandelo, Romero-Gomez eta Benito-Gutierrez

Binakako Txapelketa honen finala dela-eta, ez da jokatuko Ligako jardunaldirik, baina hor ari diren taldeetako ordezkariak izango dira neurketa honetan. Kabiezes eta Burdin Gazteak dira ordezkaririk gehien dituzten taldeak, bina izango baitituzte. Aldai Aldek eta Gallartak, berriz, ordezkari bana izango dute.

Bouvarden aurkezpena

Euskal Herrian bada harriak jasotzen arituko den beste emakumezko bat; izan ere, Marianne Bouvard lehen aldiz plazaratuko baita, Pausun, bihar 17.30etik aurrera. Orain arte halterofilia egiten aritu da neska hau, eta mundu mailan ere 90 kiloz azpikoetan oso lan ona egin izan du. 35 urteko neska honek lehen ahalegina 51 kiloko harri bolarekin egingo du. Bera izango da, gainera, Ipar Euskal Herrian harriak jasotzen hasi den lehen emakumezkoa. Orain arte, bi izan dira Gipuzkoan, Etxeberria eta Sardon, eta bakar bat Bizkaian, Urkiola.

Jimmy Orsztynowicz, 16 urteko mutil gaztea ere lehen aldiz plazaratuko da. 88 kiloko harria bost aldiz jasotzen ahaleginduko da. Lapurdin herri kirolaren alde egiten ari diren lanaren ondorioa da hori guztia. Herrialdea sekulako gorakada ari da izaten, eta horren ispilu da kirolari berrien agerpena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo