Fermin Aramendi, 20 urtez euskal txirrindularien gurpilean, Tourrean
Fermin Aramendik, Euskal Telebistako kazetariak, atzo jaso zuen Alpe d'Huezen 20 urtez Tourrean aritzegatik antolatzaileek ematen duten saria. Donostiatik 1992an abiatu zen, Indurain horiz jantzita zegoela, euskal txirrindulariei jarraitzeko asmoarekin eta harrezkero ez du inoiz hutsik egin.
Joseba ITURRIA
Christian Prudhomme, Tourreko zuzendariak, Fermin Aramendi euskal kazetariari eman zion atzo leialtasunaren saria Alpd d'Huez bezalako gune berezian. 51 urteko ataundarra 1985ean hasi zen Euskal Telebistan lanean: «Kazetaritza mundura ailegatu izana Jaxinto Setieni eta Xabier Mendigureni zor diet. Itzultzaile eskolatik pasa ondoren iritsi nintzen Euskal Telebistara, eta lanean hasi ondoren matrikulatu nintzen Kazetaritzan Leioan».
Hiru urte eman zituen Euskal Telebistan eta 1989an Euskadi Irratira pasa zen. Urte horretan egin zuen lehenengo itzuli handia, Vuelta, eta ez zuen izan estreinaldi atsegina: «Coruñara iritsi, hotel aurrean kotxea utzi trasteak uzteko eta tarte horretan autoaren gurpilak zulatu zizkidaten». 1989an Euskal Telebistara itzuli zen oposizioak gainditu ondoren eta azkeneko bi hamarkadetan txirrindularitzaz arduratu da. Horrela, bizikleta eta euskara, bere bi zaletasunak lotu ahal izan ditu: «Euskara eta ziklismoa, ordena horretan jarriko nituzke. Euskara gauza guztien gainetik», nabarmendu du ataundarrak, nahiz eta txirrindularitzak bere bizitzan leku handia izan: «Lanera etortzen hasi aurretik ere Tourra ikustera etortzen nintzen lagunekin, eta telebistari esker ziklismoa barrutik ezagutzen hasteak areagotu egin zidan zaletasuna, bizikletan ibiltzeari ere gustua hartu arte».
Euskal Telebista 1990. urtean hasi zen Giroa zuzenean ematen eta Aramendik orduan ezagutu zuen Italian hain gustuko duen lasterketa: «Italian beste ziklismo mota bat usaintzen da. Garai bateko ziklismoaren xarmak bizirik dirau han. Tourra ziklismoa da, baina erabat puztuta dago zentzu guztietan. Tourrak ziklismoa bizi ez duen jendea ere harrapatzen du. Mundua mugitzen du eta horrek lanerako oztopo asko eragiten du. Batez ere mugitzea da nekeza, lekuetara iristea nahi bezain azkar. Guk irudiak eta adierazpenak lekuan bertan hartu behar ditugunez derrigorrean, horrek ematen dizkigu lanak. Batez ere mendiko etapetan. Errepidean sortzen den auto festa eroan orduak egiten ditugu ez aurrera, ez atzera».
Giroko giroa nahiago
Horretaz konturatu zen 1992an Tourra ezagutu zuenean: «Giroa eta Vuelta ezagutu ondoren, erabat ezberdina iruditu zitzaidan. Ikaragarria. Dena, baina batez ere helmugako gune teknikoa, guk lehen lan egiteko bertara sartu behar izaten genuen. Tourraren handitasuna ez zait gustatzen. Gehiegizkoa da. Nahiago dut Italiako giro berezi hori».
Halere, Tourrean bizi izan ditu bere momentu hunkigarrienak Indurain eta... Laisekarekin. Nafarraren garairik hoberenean ezagutu zuen Tourra eta txundituta gelditu zen berarekin: «Ni ez nintzen indurainzalea bera ezagutu arte Tourrean. Nola hartzen gintuen, kazetari guztiak berdin tratatzen zituen. Gizaseme garbia. Gizona, euskaraz esaten den bezala. Beti galderak erantzuteko prest. Meritu ikaragarria dauka Indurainek egin zuenak eta egin zuen moduan gainera. Nik pentsatzen nuen maila horretako txirrindulariak distanteagoak izango zirela, baina Tourreko lehenengo egunetik eta bizikleta utzi arte beti berdin jokatu izan du eta denekin. Eta inoiz ez erantzun txar bat. Eta pentsa, bere ondoren Armstrong etorri zen eta nolakoa izan den haren jarrera. Justu kontrakoa. Harroputza».
Baina ez dira Indurainen garaipenak zirrara handienak sortu dizkiotenak: «Tourrean ezagutu dudan egunik handiena, zirraragarriena Laisekak 2001ean Luz Ardidenen etapa irabazi zuenekoa izan zen. Zerua ez zen aparte egun hartan. Indurainekin asko gozatu nuen, baina Laisekarena berezia izan zen, egun hartan negar egindako jendea ezagutzen dut. Errepide bazterretan eromena bizi izan zen. Puztualdi latza izan genuen euskaldunok».
Euskal Herriarentzat Euskaltel bezalako taldea izatearen garrantzia onartu arren, ez du diferentziarik egiten txirrindulari euskaldunen artean: «Saiatzen naiz beti eguneroko protagonistak hartzen, Euskaltelekoak izan ala ez». Tourrean poz handiak hartu izan ditu eta pena bakarra: «Olanok erlojupekoa irabazi zuen egunean bere elkarrizketa mundu guztira euskaraz hedatzeko aukera sortu zen, baina berandu iritsi ginen. Espainiako Telebistaren kazetaririk ez zegoen eta Philippe Sudres, Tourreko prentsa ardunetariko bat, etorri zitzaidan korrika elkarrizketa egin behar geniola Olanori. Nik euskaraz egingo niola esan eta baietz erantzun. Baina pena izan zen gu iritsi ginenerako emisioa juxtu bukatuta zegoela. Ezin izan genuen telebista guztietarako elkarrizketa hori euskaraz egin».
Atzo jaso zuen saria «polita da, zenbaki biribila delako, baina ez dakit gainerakoan meriturik duen. Ohartu gabe zahartzen ari garela ere adierazten du honek». Hogei urte hauetan izan dituen kameralarien laguntza aipatu du: «Hiru izan ditut: Iñaki Lopetegi, Aitor Galbarriartu eta Txopi. Zazpi urte daramat azken honekin eta oso gustura. Berak zer dioen entzun behar baina. Dudarik gabe halako gurbila beharrezkoa da zirku honetan irauteko».
Hogei urte hauetan euskal txirrindularien adierazpenak jasotzen ibili da Tourrean Fermin Aramendi. Gustatzen zaio lana, baita txirrindulariekin daukan harremana ere: «Normalean gehienek arazorik ez dizute ematen, nahiz eta beti egon salbuespenak, lehen gehiago orain baino. Gauzak gaizki ateratzen direnean ez dute batzuek hitz egin nahi izaten. Bolada txarrak izan ditugu, txirrindulari bereziak egokitzen dira tarteka. Baina gehienak oso gertukoak dira».
Bere mikrofonoaren aurrean errepidean bezain ondo aritzen direnak aipatzea nahiago du: «Egoi, Izagirre, Haimar, Markel, Astarloza... baina gehienak jar daitezke zerrenda honetan». Hiztunik onenei buruz galdetuta, «asko dira, gero eta gehiago zorionez eta bakarren bat azpimarratzekotan, Amets eta Nieve. Aldiz, korterik onenak Garatek ematen ditu. Galderak ia betikoak dira eta erantzunak ere halamoduz, baina erantzun onenak, txispa bereziarekin, erdaraz jakina, Garaterenak dira». Joseba ITURRIA