GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Markel IRIZAR | Radioshack taldeko txirrindularia

Denak emanda

 

Kaixo lagunok! Segur aski, txirrindularitza horrenbeste maite duzuen zaleok, gozatu ederra hartuta izango zarete. Izugarrizko bi etapa eder ikusi ahal izan dituzuelako telebistatik. Azken urteetako bi etapa eder eta interesgarrienak, nire ustez. Taldeetako liderrek, euren talentuaz eta kategoriaz gain, izaera eta kemena erakutsi dute, eta guztien gainetik Andy Schleck izan da guztietan ausart eta erasokorrena.

Baina zuek ikuskizun aparta ikusteak, ipurtandiok majo sufritzea ekartzen du. Eta nahiz eta herenegun ihesaldian egon, gorriak ikusi eta porru eginda helmugaratu nintzen. Eta atzo, zeresanik ez! Telegraphen gora izugarrizko «eskabetxina»; talde buruak egur batean, eta besteok, nonbaitetik nonbaitera, kotxe artean ikaragarri sufritzen.

Ikaragarri sufritzen nindoala, guztiz kableak gurutzatuta, neure buruari esaten nion: «Eskerrak ez dagoela semea begira». Aita txapelduna dela esaten du, baina hemen doa haren aita, denak emanda!

Baina azkenean, nola edo ahala heldu gara Alpe d'Huezera, eta azken orduko ezustekorik ez bada, gaurko erlojupekoa, bi mendatetxo dituela-eta, ez da onena niretzat, eta indarrez oso justu egon arren, ahalik eta ondoen egiten saiatuko naiz. Hankak hutsak daude, ez dago indarrik, horregatik ibili gara gaur denak emanda!!

Parisera arte, Alpe d´Huezetik adio. Oñatitik etorri zaizkidan Peko eta Otxuakin zertxobait hartzera noa, aio!!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo