Emakundek 600 emakume profesional biltzen dituen direktorioa aurkeztu du
Leticia MELON |
Atzo, Lehendakaritzaren egoitzan, Maria Silvestrek, Emakundeko zuzendariak eta Arantxa Elizondok, erakundeko idazkari nagusiak, emakume adituen datutegia aurkeztu zuten, atzotik bere webgunean -www.emakunde.euskadi.net- eskuragarri dagoen zerrenda.
Ekimena sortzeko helburu nagusia «talentu femeninoaren galera saihestea» izan da; izan ere, lan eremuan gero eta emakume gehiagok erantzukizun maila lortzen duen arren, ez da errealitate hori islatzen komunikabideetan edo jarduera publikoetan.
Emakumeen ikuspuntuaren agerpena iritzi publikoan batzuetan nahiko eskasa da; Maria Silvestrek honela adierazi zuen atzoko prentsaurrekoan: «Askotan, eztabaida batean edota berbaldi batera joaten garenean, ikusten ditugu adituak hizketan, eta elkarrizketa oso maskulinoa izaten da, eta horrek ez du esan nahi emakume trebaturik ez dagoenik horretarako».
Aditu zerrenda osatzeko, Emakunde harremanetan jarri da 5 urtetik gorako lan-ibilbidea duten 1.000 emakume profesionalekin. Horietatik, 600ek eman dituzte datuak, eta 450ek baimena eman diote web orrian jartzeko.
Webguneko zerrendan, ikasketen arabera edo jarduera ekonomikoaren araberako bilaketa egiteko aukera dago. Bertan azaltzen da emakume bakoitzaren euskara maila, eta komunikabideekin harremanetan jartzeko edota formazio zein lan ekintzetan parte hartzeko daukan prestutasuna. Batzuetan bakoitzaren bizilekua zehaztu dute, eta helbide elektronikoa ere bai.
Zerrenda dinamikoa
Direktorioaren eraketan parte hartu duten emakumeen %93 lanean daude gaur egun, horien %4 baino ez daude langabezian. Galdetegiari erantzun dioten emakumeen artean, %84k ditu goi mailako ikasketak eta 55ek doktorego ikasketak bukatu dituzte.
Zerrenda osatzeko, emakume horien laguntzaz gain, hainbat elkarteren laguntza izan du Emakundek, batez ere nabarmentzekoa izan da arloz arloko elkarte ofizialen lankidetza, Arantxa Elizondok azaldu zuenez, «era horretan irits gintezke lanbide bakoitzean jarduten duten emakumeengana». Nolanahi ere, zerrenda hau dinamikoa izatea nahi dutela adierazi dute, eta bertan agertu nahi duten emakumeek Emakundera jo dezakete, beren datuak gehitzeko.