GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA I Literatur kritikaria

Hiritartasuna (III)

p055_f02.jpg


 

Zerk definitzen du hiritartasuna? Zeren arabera erabakitzen du batek nor den eta nor ez den hiritar? Hiritartasunak, hitzaren zentzu hertsian, komunitate jakin bateko kide izatearen egoera adierazten du. Kontratu sozialaren teoriaren arabera, hiritartasunak eskubideak eta ardurak dakartza. Eskubide eta ardura horiek zeintzuk diren, horretan dago eztabaida. Ardurei begira, hiritartasun aktiboaren arabera, hiritarrak gizartearen hobekuntza izan behar du helburu. Hots, bere herrikideen bizimodua hobetuko duten jardueretan, dela politikoak, dela ekonomikoak, dela borondatezko lana, parte hartu behar du. Eskubideei dagokionez, Mendebaldean haien definiziorako lehen urratsak Frantziako Asanblada Nazional Eragileak eman zituen, 1789ko abuztuaren 26-27an, «Déclaration des droits de l'homme et du citoyen» ezagutzera eman zuenean.

Dokumentuaren arabera, bakoitza gizakia eta hiritarra da aldi berean. Eskubide naturalen doktrinari jarraituz, testuak giza eskubideak unibertsalak direla esaten du: edozein garaitan eta edozein tokitan aplikagarriak dira, giza naturaren parte dira. Gizarteko «kide orori» zuzenduta egon arren, dokumentuak ez die behin ere emakumeen eta esklabuen eskubideei aipamenik egiten. Izan ere, testuak «gizon» hitza «gizaki» hitzaren sinonimotzat erabiltzen du, eta gizon guztiak gizakiak diren arren, gizaki guztiak ez dira gizonak. Hortik 1791n, Olympia de Gougesek «Déclaration des droits de la femme et de la citoyenne» idatzi izana. Testuak, funtsean, agerian utzi zuen hiritartasunari dagozkion eskubideak definitu aurretik, «gizatasun» kontzeptua bera zehaztea beharrezkoa dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo