GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Madalen Eguna

Teila uretara jaurti, eta Bermeon, Elantxoben eta Mundakan jaiak gora egiten du

Idurre bideguren Bermeoko alkateak tradizioa bete du. Izaron Bermeoko ikurra eta ikurrina jarrita, uretara jaurti du teila. Lehenagotik baina, jaia nagusi Bermeon, Elantxoben eta Mundakan.

p048_f01_336x176.jpg

Nerea GOTI
 

Madalen eguna, eta goizeko hamarretan, urdina da nagusi Bermeon: itsasoaren urdin bizia, kalean dabiltzan guztien mahonezko jantziak edota jantzi urdin ilunak, Urdaibai arraun taldearen aldeko balkoietako ikur urdinak. Bermeotarren lepoan, ohiko zapi koadroduna. Hau guztia ere bada tradizioa, eta honetan indarra egiten du Udaleko Kultura Sailak, kanpotik goazenok ere usadioari jarrai diezaiogun. Sanferminetan ez dugu egiten ala?

Aurten, gainera, diseinu bereziko arrantzale jantziak eta apaingarriak aurkitu genituen, “Gabrek” firmakoak, Idoia Gabantxok diseinatu eta josten dituenak.

Eguerdia hurreratu ahala, minutu bakar batzuetan, joan-etorrien erritmoa bizkortu da. Pisu handiko izotz kutxak, platerak, lapikoak, alde batera eta bestera. Dagoen usainagatik, tortilla egin berri ugari sumatzen ditugu aluminiozko paperaren azpian. Kontuz ibili behar, zorura begira, ontzietara daramaten bide estuetatik igarotzeko.
Jai luzea da Madalen egunekoa, eta «ez da ezer falta behar» dioskue ontzi batetik, eguzkitarako kremarekin azala igurtzi bitartean. Goiza lainotsu eta fresko agertu arren, dakitenek ondokoei ohartarazten: «Eman beldur barik, itsas zabalean eguzkiak min handia eman dezakeelako».

Madalenak eta sanferminak
“Olatua” izeneko ontzi txikian, Urtzi, Iñigo eta Unai aurkitu ditugu; hamabi lagunentzako tokia dute. Urteak daramate jaian parte hartzen. Lagun baten hitzak errepikatuz, jai honen garrantzia nabarmendu digute. «Urtean huts egin ezin diren hiru hitzordu daude: Madalen eguna, sanferminak eta laneko mediku azterketa». Egia esan, Iruñeko jaiak sarritan aipatzen dira, madalenen parean jarrita. Garai batean atzerritar asko hurbiltzen zen Elantxobera. Bakarren batzuk ikusi digute guk ere; Bermeon bertan, lau paristar ontziren batean tokia bilatzen ari ziren.

Jaian, funtsean, ez dute aldaketarik ikusi, bai ordea Elantxoben. «Lehen jende asko etortzen zen, Interneten ‘La fiesta del sexo y del kalimotxo’ esanez saltzen zutelako». «Gaur egun askoz herrikoiagoa da», azaldu zuten hiru gazteek.

Aldaketa gehiago ezagutu du Angel Ugarte bermeotarrak. Gaztetan bizitakoa «politagoa» zela dio. Kontuan hartu behar da, «orduan ‘bapora’-k zirela, Madalen egunerako etortzen ziren itsasotik, sanpedrotan edo sanroketan bezala, eta herriko jendea portuan zain izaten zituzten». Adineko emakume batzuek ere gogoan dituzte garai hauek.
«Itsasontziak etortzen ziren eta jairako apaintzen ziren. Ikurrina ipintzen uzten hasi zirenean, orduan ikurrinak ipintzen genituen leku guztietatik».

Gaur egun, ikurrinak nagusi dira; piraten ikurren bat eta aldarrikapena ere bai. «Talapeko eskailerak konpondu» zioen batek.

Gaur egun ia ez da umerik ikusten. Lehen, berriz, familia asko itsasoratzen zen umeekin. Gutxi batzuk ikusi ditugu, eta igeri-jaka jarrita. Mundakan, itsasontziak hondoa jo eta susto ederra hartu zutenekoa ere kontatu digute. Sekulako sustoa, hori baino ez zen izan azkenean.

Txistuen doinua entzunda, pasadizoak kontatzeko tartea amaitu da. Udalbatza hurbilduz, itsasoratzeko ordua iritsi da. Aurten, lehenengo aldiz 18 eta 35 urte bitarteko bermeotarrei agintarien itsasontzian joateko aukera eman du Udalak, zozketa eginez. “Almikeko Ama”, udal agintariak daramatzan ontzia ere zozketa baten bidez erabakitzen da.

Txupinak, txistuak, ontzien bozinak eta irrintziak airean, “Almikeko Ama” itsasora irten da, dozenaka ontziren artean.

“Almikeko Ama”-n, Idurre Bideguren alkatearekin eta zinegotziekin batera, Bermeoko lehengo alkatea ikusi dugu, eta lagun ezagun batzuk, Pello Urizar edo Jone Goirizelaia, besteak beste.

Elantxoberako bidean, Izaron gelditu dira agintariak tradizioa betetzeko. Bermeoko ikurra eta ikurrina jarri ostean, Bidegurenek teila uretara bota du, esaldi ezaguna esanez: «Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak». Hortik aurrera, ohiko jai algara, eta Elantxoberantz. «Oso hunkigarria izan da momentu hori, itsasontzi guztiak aurrean zain ikusita, teila noiz botako» azaldu dio GARAri Bidegurenek. Elantxobeko ekitaldien ostean, giro ezin hobean ikusi dugu dantzan eta kantari lagun ugariren artean.

Ibarrangelutik aurrera ibilgailuei sarbidea debekatuta, ibilaldi ederra egin behar izan dute kanpotik joandakoek, bereziki gogorra botila handiz beteriko poltsak dakartzaten gazteentzat. Eta Elantxobera helduta, musika eta jai giroa nagusi, baina garai bateko gehiegikeriarik gabe.

Jose Mari Bilbao Babes Zibileko kideak azaldu duenez, ontziekin zaindu beharreko neurriez gain Bermeon ez dute arazo gehiegirik izaten, «mozkorren bat izaten da,  baina itsasoan ez da desfaserik izaten». Elantxoben ere lasai ikusi digute DYAko laguntzaileak. «Garai batean askoz jende gehiago etortzen zen, eta arriskua ere horren neurrikoa izaten zen», azaldu digutenez.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo