GARA > Idatzia > Kultura

udate: NOLA ALDATZEN DIREN KONTUAK: donibane garazi

Turista dantza

p044_f01.jpg

Maritxu LOPEPE I

Uda. Donibane Garazik xinaurritegia dirudi. Negua erdi lotan pasaturik, primaderako lehen iguzki izpiekin iratzartzen da, pasaiako jendeari besoak irekiz -eta moltsak arinduz- tokikoak zainetan jartzen dituela usu.

Astelehena, merkatu eguna, prisa daukanak hautatu behar ez duena. Goizetik saltzaile ibiltariek erakusmahaiak puskez betetzen dituzte. Urte guzian etortzen direnei hamarnaka saltzaile berri gehitzen dira. Merkatu jendetsua dela Donibanekoa badakite. Azken urteetan oraindik gehiago. Krisia dela-eta, atzerrirat oporretarat zihoazen frantses anitz «Estatu frantsesean» gelditzen dira. Eta, duen atzerri gustu erromantikoarekin, Ipar Euskal Herriak kristoren arrakasta bildu du, telebistako erreportaje zonbaitek lagundurik.

Udako egun batzuetan, astelehenetan, edo eguraldi grisa denean, edo feria egunetan, pazientzia hartu behar da Donibane Garazi barnerat heltzeko. Auto metaketa herrian sartzean hasten da. Laster, parte batek Arnegiko bidea hartuko du, «benta espainoletarat» joaiteko. Besteek herriko karrikak gozatuko dituzte egun osoan.

Egia da argazki izigarri politak egiten ahal direla Donibane Garazin. Erromatar zubitik kamera agurtu ez duenik ez da. Laborari ator eta galtzak soinean eta boneta buruan duen aitatxi erne baten gurutzatzea ez da arraro, ondoan pasatzen zaiola japoniar laukotea, zakuak bizkarrean Compostelako bidean. Parte zaharreko karrika hertsi eta apainduen ikusteak balio du ere. Eta mendi ederrak ez dira urrun, ardi buru beltz ikusgarriekin.

Barnekoa ontzia bezain ederra ote da? Gure herria bisitatzen duten milaka jendeei zer eskaintzen diegu? Boneta gorriak, oroitzapenerako giltzatakoa, platera edo oihaleria, Txinan ekoiztuak baina lauburu eta ikurrinaz josiak. Donibane Garaziko bisita arruntak ez dio ibiltariari gauza handirik erakatsiko gure euskal izaite eta egoeraz. Ez diogu paradarik eskaintzen. Ez dugu denborarik hartzen horretarako. Herri hunek zerbait berezia badaukala badaki turistak, baina ezin pentsa nundik. Menturaz euskara pixka bat entzunen du hor edo hemen. Baina ez bozgorailuz osaturik den autoak zabaltzen duen mezuetan, «concours de vaches royales» edo «grand défi de pelote basque» oihukatzen duenean karriketan zehar, arratseko ikusgarrirat jendea erakartzeko. Ezta Herriko Etxeak jarri berri duen pantaila numeriko ederrean ere. Animazio ezberdinen programa zabaltzen du, ikusiko udazkenetik harat zer ukanen duen erraiteko...

Euskara nun dago Donibane Garaziko merkatuan? Parkerat buruz igan behar da, harresien ondoko merkatu estalirat. Han dira tokiko ekoizleak eta euskararen entzuteko xantza gehiena. Horiek bai urte guzian hor daude, neguan ere biziak segitzen duelako seinale.

Euskara bizirik, gazteen ahotan, Kalakan da entzuten, herriko ostatu euskaldunean. Beste zonbait bezala, urte guzian idekirik den taberna da. Beste lauzpabostek ateak idekitzen dituzte primaderako oporretan, beroketa gisa, udako sasoia gozatzeko gero. Uztail-agorrilean turisten moltsetik gizentzen dira: 2,60 euro Coca-cola, 1,80 euro kafea. Probetxu aski atera eta irail hondarrean berriz ateak hetsiko dituzte, batzuek urrian, «bordalesak» eta «landesak» etxeratuta, ehiza sasoia bukatzean. Baina mementoan denak a tope! Axoa edo «poulet basquaise» menuan, turistak elikatzen dituzte denek, denborarik galdu gabe tren turistikoaren abiatzeko ordua baita laster.

Beste tren bat heltzen da ere Donibanerat, «Zezette» deitzen zaio. Baiona lotzen du egunean hiruzpalau aldiz. Hau ez da topoa. Tipi-tapa doa. Sobera emeki eguneroko garraio publikoa izateko (ordubete eta 20 minutu, Baiona eta Garaziren artean!). Ikasleak, aizinatuak, auto gabeak eta turistak karreatzen ditu. Eta martxotik eta urria artean Compostelako ibiltariak etengabe. 12.45: Zezetta bete-beterik heltzen da eta segidan geltokiko karrikan lerro luzea abiatzen da hiri barnerat. Harrera eta beilariaren pasaporterako zigilua Zitadelako karrika gainean eskaintzen da. Manifa ttipi baten gisa, denek bide berdina hartzen dute. Han eta hemen, logelak alokatzen direla irakurtzen ahalko dute, moltsa arindurik bidea errexago segitzen ahalko dute bihar.

Udako egun batzuetan, ni bezalako Donibane Garaziko biztanleek herritik atera nahiago dugu, jende sobera, auto sobera, lotsarik gabeko turista arrunta sobera... Uda guzian soportatzea errexa ez dena, egun batez soporta dezakezue halere, sasoi huntan etorri nahi baduzue. Bestela hautatu uda hastapena edo irailetik harat; saltoki eta ostatuetakoak euskaraz mintzatzera behartu, Kalakatik pasatu, gasna artzainen etxean erosi (pankartak badira bide bazterrean), ikuspegiak goxatu, zinez herri ederrean bizi baigira! Udako giroa ez da arrunt txarra ere, aro eder eta umore onez, etorri herriko festetarat adibidez, agorrilaren 11tik 15erat, euskal giro eta turista dantza koktelaren jastatzera...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo