udate: KATE MOTZEAN: ALEX SARDUI
«Ez zait gustatzen egin behar diren gauzak egitea, libre ibiltzea gustatzen zait»
Hondartza ez du oso gustuko, ez udaran behintzat, are eta gutxiago eguzkiak bete-betean jotzen duenean. Musikaria izaki, udan ere gauak maite ditu, «askatasun gehiago» ematen dutelako. Oporraldi bakoitzak ezberdinak direla dio, eta oraintxe bertan, umerik gabe, «Euskal Herrian, Burgosen nahiz Kariben», liburu bat irakurtzen pasatuko lukeela astebete gustura asko.
Udak burura ekartzen dizun hitza edo adjektiboa?
Gogoa.
Eta usaina?
Garbia.
Parrandan ezinbestean dantzan jartzen zaituen musika?
Rock and rolla, bueno, eta dantzarako musika.
Udako gauak ala egunak nahiago. Eta zertarako?
Gauak. Askatasun gehiago ematen du gauez ibiltzeak eta ordutegirik ez edukitzeak. Neguan badago goizez ibiltzeko aukera nahikoa.
Hondartzan, eguzkitan ala itzaletan?
Itzaletan dudarik gabe, eta gauez hobeto. Hala ere, hondartza ez da nire leku gustukoenetarikoa. Hori bai, itzaletan eta zerbeza fresko fresko batekin hobeto egoten da.
Hondartzan ala mendian, MP3a ala irratia?
Mendian eta irratia. Bueno, egia esan, ez zait gehiegi gustatzen ez hondartza, ez mendia. Neguan hondartzak badu bere xarma, itsasoa, giro freskoa, jende gutxiago egoten da. Baina aukeran, mendiko haizea nahiago.
Egunkaria ala liburua?
Liburua.
Oporretan, erabat deskonektatuta, ala informazioari adi?
Deskonektatuta. Hamaiketakoa hartzerakoan egunkaria hartzen badut irakurtzen dut, baina pixka bat.
Telefonoa beti ondoan duzula ala noizean behin piztuz?
Noizean behin piztuta, nahikoa. Momentuan erabiltzen dut mugikorra, baina lasai ibiltzeko edo norbera erlaxatzeko, dudarik gabe, telefonoa etxean uztea hobeto.
Bidaiatzean, dena ondo lotuta eramatea gustatzen zaizu ala inprobisatzen ibiltzen zara?
Inprobisazioa gustatzen zait. Ez zait gustatzen egin behar diren gauzak egitea, libre ibiltzea gustatzen zait.
Maleta handia ala txikia?
Neurrian, batzuetan handia, besteetan txikia, zoazen lekuaren eta moduaren arabera.
Argazki-makinarekin gordetzen dituzu oroitzapenak, ala memoriaz fidatzen zara?
Memoriaz guztiz, nik ez nuke ez kamerarik ez ezerez eramango. Emaztea joaten da kamerarekin, baina ni ez.
Egin duzun oporraldirik bereziena?
Egingo dudana; egindakoak eginda daude, ez datoz bueltan. Egindakoak ezberdinak dira, momentu bakoitzean zirkunstantzia batzuetan egoten zara eta han disfrutatzen duzu.
Egiteko duzun ametsetako oporraldia?
Oraintxe... gustura asko pasako nuke astebete umerik gabe liburu bat irakurtzen. Berdin zait hemen, Euskal Herrian, Burgosen edo Kariben.
Udan huts egiten ez duzun urteroko zita?
Urtero Gernikan egiten dugun kuadrillen bazkaria.
Uda perfektu hura gogorazten dizun kantua/irudia?
Ez dakit ba... orain dela hiru urte edo «Maite Zaitut» abesti harek boom mediatiko handia lortu zuen Euskal Herrian. Kantu horrekin ederki pasatzen genuen denok edozein tabernatan edo edozein txosnatan entzuten genuen bakoitzean.
Inoiz irakurri eta erabat harrapatu zintuen libururen bat?
«El Clan del Oso Cavernario» edo «Los Pilares de la Tierra», lodiak dira eta liburu lodiak oporretarako aproposak izaten dira. Halakotan izaten duzu beta, hiru edo lau ordutan liburuan sartu eta asko disfrutatzeko.
Euskal Herriko giro politikoa deskribatzeko erabiliko zenukeen fenomeno atmosferikoa?
Haizearen norabidearen araberakoa. Oraingo haizea apur bat euskaldunagoa da.