udate I crítica
Guztiz gozatu gabeko betekada
Goio URIARTE I
Lehenik eta behin zorionak eman Jazzaldiko antolatzaileei, azkeneko urteetan, uztailean burutzen den garagardo izendun musika anitzen jaialdi honetan, zio ezberdinak direla medio, bestelako musika asko eta jazz gutxi programatzeko joera izan dutenean egurra eman diedan bezala, aurtengo egitaraua ikusita, paperean sekulakoa delako. Hortaz, guztiontzat, zorionak!
Egitarau interesgarri eta itxaropentsu honen lagin bat Alde Zaharreko San Telmoren berrikuntzarekin moldatutako Trinitate plaza edertuan burutu zen. Egun denik eta tronpetari berritzaile interesgarrienetakoa den Dave Douglasen Tea for 3 proiektu berriaz eta Abdullah Ibrahim pianista sentikorrak ekarritako proposamen gozoaz gozatzeko parada izan genuen plaza betetzerik izan ez genuen bertaratutako guztiek.
Menuko lehen platera proposamen berritzaile batek osatu zuen, Douglas egun denik eta tronpetari interesgarrienetakoak, jazzaren bide berriak jorratzen dituenak, gurean ditugun sukaldari berritzaileen antzera, proiektu anitz ezberdinetan, tradizioa eta bide berriak uztartzeko lanetan dabilenak. Europarrena den tronpetari estatubatuarrak behin baino gehiagotan aldarrikatu du Enrico Rava maisu italiarrarekiko duen begirunea, eta askotan esan harekin jotzeko aukera desiatzen zuela. Aukera bideratzeko, europar jazzean aitzindaria den Ravaz gain, aurreko bien sona ez duen Avishai Cohen Tel Aviveko tronpetari gazte interesgarriak osatu zuen hiru tronpetadun taldea, Uri Caine pianista iaioarekin, Linda Oh baxu-jotzaile gaztearekin eta Clarence Penn-en bateriarekin, luxuzko atal erritmikoaren laguntza zutela eta Neo Bop berrituaz betetako saio egokian.
Tea for 3 taldeak eskainitako saioan, besteak beste, «The Gulf», «Wag World», edo «Wired Up» eta «Invocation» piezak entzun genituen, eta Cane, Oh eta Penn trebeek egindako lan eskergaz baliatuz, jazz tronpetaren hiru ahotsek beren eginkizunak bapo bete zituzten eta beren gaitasunak argi azaldu. Douglasen gidaritzapean mahairatu zuten lehen platera, Ravak arimaz pipertua eta Cohenek bihotz gaztearen gatzaz prestatua bazen ere, tamalez, hotz gelditu zen, Jazzaldiko plater nagusia izan zitekeen proposamena ez baitzen borobil atera.
Bazkari handietan bigarren platera haragi edota arraina izaten da, Trinitate plazara bertaratutakoek gogoan zituzten Ibrahimek jaialdian emandako sesio gogoangarriak, eta bakarka hasi zuen saioa gogotsu entzuten hasi ginen denak. Beti bezain txukun, sentibera eta dotore hasi zen Hegoafrikako pianistak lehen abestiak bakarka jo zituen, «Green Kalahari», «Blue Bolero» eta jendeak oso gustura hartu zituen. Hala ere, artista handi honen mugarrietakoa den «The Mountain» zoragarriaren moldaketa ez zitzaidan gehiegi gustatu. Ondoren entzun genituen pieza ederren interpretazioak ez zizkidan aurrekoetan ikusitako saio gogoangarriak gogorarazi, nahiz eta lan hauetan musikari handiez osatutako Ekaya taldea izan, eta beren lana txukun egin zuten. Saioa gozoegi, leunegi, otzanegia iruditu bazitzaidan ere, maisu handiak bere jakinduriaren printzak oparitu zizkigun saioa amaitu eta gero. Saioan hitzontzi ibili zen, Trinitate plazako ikusleria «The Wedding» eta «John» gogoangarriekin mutu uzteraino. Souffleak behera egin bazuen ere, ezin ukatu Trinitatean izandako lehen jazz afariak zapore goxoa utzi zigula. Hurrengoek on egin diezagutela!