GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Arantza Sarasola eta Jagoba Zulueta | LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkaria eta Euskara idazkaria

Osakidetza: euskara ezinbestekoa

 

Patxi Lopezen Gobernuari koherentzia aitortu beharko diogu gutxienik. Euskarari garabide guztiak eteteko erabakia hartua daukatelarik, esparru guztietan aplikatzea erabaki dute. Enpresa pribatuaren alorrean lehenengoz enpresa batzuei hizkuntza betebeharrak ezartzen zizkien dekretua indargabetu du, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak izaera estetiko hutsera itzularaziz (horiek inoiz atzean utzi badira). Administrazio eta zerbitzu publikoen alorrean, bere obsesioa agerian uzten ari da etengabe, euskararen normalizazioari oztopoak eta atzerapenak gehituz. Irakaskuntza publikorako azken lan eskaintza publikoan jo zuten lehen aizkorakada gogorra eta, jadanik, euskarari neurririk gabe jotzeko lasterketari ekin dio «normaltasunaren gobernuak».

Izan, PSEren nahia hori delako, edo PPren eskakizun behinenetakoa izan delako, administrazio eta zerbitzu publikoetan euskarari eman nahi dioten lekuaren, garrantziaren eta etorkizunaren adierazgarria da Osakidetzako hurrengo lan eskaintza publikoa. Larria, alde batetik, neurria; baina, hori bezain larriak, argudioak.

Osakidetzako langile izateko euskararen eskakizuna gutxieneko mugaraino eraman du Bengoa sailburuak. Euskara profesional ona izateko oztopoa ez dela defendatzera eraman nahi gaitu itxuraz, hain zuzen ere, justu kontrakoa denean. Euskal Herrian ezinbestekoa da euskara ezagutzea profesional ona izateko, zerbitzu publiko eta kalitatezkoa eskaintzeko. Nekez uler daiteke -ez bakarrik kalitatezko bezala, publiko bezala ere- zerbitzu bat, milaka eta milaka herritar hizkuntzarengatik baztertzen baditu. Euskara jakitea Osakidetzan lan egiteko ezinbesteko gaitasun bezala ez eskatzea herri honen euskalduntze nahiari iseka egitea da. Hori nahikoa ez, eta orain arteko eskakizuna gutxienera murriztea Euskal Herriari egiten zaion eraso politiko eta linguistiko garbitzat jo behar dugu. Are gehiago, neurri isolatu bat izan beharrean, haien katean begi bat gehiago baino ez denean. Katebegi garrantzitsua, baina ez lehena eta ez azkena.

Neurri larria da, jakina. Bere ondorio berehalakoa zerbitzuaren kalitatearen jaitsiera izango da, euskaraz lan egiteko eta zerbitzua emateko gai izango ez diren langileei sarbidea emango baitzaie. Herritarren hizkuntz eskubideetan ondorio zuzena izango du, baita langileen hizkuntz eskubideetan ere, euskaraz lan egiteko eskubidearen gauzatzea urrundu egiten baitu. Epe erdi eta luzera ere ondorio garbiak izanen ditu: labur esanda, euskalduntze prozesuak atzerapen handiagoa biziko du, euskaraz ez dakiten langile gehiagorekin osasun zerbitzuetan euskara normaltzeak derrigorrez denbora gehiago, baliabide gehiago, diru gehiago eta lan gehiago eskatuko duelako. Ikuspegi ekonomiko batetik ere Bengoak zabarkeriaz jokatu du, epe erdi eta luzera kostu ekonomiko gehiago izango duen neurria hartu baitu. Badakigu, ordea, horren jakitun dela eta ez dela denbora asko pasatuko euskalduntzearen kostua gehiegizkotzat jo eta murriztu beharra dagoela adierazten duenerako.

Neurria bezain larria da arrazoitzeko emandako argudioa. Bengoaren aburuz, Osakidetzan euskararen normalkuntzaren erritmoa azkarregia izan da. Ez dugu artikulu labur batean azaltzerik, azken hiru hamarkada hauetan aurreratutakoa zein gutxi izan den eta zein geldoa izan den erritmoa. Baina, aipu txiki bat egin nahiko genuke: Osakidetzak berak duela urtebete eskas egindako barne ebaluazioak, argi eta garbi adierazten zuen euskalduntzeari zegokionean ez zela ia aurrera urratsik egin. Doi-doi, plaza ezberdinen hizkuntz eskakizunen aplikazioan ezarritako prozedura mekanikoek aldaketa txikiak ekarri zituztela, baina horrek ez zuela aldaketa kualitatiborik ekarri Osakidetzan. Osakidetzako euskara planaren porrota aitzindaritza politikoaren faltan kokatzen zuen ebaluazioak. Hau da, Osakidetzan euskarak ez du aurrera egin, Osakidetzako ebaluazio propio baten arabera. Eta horren erantzukizuna arduradun politikoena da, ebaluazio horren arabera. Ez da, noski, PSEren Gobernuaren ardura izan guztia (Bengoak badu bere partea, EAJrekin ere egon baitzen ardura postuetan), baina iraingarria da euskarak Osakidetzan izan duen garapen eskasa ikusita Osasun sailburua azkarregi goazela esaten entzutea.

Sektore politiko horiek dira, gainera, haur eta gazteak euskaldunak izan ez daitezen ahaleginak egiten dituztenak horretarako eskola ereduak mantenduz. Halaber, aurten Medikuntzako ikasleen aldarrikapenen bidez ezagutu dugunez, goi mailako ikasketa horiek euskaraz egin daitezen ezinezko bilakatzen dute, hain zuzen ere, kanpoko ikasleen etorrera bultzatzeko. Euskarari hesi berriak, orain artekoekin nahikoa ez delakoan. Gero, noski, euskaraz ez dakiten profesionalak daude aitzakia merke bezala erabiltzeko.

Euskal Herriak zerbitzu publiko kalitatezkoak behar ditu. Eta hala izateko, zerbitzu horiek ez dute hizkuntz bazterketarik ezarri behar. Gaur egun zerbitzu oro ematen da gazteleraz, eta, benetan publikoak izango badira, euskaraz ere eman behar dira. Egun egoera horretatik urrun gaude, are urrunago osasun zerbitzuen kasuan. Euskalduntzeak konpromiso irmoa eskatzen du, lidergo sendoa, politika argia eta eraginkorra eta baliabide nahiko esleitzea. Osakidetzak ez du bere existentzian horrelakorik ezagutu.

Euskal langileok behar dugun aldaketa politiko eta soziala ezinbestekoa dugu herritar guztien hizkuntz eskubideetan oinarritutako normalizazioa garatuko badugu. Langileok euskararen defentsa eta normalizazioaren erantzukizunari heldu behar diogu. Herritar guztiek askatasunez euren hizkuntzaz artatuak izateko, langileek naturaltasunez euskaraz lan egin ahal izateko. Langileek ezinbestean euskaraz jakingo duten zerbitzuak, erdaraz jakin behar izaten duten bezala (erdararen derrigortasunaz ez baita inor mintzo). Baina, halaber, langileen euskalduntzea baino, zerbitzuaren euskalduntzea bilatuko duen helburuaz lan egingo duen Normalizazio Plana behar du Osakidetzak. LABek horren aldeko deia egiten die langileei, beste sindikatuei eta eragile politiko eta sozialei.

Ezaguna da guda baten lehen biktima egia dela dioen esaldia. Hau ez da guda, baina gezurretan dabil Bengoa. Esan dezakeguna da PSE eta PP tartean daudenean, lehen biktima euskara izaten dela. Ez dezagun halakorik onartu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo