GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eraikinen arkitektura aztertuz, hauen xarma bilatzea izan dute helburu udako ikastaroetan

Miramar jauregian burutzen ari diren EHUko Udako Ikastaroetan, molde ezberdineko gaiak tratatzen dituzte. Horien artean kokatu behar dugu «Auzoak, etxebizitzak eta arkitektura ondarea», Lauren Etxepare Arkitektura irakaslearen ponentzia. Ikasgela leporaino, mugaz alde banatako adibideak jarriz, eraikinen arkitekturen inguruko solasaldia eskaini zuen.

p016_f01.jpg

Aimar ETXEBERRIA

Nahiz eta «arkitektura» bezalako hitzek pisu handia hartzen dutela iruditzen zaigun, ederki erakutsi zuen Lauren Etxepare EHUko Donostiako Arkitektura Goi EskolaTeknikoko irakasleak hitzaren beraren sakontasuna adierazten, uztailaren 26ko ponentzian. Ohiko hitzaldi monotonoetatik urrun, bertan zeudenak entretenituta mantentzeko abilezia erakutsi zuen. Bi zatitan banatu zuen hitzaldia, eta zati bakoitzean Bidasoaz alde banatako adibideak jarri zituen entzuleen gozamenerako.

Baionako ZUP auzoa aztertu zuen alde batetik, eta, bestetik, Bidebietako dorreak. Eraikinon xarma arkitektonikoa erakusten ahalegindu zen, biek ala biek baitituzte euren bitxikeriak. Bi eraikinok hartzen ditugu garapen arkitektonikoaren ondoriotzat, izugarrizko hazkunde ekonomikoaren testuinguruan agertu zirelarik. Etxepareren ustetan, garapen arkitektonikoaren erruz, ez gara gai garai hartako arkitektura ezagutzeko, eta, ondorioz, ez dugu modu egokian baloratzen arkitektura hura.

Nahiz eta garaiz ez egon hain urrun, bi arkitektura guztiz ezberdinak ziren Donostiakoa eta Baionakoa. Frantzian Errepublika batean bizi ziren eta Espainian diktadura baten pean. Nahiz eta ti-ta batean iruditu kontu horrek arkitekturarekin ez daukala zerikusirik, Etxeparek izugarrizko garrantzia ematen dio egoera politikoari arkitekturaz hitz egiterako orduan.

Baionako ZUP auzoko eraikinak 1959an eraiki zituzten. Proiektua bururatu bezain laster, etxebizitzak ahalik eta azkarren eraikitzeko asmoarekin, lehentasunezko zona izendatu zuten. Marcel Breuer izendatu zuten arkitekto; Etxepareren esanetan, arkitektura modernoko aitzindarietako bat zen. Nahiz eta hasiera batean eraikin gehiago eraikitzea espero zuten, azkenean zazpi dorre izan ziren altxatuak. Eraikinak programa osagarri batekin egin zituzten: kirol guneak, haurrentzako jolas guneak, saltokiak... 3.500 etxebizitza zeuden aurreikusita, 10.000 pertsonentzako. Aurrez aipatu hazkunde ekonomikoari, hazkunde demografiko garrantzitsua gehitu zion Etxeparek.

Frantziar Estatuak gerra ostean bizi izan zituen kalamitate guztiak txertatzen dizkio Breuerrek eraikinari Etxepareren hitzetan. Gerra garaian etxeek izan zituzten kalteei erantzuten ahalegindu zen Breuer, eta, arkitektonikoki oso bitxiak izan arren, irisgarritasunaren arloan hutsune handiak erakutsi zituzten eraikinok.

Garai bertsuan, 50 kilometro ingurura, testuinguru guztiz ezberdina zen nagusi. Etxeparek azaldu zuenez, ohiko eran altxatutako eraikinak dira Bidebietakoak, baina kontua da garai hartan kokatu behar ditugula Gipuzkoako lehen dorreak. Kasu honetan, eta Baionako ereduan bezala, hazkunde ekonomikoari hazkunde demografikoa gehitu behar zaio Etxepareren ustez. Hasiera batean 732 etxebizitza ziren egitekoak, 3.500 pertsonentzat pentsatuak. Horrek zera esan nahi zuen: Donostiak 2.000 lagun gehiago izango zituela dorreen ondorioz.

Eraikinon sorreran bi ezaugarri azpimarratu nahi izan zituen Etxeparek. Bere esanetan, poligonoak agertu ziren lehen aldiz eraikuntza arloan, eta, beste alde batetik, lehenengo plan bereziak jarri ziren martxan. Luis Alustiza izan zen eraikineko arkitektoa. Etxeparek kontu bitxi bezala aipatu zuen diktadura garai batean goitik behera joatea proiektuaren arkitektoaren izendapena.

Biziberritze prozesuak

Etxepareren esanetan, errotik heldu diote Baionako ZUP auzoko eraikinen biziberritze prozesuari. Berak uste du ondarearen kontuari tentu handiagoz heltzen diotela mugaz beste aldean.

Hainbat erakunde publikok hartuko dute parte biziberritze prozesua finantzatzeko orduan. Hizlariak aipatu zuenez, lehen aldia da Baionako zentrotik hain urrun dagoen zona bati hain gogotsu heltzen diotela. Eraberritze planaren plangintza ere zehaztua daukate. 2008an hasi ziren eraikinak berritzen eta 2013a jarri dute obrak amaitzeko data bezala. Etxepare ziur agertu zen datok bere horretan mantenduko dituztela esan zuenean. Auzunean bisitan izan zen Etxepare bera, eta, plangintzak eskuetan zituela, in situ ikusi ahal izan zuen obren epeak aurreikusi bezala betetzen ari direla.

«Eraberritze konbentzional bat» ari dira egiten Etxepareren ustetan, baina, aldiz, «biziberritze sozial bat» dute helburu. Hori horrela, etxebizitzak eraberritzeaz gain, ingurua osatzen duten eraikin sozialetan ere arreta jarriko dutela aurreratu zuen. Bizilagunen iritzia oso kontuan hartu dutela esan zuen eraberritze plana diseinatzeko orduan; «eurei galdetu zaie zer behar dituzten eta horren arabera hasi dira eraberritze lanak», aipatu zuen Etxeparek.

Donostia berriz ere hizpide hartzean, ordea, eraberritze lanak alde batera utzi eta Gipuzkoan aurkitzen ditugun dorreen inguruan jardun zuen. Argitu nahi izan zuen Gipuzkoako lehenengo dorreak ez zirela Bidebietakoak izan, Mutrikukoa baizik. 1958. urtean eraiki zuten, baina, aldiz, sute baten ondorioz erre zen. Dorre hura egin zuen arkitektoarekin hitz egin zuenean, dorreak egitearen arrazoi bezala aitzakiak besterik ez zizkiola jarri aipatu zuen Etxeparek. Bere esanetan, euren azken nahia dorre bat egitea zen. Gogoratu nahi izan zuen Bidebietako dorreak 1964. urtekoak direla.

Hizlariaren ustetan, eraiki zituzten aurreneko dorreetatik aurrera, lerdentasuna alde batera uzten eta gauza konbentzionaletara jotzen hasi ziren; «arazoak ekidin ahal izateko, konplexutasunik gabeko eraikinak egiten hasi ziren», aipatu zuen.

Nahiz eta gure herritik urrun beste hainbat lekutan ere dorreak izan, hemengo arkitektoek ez omen zuten kanpo eraginik izan. Dorreak eraikitzea euren iniziatiba propioa izan zela aipatu zuen Etxeparek, kanpoko egiturak ez zituztela ezagutzen; «imajinazioari aire eman eta dorreak egiten hasi ziren», gogoratu zuen.

Kontua da, sinplekeriaz jokatzearen ondorioz, irisgarritasunaren inguruko arazo denak uxatu zituztela. Horrek, ordea, beste arazo mota bat ekarri zien: energiaren arazoa. Etxepareren hitzetan, «garai hartan ez zen energiaren inguruko eztabaidarik izan, energiaz bikain hornituta baitzeuden». Alabaina, gerora agertu dira arazoak. Hizlariaren ustetan, Gipuzkoako dorreetan egin beharreko eraberritzeak energiaren arloan egin beharko lirateke, «asko baitago hobetzeko».

Eraikinak, arkitektura eta eraberritze planak ahoan, adi-adi mantendu zituen hizlariak arrazoi ezberdinak tarteko Miramar jauregian bildutako entzuleak.

Hormigoia izan du hizpide maialen sagarna irakasleak

Bere ponentzia hiru zatitan banatzen asmatu zuen Maialen Sagarna EHUko Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko irakasleak: lehen zatian, hormigoiaren agerpenaren inguruan jardun zuen; bigarrenean, berau hausteko edota pitzatzeko arrazoiak zein diren aipatu zituen; eta, azken zatian, hormigoiaren mantenuan lagun dezaketen faktoreak azaldu zituen. Hizlariak bikain azaldu zuen bezala, hormigoiaren agerpena mugarri bat izan zen eraikuntza materialen artean. Material ezin hobe bezala kalifikatu zuten hasiera batean, baina, Sagarnaren aburuz, denborak garbi utzi du material honek bere alde onak eta txarrak dituela.

Hainbat eratara izan da tratatua material hau historian zehar, eta diseinu aldetik ere aldaketak jasan ditu. Nahiz eta hasiera batean apurrezina zela uste zuten, Sagarnak aipatu zuen denborak ederki erakutsi duela material hau ere hainbat faktoreren menpe dagoela mantendu egoki bat izateko. Hainbat modutan izorra daiteke. Kasu batzuetan, giza eskua sartuz gero, hormigoiaren hondatzea saihestu edo gelditu izan ahalko genuke Sagarnak dioenez. Beste batzuetan, gizakiaz gaindiko fenomenoak dira materialaren hondamendian parte hartze dutenak.

Hala eta guztiz ere, gaur egun material honen inguruan daukagun jakintzarekin, lehen egiten ziren akatsak ezin direla errepikatu uste du Sagarnak. Material honek dituen ezaugarriak kontuan hartuta, eta material hau kokatzera goazen lekuko ezaugarriak aztertuta, era bateko edo beste tratamendua eman beharko geniokeela esan zuen. Bere ustetan, hori izan zen lehengo garaitan hormigoia erabiltzen zutenean egin zuten akats nagusia. Alde batetik, materiala ez babestea, eta, beste alde batetik, jarritako babesak materiala kokatu behar zuten inguruko ezaugarrietara ez egokitzea. A.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo