GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

J-Bay vs Fiji Batean eskas eta bestean bikain

Olatu eskasekin egin dute munduko surf txapelketa Jeffreys Bayn. Fijin ordea, azken bi hamarkadetako itsaskirik ederrena izan dute.

p034_f01_149x137.jpg

Haritz Larrañaga Altuna

Aurten, mutilen WCT zirkuitua hamaika probak osatzen dute. Urteko lehen zazpi hilabeteetan lau proba egin dituzte, eta datozen bost hilabeteetan, berriz, zazpi proba egin behar dituzte; beraz, aurrerantzean abiada hartuko du goi mailako zirkuituak.

ASP zirkuitua zertan den ikusteko momentu egokia da hau; geldialdi bat egin eta datozen hilabeteetan zirkuituak zein norabide har dezakeen hausnartzeko momentu egokia da, aurrerantzean gauzak arrapaladan gertatuko baitira.

Pasa den uztailaren 24an amaitu zen WCT zirkuituko laugarren proba. Hegoafrikan izan zen txapelketa, munduko eskuin olatu onenetarikoa duen Jeffreys Bay badian. Aurten, ordea, olatuak ez dira oso onak izan. Txapelketak iraun zuen hamar egunetan olatuak txikiak izan ziren, gehienetan txikiegiak, eta eguraldiak ere ez zuen batere lagundu.

Egun gehienetan txapelketa bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek, olatu faltagatik, baina nola edo hala moldatu ziren txapelketa egiteko. Lehen bi errondetan olatuak ez ziren handiak, metro eta metro eta erdi ingurukoak, baina olatuen kalitatea oso ona izan zen.

WCT zirkuitua osatzen duten txapelketak surf egiteko leku bikainetan egiten dira. Txapelketa egiteko data ere, olatu onak izateko sasoi onenean izaten da, eta badaezpada ere, hamar eguneko tartea izaten da, baina hala eta guztiz ere, batzuetan baldintzak eskasak izaten dira.

Finala egin zuten egunean, olatuak baziren, baina kalitate txarrekoak, eguraldi oso txarra egin baitzuen, euria eta haizea. Gainera, txapelketan zehar olatu gutxi izateak, olatuak agertzen ziren bakoitzean txandak bata bestearen atzetik egin beharra ekarri zuen eta hori oso nekagarria da surflarientzat.

Jordy Smith eta Mick Fanning iritsi ziren finalera. Fanning 2007an zirkuituko txapelduna izan zen eta Jordyk orain artean ez du zirkuituko koroa irabazterik lortu, baina aurtengo faboritoetako bat da. Bertakoa izanda, olatua aukeratzerako orduan biziago aritu zen Jordy Smith, 24 urteko surflari hegoafrikarra, eta txapela irabaztea lortu zuen, bigarren aldiz, iaz ere bera izan baitzen txapelketa honetako irabazlea. Finalean, bi lehiakideek erakutsi zuten edozein baldintzatan itzel surf egiteko duten gaitasuna, baina hegoafrikarrak olatu hobeak hartu zituen eta puntu gehiago biltzeko aukera izan zuen.

Mick Fanning australiarrak berriz, olatu on bakarra hartu ahal izan zuen eta puntuaketa altua lortu zuen, baina ez zuen behar hainbat puntu biltzeko bigarren olatu bat hartzea lortu. 2006. eta 2002. urteetan Fanning bera izan zen txapelketa honetako irabazlea eta hirugarren aldiz irabazteko aukera oso gertu izan zuen.

Horrela mintzo zen Mick Fanning uretatik atera ostean: «Baldintzak ez ziren batere errazak gaurkoan. Atzo hiru txanda egin nituen eta gaur beste hiru, finalean ia ez nituen besoak sentitu ere egiten. Jordy zoriondu nahi dut, surf bikaina egin dugu finalean eta horrek motibatu egiten nau. Hurrengo txapelketarako irrikatzen nago».

Jeffreys Bayko txapelketa amaituta, ranking orokorrean postuak aldatu egin dira. Gauzak horrela, momentuz Joel Parkinson australiarra da 2011ko koroa eskuratzeko puntu gehien dituen lehiakidea. Bere burua nola ikusten duen galdetuta, honakoa erantzun zuen Parkinsonek: «Egia esan, ez dut horretan gehiegi pentsatu nahi. Oraindik goiz da, laugarren lehiaketa da. Lehen ere izana naiz postu berean, rankingeko lehen postuan. Orain oso gustura nago nire surf taulekin eta egiten ari naizen surfarekin, hori da garrantzitsua. Nire begiak, hurrengo lehiaketan izango dudan lehen txandara begira dauzkat».

Azken txapelketa honetan, finalerdietan izan zen Parkinson, baina Fanningek kanporatu zuen. Mick Fanning eta Jordy Smith bezala, Parkinsonek bi bider irabazia du Jeffreys Bayko txapelketa, 2009. urtean eta 1999. urtean. Jeffreys Bayn txapelketa gehien lortu dituen lehiakidea ez zen azken lehiaketan izan, ordea. Kelly Slaterrek lau bider irabazi du txapela Jeffreys Bayn, baina aurten gustura zegoen surf egiten Fiji irletako olatuetan, eta Jeffreys Bayn ziren baldintza klimatologiko eskasak ikusita, nahiago izan zuen Tavaruako ur epeletan geratu.

Fiji Uharteetako Errepublika 332 irla baino gehiagoz osatuta dagoen nazioa da. Melanesian dago, Ozeano Barearen hegoaldean. Nazioa osatzen duten irletatik 110 irletan ez da inor bizi eta gainontzeko irletan barreiatuta 849.000 biztanle inguru bizi direla estimatzen da.

1970. urtera arte kolonia ingelesa izan zen Fiji, eta 1987ko irailean errepublika ezarri zuten. Ordutik, hizkuntza ofizialak ingelesa, fijiera eta hindustanera dira. Azken hau, batez ere indiar jatorriko biztanleek hitz egiten dute.

Fiji irletako hiriburua, Viti Levu irlan kokatutako Suva hiria da. Irla hau da, Vanua Levu izeneko irlarekin batera, azalera handiena duen irla. Viti Levu irlatik gertu Tavarua irla dago. Irla txikia da, 120.000 metroko azalera du. Orain gutxira arte jabego pribatua zuen, baina 2010eko uztailean lurzoruaren legedia aldatu zen, eta ordutik posible da irlako leku bikainetan surf egitea.

Restaurants eta Cloudbreak dira Tavaruako olatu ezagunenak. Koral uharteetan ohikoa den moduan, Tavaruan ere olatuak hondartzatik oso urrun lehertzen dira, kanpoaldeko arrezifeetan, eta ondorioz, bertaratzeko ia modu bakarra ontzian joatea izaten da. Irlatik taularen gainean arraun egiten ere gertura daiteke surflaria, baina irlan gutxieneko azpiegiturarik ez dagoenez, bisitariak beste irletako hoteletan izaten dira gehienetan.

Aurten, aspaldi izan den itsaskirik handiena izan da, eta surflari asko izan dira itzelezko olatuak hartzera bertaratu direnak.

Olatu handiak eta perfektuak izan dira. Azken asteetan surf aldizkari eta web orrietan hitzetik hortzera ibili da ia ahaztuta zegoen irla honen izena. Sekulako irudiak eman ditu azken itsaskiak; ezker olatu erraldoiak, garbi-garbiak eta tubo amaigabeak. Ez da harritzekoa Kellyk bertan geratzeko hautua egin izana.

Tavaruako olatuen irudiak nonahi ikusi ahal izan ditugun azken asteotan irla honen izena oraindik eta ezagunagoa egin duen albistea eman du Volcom arropa markak. Datorren urtean, 2012ko WCT zirkuitua osatzen duten txapelketetako bat bertan egingo dela baieztatu dute.

Munduko hogeita hamalau lehiakide onenak bilduko dituen txapelketa Cloudbreak-eko olatuan egingo da. Azken hiru urteetan ezin izan da bertan txapelketarik egin, aurrez aipatutako legediarengatik, baina 1999. urtea eta 2008. urtea bitartean ia urtero egiten zen txapelketa zen hau (2007. eta 2001. urteetan ez zen txapelketarik izan).

Gainera, bertako olatuen kalitate onagatik lehiakideek gustuko duten txapelketa da. Bi dira Tavaruako txapelketa birritan irabazi duten lehiakideak. Bata, Kelly Slater da eta bestea Damien Hobgood. Biak estatubatuarrak.

WCT zirkuituak Teahupoon egingo du hurrengo geldialdia. Fijiko olatuen oso antzerakoak dira polinesiar olatuak, beraz abuztuko azken astean, Fijin izan dena bezalako itsaskirik izaten bada, sekulako ikuskizuna izango da bertan ere, inolako zalantzarik gabe.

jordy Smith

Jeffreys Bayko txapelketa bertako batek irabazi du, iaz irabazi zuen lehiakide berberak, Jordy Smithek. Orain mutilen WCT zirkuituko sailkapen nagusian bigarren postuan dago, eta Joel Parkinson, finalerdietan kanporatua, rankingeko lehen postuan dago.

Kelly Slater

J-Bayko txapelketa gehienetan irabazi duen lehiakideak ez du parte hartu azken txapelketan. Slater Fijin zegoen sekulako olatuak hartzen, eta Hegoafrikan olatu onak izateko aukerarik ez zegoela ikusita, Melanesiako ur gozoetan surf egiten jarraitzea erabaki zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo