GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Ganorarik eza

SURFLARI ERNEGATUA

WCT zirkuituko azken txapelketan bi lehiakide garrantzitsuren hutsunea agerikoa izan da. Bata Dane Reynolds da eta bestea Kelly Slater.

Urte hasieran izan zuen lesio batek eragotzita, Reynoldsek aurten ez du txapelketetan parte hartu. Baina lesioak aitzakia hutsa dirudi; izan ere, estatubatuarrak surf egiten jarraitzen du, eta gainera, berriki Mexikon hartutako olatuen irudiak erakusten ditu.

Kelly Slaterrek berriz, ez du aitzakiarik jarri, Tavaruako olatu bikainak nahiago izan ditu J-Bayn izan dituzten olatu eskasetan lehiatzen ibili baino.

WQS zirkuituan lehian dabiltzanekiko errespetu falta dela esan dezakete goi mailako zirkuituan egoteko ahal duten guztia egiten ari diren lehiakideek, eta ez zaie arrazoirik falta. Baina, afera honetan interesgarriena zera da, maila altuena duten surflariak ganora gabe ikustea.

1969. urtean, Joey Cabell hawaiiarrak hainbat saihets hezur hautsi zituen Sunseten. Hurrengo egunean egin behar zuten Duke Clasik txapelketarako prestatzen ari zela, olatu batean erori eta arrezifea jo zuen. Ia arnasarik hartu ezin zuela joan zen medikuarengana. Edonola ere, Joeyk, lehiaketan parte hartzeko asmoa zuen.

Sabela eta gerrialdea bendatuak zituela agertu zen txapelketan. Itsasoratu aurretik, sendagileak anestesia ezarri behar izan zion minari aurre egiteko. Arraunkada bakoitzean min keinua egiten zuen Cabellek, baina hiru olatu onenak hartu eta txapelketa irabazi zuen. Sekulako ikuskizuna izan omen zen.

Paradoxikoki, Joey Cabell eta bere aurkariak ez ziren surflari profesionalak, ez zuten egungo surflari profesionalen antzera, hileroko diru saririk jasotzen. Egungo surflari profesionalak berriz, behin goi mailako postuak eskuratuta, erlaxatu egiten dira, antza ez dute tamainako erronkarik aurkitzen, aspertu egiten dira. Eta ikusleok ere, aspertu egiten gaituzte.

Ikusle gisa, WQSko lehiakideek eskatzen dieten gauza bera eskatu beharko genieke profesional horiei. Begirunea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo