GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SOKATIRA | Euskal Herriko Txapelketa

Azken tiraldira arte ezin izan du txapelik lortu Gaztedik

Laukizkoak puntu bateko aldearekin heldu ziren amaierako jardunaldira, baina Goiherri nagusitu zenez, kitarako hiru tiraldiak jokatu behar izan zituzten.

p033_f01_250x149.jpg

Jon LEUNDA

Gaztedik eraman du 560 kiloko txapela, baina Laukizkoek azkeneko tiraldira bitarte itxaron behar izan zuten. Hortxe menderatu ahal izan zuten Goiherri, eta denboraldiko bigarren garaipen handia eskuratu ahal izan zuten.

Kirolean emozioa nahi izaten da, eta horixe eskaini zuen 560 kiloko azkeneko jardunaldiak. Aldi berean, bera zen aurtengo denboraldiko amaierako ekitaldia ere.

Azken txanparen aurretik, Gaztedik puntu bat kentzen zion Goiherriri. Lehen jardunaldian nagusi izan ziren, eta bigarrengoan berdinduta amaitu zuten. Gauzak normal joanda, bi taldeek gainerako guztiak mendean hartu behar zituzten, eta horixe gertatu zen. Beraz, bien arteko dema erabakigarria zen, eta hori Goiherrik eraman zuen. Lehen tiraldiak 13 minutu iraun zituen, eta, bigarrenak, berriz, 10 minutu eta erdi.

Beraz, jardunaldia amaituta, Laukizkoak eta Erandiokoak sailkapeneko lehen postuan berdinduta zeuden. Azkeneko jardunaldia zenez, eta txapela nork jantzi erabaki behar zenez, kitarako saioa jokatu beharra zegoen. Hor ere emozioa gainezka izan zen, eta azkeneko tiraldira bitarte itxaron behar izan zen txapelduna zein izango zen jakin ahal izateko.

Kitarako lehen tiraldia Gaztedik eraman zuen 9 minututan, eta garaipena lortzeko lehen urratsa eman zuen. Goiherri ez zegoen, ordea, gauzak erraz uztekotan, eta bigarren tiraldia irabazi zuen 8 minutu eta 43 segundotan. Beraz, berriro ere berdinketa, eta hirugarren eta azken tiraldia egin behar. Hor Gaztedi nagusitu zen, eta horrek txapela lortzeko balio izan zion; Goiherri, aldiz, bigarren postuan geratu zen.

Emozioa ez zegoen, ordea, lehen posturako bakarrik, hirugarren postua ere erabakitzeko baitzegoen. Horretarako aukerekin Goiherri B eta Getxo zeuden. Hemen ere gauzak aurretik nahiko garbi zeuden. Normalena biek irabazi behar zieten Gaztedi mistoari, eta biek galdu behar zuten aurreko bi taldeekin. Beraz, bien arteko demak erabaki behar zuen auzia; aldiz, gauzak ez ziren horrela joan.

Goiherri B taldeak Gaztedi mistoa menderatu zuen, baina Getxok berdindu egin zuen Gaztedi mistoarekin. Azken horiek pisu honetako tiraldi bakarra irabazi zuten. Goiherri B taldeak, gainera, Getxori ere irabazi egin zizkion bi tiraldiak, eta, hala, hemen ez zen lehen posturako egon zen emozioa bera egon. Azkenean, Goiherri B izan zen hirugarrena. Erandiokoek plazaratutako bi taldeak podiumean sartzea lortu zuten, baina bietako inork ezin izan zuen lehen postua lortu ahal izan.

Lur gaineko aurtengo txapelketa inoiz baino orekatuagoa izan da, izan ere, azkeneko urte hauetan Goiherri jaun eta jabe izana zen; aurten, aldiz, bakoitzak bina txapel lortu ditu. Erandiokoak nagusi izan dira 680 eta 640 kiloko txapelketetan, eta, Laukizkoak, berriz, 600 eta 560 kilokoetan.

Aizkora

Gaur 17.00etatik aurrera jokatuko da Getxon Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako jardunaldia. Bertan, Atutxa II.a eta Rekondo lehiatuko dira. Buruz buru bakarkako ligaxkan lehiatu ziren azken aldiz, eta, orduan, bizkaitarrak garaipen erosoa lortu zuen.

Hona hemen izango dituzten lanak: zeinek kolpe gutxiagotan kana-erdiko bat moztu, tamaina bereko enborra erlojuz kontra erdibitu, 45 ontzakoa zutik moztu, 60 ontzakoa zeinek azkarrago ebaki, 45 ontzako bat zutik eta beste bat etzanda erdibitu, eta, azkenik, lau kana-erdiko moztu.

Orain arte aizkolari bakoitzak saio bana jokatu du, eta emaitza oso ezberdinak izan dituzte. Atutxak jokatutakoan garaipena erdietsi zuen, eta Rekondok, berriz, bat jokatu eta hura galdu egin zuen.

Berdinketa

Gaztedik eta Goiherrik berdinduta amaitu zuten ligaxka. Kitarakoan ere berdinduta amaitu zutenez, azkenean tiraldi erabakigarria jokatu behar izan zuten.

Hirugarrena

Goiherri B taldea sailkatu zen hirugarren postuan. Kontrakoa espero bazen ere, Erandioko bigarren taldeak ez zuen podiumean sartzeko inolako arazorik izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo