GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Tik-tak, bizitza zain daukat

Hura ez zen besteak bezalako eguna izango. Urtetako nagiak ateratzeko nahikoa denbora hartuz, bere biharamuna irudikatu zuen, eta zirrara batek zeharkatu zuen oin puntetatik begi-ninietaraino, urtetan itsu egondakoak erabat zabalduz eta argituz. Egun hura mugarria izango zen, Luziaren bizitzako mugarria. Hainbestetan buruan baino ez egindako maleta egin, lau gauza bildu -izan ere, barrua lehertzeko eta berriz eraikitzeko ez da gehiagorik behar- eta agurrezko oharrik eta inolako sentimentalismorik barik azkenekoz itxi zuen etxe hartako atea, gogorki itxi ere. Han geratuko ziren urtetako zalantzak, ezinaren dezepzioa, harreman antzuaren arrasto ustela, maite ohiaren hitz eta begirada hotzak, loak hartu ezinezko ordu luzeak, eta mingarriak, amets bete gabeak eta familia baten eta bestearen aholkuak, zuzentarauak eta beragan jarritako itxaropenak. Baina, batik bat, han geratuko zen ez aurrera ez atzera hainbeste denboraz geldi mantendu zuen beldurra.

Jada barkatua zion bere buruari hainbeste denbora galdu izana, eta egun aitortua zion alferrikako denbora baino beharrezko aldia izan zuela. Denbora behar baita gauzez jabetzeko, sentimenduen eta barneko aldaketa txiki eta etengabeen norabidea hautemateko; denbora nork bere buruari egia esan eta egia horiek onartzeko; denbora horri guztiari forma eman eta erabakiak hartzeko; denbora erabakiak aurrera eraman eta gauzatzeko. Finean, batek nor den eta zer nahiko lukeen, edo zer ez, behintzat, aspaldi ahaztu dituenean, besteentzat bizitzen ari dela ohartutakoan, denbora behar da barruan ordena jarri eta kemena berreskuratzeko, besteen sentimenduen gainetik norberarenei jarraitzen ikasteko, kulpa eta harrak menderatuta bizi gabe. Betea zuen denbora hori, baina, bukatu ziren inertziaren eta erabakiak geroko uztearen garaiak, besteen epaien beldur bizitzearenak. Orain bazuen plan bat; bazekien mingarria izango zela eta sufrimendua ekarriko ziola, besteen ulertezintasunak, gaitzespenek eta erreguek hari-harian jar zezaketela, eta jarriko zutela, baina norberarekin zintzo jokatzen aritzearen irmotasuna zuen orain, eta horri heltzeko barne-bidaia, plana, helmuga.

Lau gauzaz betetako maleta lagun, Fisterra xede. Dena bukatu eta dena hasten den lekua, munduaren bukaera eta hasiera izan daitekeena, magiaz jositako lur-puska. Bertan egon nahi zuen zutik, itsasoari begiratuz bere buruari entzuten, eta laztantzen, besteen nahiak eta beharrak amildegian behera botata etorkizunari garbi eta aurrez aurre begiratu ahal izateko. Costa da Morte behar zuen planaren agertoki, zein leku hoberik Luzia besterendua akabatzeko eta Luzia burujabea sortzeko. Fisterran utziko zituen aitzakiak, izuak, frustrazioak eta malkoak. Bertako urperaketa guztien ondoan.

Emozioz beteta, maite ohiaren autoa hartu -hainbeste urtetako dedikazioaren ondoren hori zor zion gutxienez- eta bere bizitzako muga-egunean sartu zen ziztu bizian, 2011ko abuztuaren 1ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo