GARA > Idatzia > Kultura

Bi gazte atxilotu dituzte besten azken eguneko elkarretaratzean

Iruñea eta Baionaren arteko senidetze eguna izan zen atzokoa Lapurdiko hiriburuko bestetan. San Andres plazaren eta herriko etxearen arteko urteroko agintarien desfilearen karietara elkarretaratzea deitua zuten egitarau alternatiboaren baitan. Elkarretaratzeak polizien eraso bortitza jasan zuen, eta Unai Arkauz eta Gilen Goiti gazte angeluarrak atxilotu zituzten.

Ainize BUTRON | BAIONA

Baionako bestak atzo amaitu ziren. Hori dela eta, mundu zabaleko zein hurbileko errealitatea ahantzi eta bost egunez Baiona bigarren edo laugarren dimentsio batean sartu duten besten azken orduez gozatzeko herritar ugarik hartua zuten hitzordua Lapurdiko hiriburuan.

Baina errealitate horretan, ustekabean, beste bat ere piztu zen. Atzo, urtero bezala, Iruñea eta Baionaren arteko senidetze eguna ospatu zen. Goizean, San Andres elizan banda guztiak elkartu ohi dira beraien ohoretan antolaturiko mezan parte hartzeko. Eta, atzo, berriz ere, urteroko irudi hori errepikatu zen. Ondotik, desfilean, Iruñeko eta Baionako udaletako ordezkariak Lapurdiko hiriburuko herriko etxerako bidea hartzen dute milaka ikusleren artean. Behin bertara helduta, Leon erregearen azken esnatzea egin ohi dute.

Atzokoan, aldiz, zeremoniak itxura ezohikoa hartu zuen. Baionako gazte talde batek, aurtengo jaietan antolaturiko egitarau alternatiboaren baitan, elkarretaratzea deitua zuen 11.30ean San Andres elizaren aitzinean «UPN torturatzaile» leloarekin. Elkarretaratzeak 40 bat lagun elkartu zituen, eta, herriko etxerantz zioan desfilea jarraitzen hasi zirelarik, polizien eraso bortitza jasan zuten.

Manifestaldiarekin jarraitzea erabaki zuten, halere. Orduan, CRSek zein kalez jantzitako poliziek eraso egin zieten berriz ere gazteei. Kolpeak, oztopoak pairatu zituzten gazteek eta arma batekin ere mehatxatu zituzten. Polizia batek, izan ere, arma atera eta gazte bati tripan jarri zion lasaitzeko eskatuz.

Beste bi gaztek buruan zein gorputzean kolpeak jaso zituzten. Istiluek manifestaldia Baionako Salie karrikara heldu arte jarraitu zuten, eta, bertan, berin baten aurka pusatu ondoren, Gilen Goiti eta Unai Arkauz angeluar gazteak atxilotu zituzten.

Arratsaldean, 18.00ean, erasoa salatzeko manifestaldia izan zen. «Atxilotuak askatu» leloa zabalduz, Patxa plazatik abiatu eta polizia etxera bitarteko desfilea egin zuten.

Presoen aldeko bazkaria

Gertatutakoaren ondoren, atxiloketen gaia izan zen hizpide nagusia atzo eguerdian Patxa plazan egin zen presoen aldeko bazkarian. Mila bat lagun elkartu ziren bertan, urtero egin ohi den hitzorduan.

Bazkariaren ondoren, manifestaldia abiatu zen. Bitartean, atzo, Baionara hurbildutako milaka herritarrek besta egiten jarraitu zuten. Goizeko desfilea eguerdian herriko etxearen aitzinean bukatu zuten, eta, bertaratu bezain laster, guztien txalo eta animoek Leon esnatzea lortu zuten. Atzoko bitxikerien artean, goizean egindako yoga saioa nabarmendu zen. Duela hiru urte sartu zuten egitaraua ofizialean, bestazaleei, Baionako eliza denetan egiten diren mezetatik kanpo, espiritualtasuna lantzeko aukera emateko.

PATXOKI

Patxoki ostatua urtetan ezagutu dutenek hitzordu garrantzitsua izan zuten atzokoan, ostatuaren azken gaua ospatu baitzen. Goizaldera arte ehunka lagun elkartu ziren bertan, azken musika doinuez gozatzeko.

Leon erregea gauerdian lokartu zen

Bestetako azken egunean ere bazen gozatzeko: euskal kantu eta dantzak biltzen dituen Karrikaldia, jazz kontzertuak, gazteei zuzenduriko Gazteszena, dantzaldiak... Baina, joan den asteazkenean bestak hasi ziren bezala, itxiera zeremoniaren ordua ere iritsi zen azkenean gauerdian. Horrenbestez, eguerdian azken aldiz hiria begiratzeko aukera izan zuen Leon erregea loaldi luze batean barneratu zen datorren urteko jaiak iritsi arte. Milaka lagun elkartu ziren plazan Leon erregeari azken agurra egiteko, eta, ondotik, su artifizialak ikusteko aukera ere izan zuten. Halere, askok azken unera arte besta egitea erabaki zuten.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo