GARA > Idatzia > Euskal Herria

Jaiki Hadik gaixo dauden beste lau presoren egoera latza nabarmendu du

p014_f03.jpg

GARA |

Jaiki Hadi-k beste lau euskal preso politikoren osasun egoeraren berri eman du, elkartearen helburua egoera larri horien berri ematea baita. Adierazi dutenez, lau presook ez dute asistentzia mediko duinik jaso. Ibon Fernandez Iradi, Mikel Izpura, Unai Parot eta Aitor Fresnedo euskal preso politikoei ukatu diete eskubide hori, hain zuzen. Baina lau hauek ez dira bakarrak.

Behin eta berriz salatu izan da euskal preso politikoek jasaten duten espetxe politika krudela. Sakabanaketa, bakartzeak, presioak eta senide eta lagunekin komunikatzeko eragozpenak dira frantziar nahiz espainiar estatuek euskal preso politikoei ezartzen dizkieten neurri errepresiboak.

Elkarteak salatu duenez, neurriak justifikatzeko segurtasuna erabiltzen dute aitzakiatzat espetxeek maiz, eta kartzelaz kanpoko ospitaleei ere bota izan diete errua. Arreta duina jasotzen ez duten presoen osasun egoerak okerrera egiteko arriskua duela kontuan hartu behar da gainera.

Kasuak, banan-banan

Ibon Fernandez Iradi urtarrilean hasi zen aurreneko sintomak antzematen. Geroztik, zazpi hilabetean bere osasunak okerrera egin du. Elkarteak jakinarazi duenez, ez diote ez probarik ez diagnostiko zehatzik egin hilabeteotan. Presoa Valdemoroko kartzelan dago. Oinaze bizia du eta bi hankak eta urdailaldea ditu hartuta. Oinetako behatzen lokartzea eta besoen mugikortasun mugatua ere pairatzen ditu. Ondorioz, ibiltzeko eta esertzeko arazoak ditu eta, beraz, ezin du atsedenik hartu. Hesteak ere ukituak ditu.

Fernandez Iradik behin baino gehiagotan eskatu die espetxeko arduradunei beharrezko probak egin diezazkiotela diagnostiko zehatz bat lortu ahal izateko. Bere senideek ere espetxeko zuzendariarekin hitz egiteko saiakerak egin dituzte, baina ez dute ezer lortu. Presoaren konfiantzazko medikuak espetxeko zerbitzu medikoei honen egoerari buruzko azalpenak eskatu dizkienean, jaramonik ez diotela egin salatu dute.

Mikel Izpura iruindarra da osasun egoera kaskarra izanik behar duen laguntza medikoa jasotzen ez duen beste euskal preso politiko hauetako bat. Zehaztu gabeko hipoakusia mistoa (entzumena galtzea) du eskuineko belarrian, eta horren aztarnak ageri zaizkio ezkerrekoan. Hipoakusia kasu honen arrazoiak argitzeko 2008an, 2009an eta 2011n, aldi baterako Iruñeko espetxera lekualdatu zezaten eskatu zuten, -Izpurua Badajozen dago-, Nafarroako Ospitaleko otorrinolaringologiako espezialistekin aurretik hitzartuta zeuden hitzorduetara joan ahal izateko. Eskaera guztiak ukatu dizkiote.

Unai Parot baionarrak eboluzio luzeko hiperplasia prostatikoa du, senideen artean aurrekariak ditu gainera. Cadizeko Puerto III kartzelan hematuria -odol isuria gernuan- garrantzitsua izan ostean, urologiako espezialistarekin kontsulta ahalbidetzen saiatu ziren behin eta berriz, gaitz gaiztoa izan ote litekeen baztertzeko, baina ez zuten deus lortu. Presoaren konfiantzazko medikuari «lehentasunezko kontsulta» gisa izendatu dutela baina itxaron zerrendan atzerapena dagoela erantzun izan diote espetxeko medikuek. 2010eko abuztuan eta 2011ko apirilean jasotako erantzunak dira. Presoari arreta ukatzen diotela kontuan hartuta, eta bere osasun egoera dela-eta, konfiantzazko medikua Puerto Real Ospitalearekin jarri zen harremanetan, baina bertako arduradunek urologia kontsultarako eskaerarik ez zutela baieztatu zioten.

Aitor Fresnedori dagokionez, 2010eko otsailetik hernia inginalaren ebakuntzaren zain dago, zirujauak ebakuntza egiteko zerrendan jarri zuenetik alegia. Urtebete baino gehiago igaro ostean, txanda pasa zaio eta itxaron zerrendan hutsetik hasi behar du berriro ere.

Espetxeetan kasu hauek uste baino ohikoagoak direla salatu du Jaiki Hadik. Lau euskal preso politiko hauen egoerak argi eta garbi islatzen du kartzeletako medikuen jarrera.

Bestalde, euskal preso politikoen egoera salatzeko Egin Dezagun Bidea ekimenak manifestazio nazionala antolatu du irailaren 17rako, Donostian. 17.30ean abiatuko da Antiguako tuneletik. «Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira» lemapean zeharkatuko ditu hiriko kaleak.

ONDARROA

Ibon Iparragirre Burgoa eta Jose Ramon Foruria preso politikoen osasun egoera larria salatu eta baldintzapeko askatasuna exijitzeko manifestazioa egin zuten Ondarroan atzo. 600 bat lagunek hartu zuten parte bertan.

MANIFESTAZIOA

Egin Dezagun Bidea plataformak manifestazio nazionala deitu du irailaren 17rako. Donostian izango da, 17.30ean, eta Antiguako tuneletik abiatuko da «Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira» lemapean.

Diez presos políticos vascos padecen graves enfermedades

tEl pasado 27 de julio, GARA publicó un reportaje que ponía de relieve la situación los diez presos políticos vascos que, como ha constatado Jaiki Hadi, se encuentran gravemente enfermos. Se trata de Ibon Iparragirre Burgoa, Jose Ramon Foruria Zubialdea, Jesus Mari Martin Hernando, Milagros Ioldi Mujika, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Inmaculada Berriozabal Bernas, Jose Angel Biguri Camino, Iñaki Etxeberria Martin, Jesus Mari Mendinueta Flores y Josetxo Arizkuren Ruiz. Como el resto del colectivo, sufre las consecuencias directas de la política penitenciaria diseñada por los estados francés y español. En su caso, aplicando la propia legislación española, debería estar ya excarcelados. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo