GARA > Idatzia > Kultura

NOLA ALDATZEN DIREN KONTUAK: Markina - Xemein

Zestaz ala eskuz... baina pilotan

p050_f01_250x120.jpg

Hamazazpi urte nituen lehenengoz baserria utzi eta Markinatik Ameriketara joan nintzela, poltsa bete zesta. Laster badira berrogei urte. Orduan ia udaro bueltatzen nintzen herrira. Guretzat orduan bukaerarik gabeko festa ziren etxera bueltak, eta pilotariak ginen herriko udatiar ia bakarrak.

Orain, herrira bueltatu eta makina bat atzerritar topatu ditut, baina ez dira ez udatiarrak, geure moduan bizimodua ateratzera jaioterria atzean utzi eta urrutira egin duen jendea baino. Beltzak dira asko (harritu nau jaioterrian Kalifornian bertan baino beltz gehiago topatzea). Errumaniarrak batzuk, gure izeko zaharra zaintzen dagoen neskatoaren antzera. Nik parean aurkitu ditudanek langileak ematen dute eta sinpatiko hutsak dira behintzat; herrian eroso dabiltzala ematen du. «Egun on! Zer moduz?», esaten dit auzokoa dudanak, euskaraz.

Kontua da zortzi urte etxeratu gabea nintzela, Catherine gaixotu zenetik. Neguan zendu zitzaidan emaztea, eta uda honetan, anai-arrebek horrela eskatuta, Markina-Xemeinera bueltatu naiz aspaldiko partez. Pozik gainera, nirekin batera Jon semea, Gwendoline eta John iloba ere nirekin etortzera animatu zaizkidalako. Hasieran beldur nintzen erraina ez ote zen, Santa Barbarara ohituta, Euskal Herrian herri txikian aspertuko... baina gustatu zaio antza, «this is wonderful!» esan eta esan dabil-eta.

Bost hamarkada alferrik pasatu ez diren arren, ume koskorra nintzenetik herria ez dela aldatu ematen du. Horrela begitandu zitzaidan, behintzat, etxera heldu orduko, oraingo gazteak ezagutzen ez ditudan arren, lehengo gazteak dezente zahartu garen arren.

Denbora pasa ahala aldaketa txikiak aurkitzen ditut baina, egunero. Udaletxea esaterako, orain Mugartegi dorretxera aldatu dutela banekien arren, eguenetako plazara bajatu eta... ez dut ba Goiko Portala -Karmengo iturri dotoretuagaz- batere kotxerik gabe topatu -lehen plaza kotxez lepo izaten zen-. «Etxak alde makala gero!». Pena bakarra Rositaren bodega itxi dutela, nahiz eta Guenkalian txikitoren bat hartu barik ez naizen baserrira bueltatzen -gazteak gaur ere Kale Okerran dabiltza-.

BIDEGORRI EDERRA

Herrigunetik kanpora ere, bidegorri ederra egin dute Etxebarriraino, eta bertan ibiltzen naiz egunero, lehengusuari jeupada bat egin eta buelta. Batzuetan ilobak laguntzen nau, zubi txiki guztiak aztertu eta ibai bazterrean igel edo tximeleten bila ibiltzeko.

Trumoi giroa edo eguraldi eskasa dagoenetan izaten da hori, eguzkia agertzen denean amarekin autobus horian Lekeitiora eta handik oinez Karraspioko hondartzara joatea nahiago izaten du-eta. Orduan semeak laguntzen nau eguneroko osteratxoan, eta Arretxinaga ostetik Barroeta ingurura, futbol-zelai berriraino joaten gara; edo bestela, Markinatik Erdotzara, handik Iruzubietara eta aldapan gora, Bolibar azpian utzita, Ziortzaraino... oraindik sasoian gauden seinale. Kostaldeko Erromes Bidea ei da hori, eta modan dago antza, bertatik gero eta erromes gehiago topatzen dira-eta, oinez batzuk eta bizikletan besteak. Gainera, atzerritarren bat aurkituz gero, enbaxadore paperean sartu eta ingelesez inguruaren berri eman eta kontutxo batzuk egiten ditugu.

UR TXORROTAK

Baina gure etxeko «amerikanuek» aitxitxeren herrian egin duten aurkikuntzarik handiena kiroldegi ondoan, Ugarte eta Zumarra aurreko zelaietan, lehen «piszinaikus» deitzen zuten horretan, jarri dituzten ur txorrotak dira. Ez dakit egia izango ote den, baina Europa osoan Markinakoaz aparte beste bat baino ez ei da gure anai-arreben esanetan, eta berau Holanda partean edo.

Kontuak kontu, gure John zoratzen egoten da bertara joateko, eta gurasoak ere pozik, piknika egin eta bertako zelaietan etzanda, umea arriskurik gabe ur jolasetan freskatzen den bitartean. Han izaten dira barre algara, ziri-sartze eta negarrak, ume aldra ederra batzen da-eta berton (kanpotik ere, Durango partetik eta, gero eta gehiago etortzen omen dira).

Aitxitxek ostera, politikoaz aparte -Bilduko gazteak gogor sartu dira udaletxera, alkatetza lortuta-, bi kontu harrigarri topatu ditu betiko Markina-Xemeinen. Batetik, herriko semeak mundu osoan zehar pilotan jokatzera eraman eta fama eman dion zesta alboratu eta markinarra eskuz jokatzen hasiko zenik inoiz pentsatuko ez genuen arren... Karmenetan Unibertsitatera hamar urtetan lehenengoz sartu eta... herriko seme bat esku pilotako izarren pare jo eta su ikustea ez da makala izan.

Pena pixka bat ere eman digu kontuak, baina, dena dela, mutil galanta da Aretxabaleta eta animo! Ia nafarrei aurre egiteko gai den. Zestaz ez bada eskuz, pilotak egin dezala aurrera. Eta bestetik, sorpresa hartu dugu lobek kafe hartzera gonbidatu eta Uhagon «berria» ezagutu dugunean.

Esperantza arma fabrika aspaldi itxita dagoela, txapelokerrek ondoan kuarteltzat zuten etxetxoa kultur etxe txukun-txukuna dugu egun. Bertako lorategi atseginean hartzen dut egunero orain bazkalondoko kafea, berde-zibil ilunetik berde argira egin dugu-eta. Joango da uda... eta ez dakit atzera Kaliforniara inoiz bueltatuko naizen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo