Iker Bizkarguenaga | Kazetaria
Motherwellek bikain islatu zuen gure kaiola beltza
Robert Motherwell margolari estatubatuarrak, Jackson Pollock eta Willem de Kooningekin batera New York School delakoaren ordezkari nabarmenetakoa izan zenak, «Iberia» lana margotu zuen iragan mendeko erdialdean, Francoren diktadurapean bizi zen Estatu espainolaren egoerak utzi zion arrastoak eraginda.
Egun hauetan Bilboko Guggenheim museoan ikus daitekeen artelana oso deigarria da, Motherwellek beltzez margotu baitzuen mihise guztia, eta zati txuri txiki bat baino ez zuen utzi behealdean. Horrela ikusi zuelako berak orduko Espainia: beltza, iluna, ia argirik gabea.
53 urte igaro dira artista amerikarrak bere maisulan ezagunetakoena egin zuenetik, baina egungo Estatu espainolean ez da orduan baino argi gehiago ageri. Ez behintzat euskaldunontzat. Iluna izaten jarraitzen du guretzat, itzaltsua, makurra.
Franco hil zenean, gogo gutxirekin baina nazioarteko testuinguruak exijituta, margo geruza argiago batekin estali nahi izan zuten orduko belztasun hura. Aukera izan zuten oihala aldatu eta beste bat margotzen hasteko, berria, koloretakoa. Eta erabaki zezaketen obra kolektibo horretan nahi zuenak parte hartzea, horretara inor behartu gabe. Baina ez, espainolek nahiago izan zuten aurrekoari eutsi, aurpegia garbituta bazen ere.
Kontua da urteak ez direla alferrik joaten, eta gaineko pintura geruza hori desagertzen joan zaiola, hasierako iluntasuna agerian utzita. Izan ere, izaeran, egituran, gainontzeko herriei zor zaien errespetuaz ari garenean, gaur egungo espainiar gehienek frankismoaren garaikoen antz handia dute. Izaera inperialista, oldarkorra eta euskaldunenganako erabat aurkakoa. Nahikoa da azken hauteskundeetan Bilduk izandako emaitzen harira askok eta askok azaldu duten amorrua ikustea. Motherwellek egindako koadro horrek bezala, beltza dute bihotza eta ilunak asmoak.
«Iberia»-n azaltzen den zati txuri txiki horrek aldaketaren itxaropena islatzen duela uste dut, kaiolaren ate irekia. Gaur egun, aldiz, Estatu espainola den pintura beltz horrek duen argitasun pintzelkada bakarra Euskal Herriak ordezkatzen duela esango nuke. Eta onena izango da behingoz koadroa apurtu eta beraiengandik aldentzea. Beren iluntasun bakartian uztea.