GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Inazio MURUA

Beste egun bat Gasteizen

Aurten ere Gasteizen izan naiz egun batez. Eta gau batez. Joan den urtean kasualitateak eraman ninduen hara; aurten, berriz, egutegian data markatuta neukan. Hartara, ostiral goizean autobusa hartu eta hamaiketan Gaiztogile kalean nengoen, Tazonesenean mokadu bat egiten, basoerdi batez lagunduta (egia esateko, bi izan ziren, tortilla goxo batekin begien itxi-irekian husten baita edalontzia). Egun hasiera ezin hobea. Hala ere, bertsolarien saioa baino lehen mozkortzea gehiegizkoa iritzita, buelta luze bat egin nuen giroa ikusteko: blusa koadrilak, hamaika ikuskizun, erraldoi eta buruhandiak, ipotx eta burutxikiak, saltzaile ibiltariak, ibiltari erosleak...

Ordu bat eta erdietan Aihotz Plazan hitzordua nuen bertsolariekin. Ruben Lizaso (eup!), Maialen Elorza (eup!), Igor Sanchez (eup!) eta Sebastian Lujanbio (eeeup!) pisu astunek ringera agertu eta saio polita eskaini ziguten, patatari, arabar patatari noski, egin zioten omenaldia tartean. Izan ere, Sanchezek arrazoi, «patata da bide bakarra!», Ga-Gari-Garitanori meriturik kendu gabe.

Mariano gorri bat eta hiru txakolin geroago, bazkaltzera joan nintzen, eta dinamika moderatu berari jarraituta, bi patxaran kopa besterik ez nituen hartu. Ondoren, pare bat trago jota, lasai ederrean eman nuen arratsaldea paseo patxadatsuan.

Zortzietan, Andra Mari Zuriaren Plazan (bertako taberna batean, alegia) lagun talde batek ostiraleroko elkarretaratzea zuen hizpide. Debekatu egin omen zuten betiko lekuan egitea eta katedral aurrera bildu ziren ehunka pertsona, tartean blusa eta neska ugari. Ez zen falta, jakina, jaietan ez ezik, urte osoan ere beltzez jantzita doazenen koadrila. Eta horiek amnistiaren aldeko martxa debekatuta zegoela bazioten ere, eta norbaitek arrazionaltasun pixkat agertu behar zuenez, zenbait lagunek azaldu zieten ez Barne Sailak ez inork ezin duela jendea dibertitzea debekatu. Eta txosnetarainoko kalejira abiatu zen, presoak gogoan eta ahoan.

Txosnetako ekitaldiaren ostean, afari legea egin, kafetxo bat eta patxaran pixkat hartuta, beste pixkat patxaran hartu nuen, Julio Iglesiasen kontzertua hasi bitartean eta... ez zait gehiagorik gogoratzen. Baina datorren urtekoa egutegian seinalatuta daukat dagoeneko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo