Jesus Mari Mendizabal 2011/8/2 | El Diario Vasco
Sor lor zur lur
Xabier Mendiguren Elizegiri, `Ilviaggiatorepusillanime' bere ipuin jostarian, irakurri berri diot: «Txorakeria handia da nazionalismoa bidaiatuz sendatu ohi dela esatea». Ez du noski arrazoi faltarik. Baina nik, esaldi horri konpon-pasarabat eginez, nazionalismoa bidaiatuz sendotu ohi dela esango nuke, alde-alde. Abertzaletasuna hainbat aieka espainiarretara joanez areagotzen dela.
Kasua da egun batzuk irago ditugula Salamancan (...). Kasua da hiriburuak betea eman zigula hainbeste hori-gorrirekin (pareta, lore, zinta, kulero.). Kasua da egun horietako batean gertatu zirela Norvegian, Oslon, AndersBehringBreivik eskuin muturreko ero gaiztoaren hilketa lazgarriak (76 hilotz). Eta kasua ere da, biharamunean, Salamancako La Gaceta egunkaria erosi eta, Humor goiburupean, biñeta hau ikusi genuela: (Bi gizon paseoan; batek:) «Menudo elemento el noruego. Aquí sí que sabemos tratar con esa gente. Le iban a caer treinta años». (Besteak albotik:) «O una concejalía en el País Vasco». Sic. Esan gabe doa, elkarri begira, lau lagunok sor, lor, zur eta lur geratu ginela, suak harturik. Biñeta hartan, izan ere, Bildukoak ez ezik, euskaldun guztiok iraintzen gintuzten, kriminaltzat jotzen! Bistan da gure kontuak burla doilorrez itsusten ohituak daudela, gure lepotik txakurrarenak esaten, beren jende mendreari pozoi-bazka ematen. Eta gu hemen lasai arraio, ezer salatzeko kikilduta, idiaren eraman handiarekin. Azken hau ere Xabierri leitua diot..