GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Iñaki Petxarroman 2011/8/3 | Berria

Bizkartzainen eskaintza

Egoera politiko berriak aldaketak ekarri ditu. Besteak beste, ETAren su-eten mugagabearen ondorioz, ordezkari politikoen zaintzaz arduratzen ziren bizkartzainak zereginik gabe geratzen ari dira. Hala, 500 bizkartzain lanik gabe geratuko dira laster. Eta haien lan etorkizunagatik kezkatuta daude. Ulertzekoa da. Hegoaldeko eskolten elkarteak bere burua eskaini du indarkeria matxistaren mehatxupean bizi diren emakumeak babesteko. Genero indarkeria arazo larria dela eta 500 profesional «birziklatzeko» prest daudela azaldu dute, babesa behar duten emakumeen zerbitzura jartzeko.

Bizkartzainen eskaintzak hainbat eragozpen ditu, ordea. Batetik, mehatxupean diren emakumeak biktimatzea saihestea komeni da, bizimodu ahalik eta normalena egin ahal izan dezaten. Horren haritik, balizko erasotzaileari jarri beharko litzaizkioke zaintza eta badaezpadako neurriak.

Bestetik, indarkeria matxistarena oso arazo sakona da, eta ez da konponduko heriotza mehatxuan bizi diren zenbait emakumeri bizkartzaina jarrita. Eredu patriarkalari aurre egin behar zaio atal guztietan ¯heziketatik hasita lan munduraino, arlo publikoan nahiz pribatuan¯, emakume eta gizonen arteko egiazko berdintasuna lortu arte. Bestela, nahiz eta ehunka bizkartzain jarri, erasoak gertatuko dira ¯azken asteotan festen eremuan jazo diren sexu eraso eta bortxaketak dira horren adibide¯. Baita heriotzak ere. Esaterako, zer egin behar da salaketa jarri ostean kentzea erabakitzen duten andreen kasuan? Zeren, adibidez, horrelakoa izan baitzen emakume baten azken hilketa, Hernanin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo