GARA > Idatzia > Kultura

Xabier Izaga | Kazetaria

Lan, txosna eta musika artean

p056_f01_132x121.jpg

Atzo goizean txintxo-txintxo lanean ari nintzen leihoaz bestaldeko munduko zalapartari bizkar emanda, noizbehinka gaita-jotzaileek, txistulariek eta fanfarreek nire mundutxo (aspergarria...? Bai zera!) honetarik ateratzen baninduten ere. Halako batean, txirrina jo zuten. Atea zabaldu eta hara non pare bat bandolero agertu ziren nire aurrean. Ez zetozen ohetik, hain zuzen, baina egun hauetako batean lotara joateko asmoa zuten. «Hi, gu hitzekoak gaituk», esan zidan haietako batek, eta besteak lore bat eman zidan. «Hola bai, lan egin leikek», esan nien ni. Aurreko gauean ibilia nintzen Iruñeko bi lagun horiekin, eta egia da esan zidatela biharamunean bisitan etorriko zitzaizkidala lanera; nik, ordea, adar soinuan esanda bezala hartu nuen. Mila esker, beraz, bioi, eta bazter honetan zer kontatua eman zidatenez, beste mila. Izan ere, txosnen gainean jardun genuen hirurok, eta atzo Ikerrek ere zerrrenda honetan txosnak hizpide izan bazituen ere, horretaz idatziko dut.

Txosnak Gasteizen ez dira eskura gelditzen, Bilbon ez bezala, esate baterako, han jaiaren gunea dira eta. Edonola ere, nik uste, distantzia bainoago, badago halako efektu psikologiko bat txosnak «urrun» kokarazten dizkiguna. Hirigunetik minutu bakan batzuetara daude, baina trenbidea zeharkatu behar denez, «beste aldean» daude eta, beraz, urrun. Eta merezi du harainokoa egitea, giroagatik, jakina, baina baita edariak eta janariak merkeak direlako ere, edo gutxienik tabernetan baino merkeagoak, eta kontzertu onak eskaintzen dituztelako... Eta kontzertuak baino lehen ere musika ona jartzen dutelako... Tira musika jartzen dutelako. Izan ere, musika ona izan liteke baina ez aproposa eta, aldiz, erdipurdikoa izanda ere, aproposa izan liteke. Esana dut lanean nabilela, ezta? Horregatik ez nintzen txosnetara agertu lerrook idatzi aurretiko gauean eta, beraz, ezin esan gau horretako musika zer iruditu zitzaidan. Lagun bisitariek esan didatenez, ordea, musika martxosoagoaren falta sumatu zuten. Horrelako gune batek martxa eskatzen omen du; baina esan beharra daukat, halaber, jaietako lehenbiziko gauan txosnetan pixka bat denetatik entzun nuela. Edonola ere, ados, jai giroan martxa bide da aproposena.

Gainontzean, bikain. Eta, hiri honetako alkate jaunaren gomendioari jarraituta, itzuli egingo naiz txosnagunera, bertan Basagoiti topatuz gero haren agurra ez jasotzeko arriskuari aurre eginda.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo