GAM-Aldaiturriaga enpresako langileak lanera itzuli dira 46 eguneko grebaren ostean
Lakuako Gobernuak enpresako zuzendaritzak aurkeztutako lana erregulatzeko espedientea onartuko ez duela adierazi ostean, GAM-Aldaiturriagako langileak lanera itzuli ziren atzo 46 eguneko greba bertan behera utzita.
Iosu GANUZA | BILBO
GAM-Aldaiturriagako 191 langileak lanera itzuli ziren atzo 46 egunez greba egin ondoren. Lakuako Gobernuak aurreko ostegunean enpresak aurkeztutako lana erregulatzeko espedientea onartuko ez zuela adierazi ostean, langileek lanera itzultzea erabaki zuten ostiralean egindako bilera batean.
Txomin Carracedo enpresa batzordeko lehendakariak adierazi zuenez, sindikatuetako ordezkariek «Lortu dugu» lelodun pankarta bat jarri zuten enpresaren aurrealdean 08.00etan, «zuzendaritzaren aurkako lehia irabazi dugula adierazteko». Gaineratu zuenez, «enpresaren nahia langile talde esanguratsu bat kaleratzea zen». Aurreko asteetan GARAn argitaratu bezala, lana erregulatzeko espedientea erabiliz 67 langile kanporatzeko asmoa zuen enpresak. Atzo goizean greba egin ez duten langileak enpresara heldu zirenean, «greba hausle» deitu zieten batzordeko kideek, istilurik egon ez bazen ere.
Orain enpresa batzordearen nahia zuzendaritzarekin bildu eta egoera aztertzea da. Langileekin zorrak ditu enpresak eta sindikatuek jada ohartarazi dute neurriak hartuko dituztela horiek ordaindu ezean. Carracedok ostegunean nabarmendu zuenez, egoera bideratzeko irtenbideak proposatu dituen «bakarra» langile taldea izan da. Izan ere, bi urtez soldatak izoztuta izateaz gain, ordu osagarrien ordainsaria jaistea ere onartu zuten langileek. Behin greba amaituta, enpresak «nahi duen orori» oporrak hartzea eskaini dio irailak 5era arte, «ez baitago batere lanik».