GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko Kopa

Nazabal, hasiera-hasieratik jaun eta jabe Donostian

Etxarrikoak bi minututik gora kendu zizkion Azurmendiri, eta hirutik gora iaz irabazi zuen Lopezi.

p026_148x108.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabalek irabazi zuen herenegun Donostian Urrezko Kopa. Etxarriko txapelduna oso erraz gailendu zen. Hamalau kana-erdiko erdibitzen 30 minutu eta 51 segundo behar izan zituen Nazabalek, eta bi minututik gorako aldea kendu zion bigarren postuan sailkatu zen Iñaki Azurmendiri eta hirutik gorakoa iaz garaipena lortu zuen Juanjo Lopezi.

Norgehiagokak ez zuen izan emozio handiegirik, berehala joan baitziren postuak finkatzen, eta azkarregi geratu ziren erabakita. Nazabal erraz aritu zen. Pasa den urtea ez da erraza izan berarentzat, eta badirudi denboraldi honi amaiera ona eman nahi diola. Behin Urrezko Kopa lortuta, Euskal Herriko Txapelketa eta Nafarroakoa dauzka begiz jota Etxarrikoak.

Bigarren postuan Azurmendi sailkatu zen, eta Arriarangoak lan ona egin zuen. Hasieran adarrekin arazo batzuk izan zituen, baina gero lan ona egin zuen, eta bigarren postua eskuratu zuen. Lopezengan itxaropen gehiago zeuden jarrita. Azkenaldian lan oso onak egiten ikusi dugu, eta itxaropen asko zeuden jarrita berarengan, baina Lezaungoak ez zuen bere egunik onena izan, eta hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Amaieran, Nazabal gustura zegoen lortutakoarekin: «Hasieratik aurre hartu dut eta horrek beti indarra ematen dizu, eta oso gustura aritu naiz aizkoran. Hamalau enborretan gozatu dut, eta lortutakoarekin oso gustura geratu naiz», esan zuen. Egurrei buruz, berriz, zera esan zuen: «Egurrak orokorrean onak ziren, baina barruan nahiko zikinak atera dira».

Etxarrikoak bere seigarren txapela jantzi zuen, baina horri ez dio aparteko garrantzirik ematen. «Ni irabaztera etorri naiz, lehenengoa, bigarrena edo seigarrena zen pentsatzen jarri gabe. Nik garaipena nahi nuen, hori zen helburua, eta lortu dut», esan zuen.

Hirugarren Mailako Euskal Herriko Txapelketako azkeneko kanporaketa jokatuko da gaur Azkoitiko plazan, 12.30etik aurrera. Bertan, Irazabal, Garcia, Intxausti, Alkizalete II.a, J. Larrañaga, Erdozia, Loiarte, Eraso eta Beltza lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu, eta estreinako biek eskuratuko dute finala jokatzeko txartela. Finalerako, Mikel Larrañaga, Irazu, Jauregi eta Pellejero daude sailkatuta jadanik. Kanporaketa honetako faborito nagusia Juanjo Erdozia izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo