GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Proposamenak, eztabaidak eta aitzakiak

Ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak eta Aralarrek azaroaren 20ko hauteskundeetan elkarrekin aurkezteko aukera aztertzeko lehen bilera egin zuten atzokoan, eta, ostean kaleratutako agiri bateratu batean, Euskal Herriak bere kanpo eta barne harremanen markoa erabakitzeko subjektu politiko gisa duen eskubidea aldarrikatzeko hauteskunde horiek duten garrantzia azpimarratu zuten. Atzoko bileran hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko aukeraren gaineko hausnarketak eta proposamenak trukatu ondoren, hurrengo bileran horiek eztabaidatzeko konpromisoa ere agertu zuten. Aralarrek beste hiru indar abertzale eta subiranistekin batera aurkezteko komenientzia sumatzen du, horretarako Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan, batetik, eta Nafarroan, bestetik, formula desberdinak proposatzen baditu ere. Horregatik, ez dirudite oso ulergarriak Uxue Barkos Iruñeko Udaleko Nafarroa Baiko bozeramaileak atzo egindako adierazpenek. Lehenik esan zuen Aralarrek ez diela Bildurekin aurkezteko proposamena helarazi eta ez zuela koalizioan eztabaidatu ez duten ezertaz hitz egin nahi. Baina hitz egin zuen, Bildurekin akordio bat egiteak NaBairen izaerarekin talka egingo lukeela esateko. Barkosen arabera, akordio horrek NaBaik lurraldetasunaren gaineko bere jarrera bertan behera uztea ekarriko luke. Mahai gainean jarritako erronkaren tamaina ikusita, argudio horrek aitzakia usaina du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo