GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Mallabiko Torneoa

Beliosorekin berdinduta geratu ostean, arinagoa izateak eman dio txapela Izeta III.ari

J.L.

Izeta III.ak irabazi zuen herenegun jokatu zen Mallabiko Torneoa. Izeta III.a eta Belioso ziren garaipena erdiesteko faboritoak, eta amaieran emozioa ikaragarria izan zen, bi kirolariek jasoaldi kopuru bera lortu baitzuten. Horrelako kasuetan araudiak ezartzen duenez, pisurik txikiena duen kirolariak irabazten du, eta, horrenbestez, Aiakoarentzat izan zen garaipena.

Mallabiko saioan 100 kiloko zilindro zaharra eta beste horrenbesteko bola erabili zituzten, eta bi kirolariek 84na jasoaldi lortu zituzten. Bi faboritoak pare-parean aritu ziren, saioak Urrezko Kopan izan ez zen emozioa izan zuelarik. Hirugarren Inhart sailkatu zen 78 jasoaldiarekin; hortik atzera, berriz, tarte handi samarrak izan ziren.

Seigarren urtez jarraian irabazi zuen Tubik Euskal Herriko Lasto Jaurtiketa Txapelketa. Sei aldiz jokatu da lehiaketa, eta guztietan bera izan da irabazlea. Final honetan ere tarte handi samarrak izan ziren; hala, 30 zentimetroko tartea kendu zion Tubik bigarren sailkatu zen Joxe Lapazarani, eta metro batetik gorako tartea Perez hirugarren sailkatuari.

Joko honetan, kirolariek lasto fardoa sardearekin hartu, eta, pertika jauzian edo altura jauzian bezalaxe, listoia gainditu behar izaten dute. Horretarako hiru aukera dituzte, eta, hirugarrengoan huts egindakoan, kaleratu egiten dute kirolaria, aipaturiko bi kiroletan gertatzen den bezalaxe. Hala, kirol polit eta ikusgarria suertatzen da. Etxalarren jokatu zen finala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo