Ariane Kamio Kazetaria
Eta orduan bai, gogoratuko da
Inbidia sentitzen dut amak edo ahizpak txikitako oporraldiak gogora ekartzen dituztenean. Gogoratzen al zara Tafallako etxeaz? Eta Inmak ematen zizkigun askariez? Eta igerilekuan egiten genituen bihurrikeriez? Inbidia sentitzen dut lehengusuak garai haiek gogoratzen hasten direnean, beste bizitza batetik pasako balira bezalakoa dela iruditzen zait maiz, eta soilik imajinarioari bueltak emanda irudika dezaket nire buruan urtebete eskas nuen garai hartan amaren besoen perspektibatik ikus nezakeena.
«Gogoratuko al da Irati opor hauetaz?», galdetu du osabak otorduan. Urtebete eskasekin berak ere haur kotxetik begiratzen dio oraindik ezagutu ez duen munduari, apenas ezagutzen dituen osaba-izebei eta udak ekartzen duen usain bereziari. Amaren edo aitaren besoetatik egiten dio berak ere lehen harrera bizitzari. Irribarreak eta negarrak eskaintzen dizkio, bizitzak berak eskatzen duen erritmoan, eta ikasiz doa, oinez ikasi zuen bezala, ondoren hitz egiten, eta jolasten, eta maitatzen, eta gorrotatzen... Badaki gaiztakeriak egiten, eta emeki jokatuz gauzak lortzen; badaki bizitzen.
Nekez akordatuko da hogeita bost urte barru guraso eta osaba-izebekin egindako oporraldiez, ez ditu ez Cadaques, ez Montgo gogoan izango, are gutxiago senitartekoei sustoak ematen ikasi zuen eguna. Ez da amak egindako pure haiez akordatuko, ezta aitaren txorakeriekin egindako barre algarez ere; memoriak huts egingo dio, gizaldi oso bati huts egin zigun bezala.
Bere aitak dioenez, zimenduak eraikitzen ari da orain, ondoren gogoratuko ez baditu ere, haien gainean ibiltzen lagunduko diotenak. Hogeita bost urte barru nik sentitzen dudan nostalgia edo inbidia berbera sentitzen duen galdetuko diot gurasoekin eta osaba-izebekin opor haietan bizitakoak oroitzean. Ez du ziurrenik deus gogoan izango eta aspertuta begiratuko digu kontu zahar haiez hitz egindakoan. Mugikorra eskuan duela entretenituko da akaso, edo MP3ari bolumena igoko dio bere barne munduari begira jartzeko, ametsei begiratzeko. Eta bizitzari begira jarraituko du, eta hura dastatuko du, bata bestearen atzetik doazen segundoek ekarriko diotenaren esperantzan. Eta etorriko dira, eta biziko du eta orduan bai, gogoratuko da.