GARA > Idatzia > Kultura

EH Jaietan | Donostia

Ezkila Kapitainaren jarraitzaileek urtez urte indartu egin dute La flamenka gunea

Piratak orain dela bederatzi urte ahalegindu ziren lehenengo aldiz Donostia abordatzen. Euren «gaiztakerietarako», La Flamenka gunea sortu zuten, eta urte guzti hauek igaro eta gero, euren inguru naturalean kokatu ahal izan dute festa eremua: Donostiako portuan.

p046_f01.jpg

Aimar ETXEBERRIA

Urteen poderioz, mito ari da bilakatzen Donostiako jaietako ekimenik garrantzitsuena gaueko suak direla. Piratak urtetik urtera erakusten ari dira Donostia hartzeko gaitasuna daukatela, eta euren indar eta gogo horiei azpiegitura duina gaineratuz gero, geldiezinak direla.

Aurten La Flamenka gunea kaian kokatzea lortu dute. Piratek hasiera-hasieratik izan dute garbi euren inguru naturala hori dela, itsasotik gertu, abordatzea prestatzeko leku egokian, ganorazko piraten moduan. Ezkila Kapitainaren gidaritzapean iritsi dira gaur egun duten tokira, Donostia hiria postale- tako argazki soil bat dela ukatu eta alaitasunez eta bizitzaz lepo dagoela erakutsi nahi izan dute.

Baina hori guztia aurrera ateratzeko, ehunka pertsonen borondatezko lana behar-beharrezkoa da, eta hor dago benetako erronka.

Auzoz auzo, herriz herri

Hain azkarra izan denez La Flamenka gunearen hazkundea, Gipuzkoako beste herri batzuetako jendearen beharra izan dute, azpiegitura guztia jasangarri bihurtzeko. Aurreko asteartean hasi ziren piratak La Flamenka gunea altxatzen. Goiz eta gau, 30 pertsona inguruk ekin zioten lanari, Aste Nagusia hasten zenerako dena prest eduki nahian.

Piraten iritziz, harrera bikaina izan du gune berriak. Jende mordoa ibili da bertan jaiak hasi zirenetik, eta bide beretik jarraituko duela espero dute. «Itxura ere bikaina hartu du eta inguruak asko laguntzen du horretan», azaldu du Aratz Trecet Piraten bozeramaileak.

Internet bidezko sare bat daukate osatuta elkarren arteko harremanetarako. Kontu honetan mugitzen den ororen e-maila lortzen ahalegintzen dira, lanerako jendea errazago «fitxatzeko». Horrez gain, Aste Nagusia hasi baino astebete lehenago, hiriko auzo guztietan batzarrak egiten dituzte, «lanerako jendea bilatu nahian».

Baina kontua ez da hor gelditzen. Lan txanden kontua Gipuzkoa osoraino hedatu da. Donostiarrek beren festak «bizitzeko» aukera izatea nahi dute hein batean, txandaz txanda itota ibili beharrean. Horregatik, azpiegitura aldetik behar den guztiari erantzuteko, herrietako jendea hiriburura bideratu da. «Abordatzea egitean, adibidez, 300 pertsona inguru ibili ginen lanean, barran ere 30 pertsona inguruko txandak behar dira, sukaldean beste hamar... jende askok egin behar du lan!», argitu du Trecetek.

Lan handia, eskari handiari erantzuteko; baina urtetik urtera, askoz ere hobeto lotuz joan dira guztia. Trecetek azaldu duenez, hasierako urteetan ia azpiegiturarik ere ez zuten, eta hain urte gutxian jaiak, eta La Flamenka guneak batez ere, hain indar handia hartzeak, «arazo» bat baino gehiago sortu die. Denborarekin, ordea, tamaina hartu diote kontuari.

Trinitate plazatik kaira

Gustura agertu da Trecet aldaketa honetaz hitz egitean. Eurek garbi dute piraten inguru naturala kaia dela, eta bertan sortu den giroak hori erakutsi duela nabarmendu du.

«Nik uste Trinitate plazatik hona pauso bat eman dugula», adierazi du piraten bozeramaileak. Nahiz eta Trinitate plazaren antzekoa izan tamainaz, askoz ere eskuragarriagoa dela uste du, eta itxura aldetik ere aldea nabaritzen da.

Gunearen erabilerari dagokionez, Aste Nagusiko jaietarako inoiz erabili ez den eremu bat dela azaldu du, eta euren helburua ez dela inori festa gunerik kentzea. «Erabilgarri dagoen gune bat aprobetxatu besterik ez dugu egin», gaineratu du.

Asko nabaritu duten beste aldaketa bat, hoberako hau ere, «xoxen» aldetik izandakoa. «Gaur [atzo] egin dugu orain artekoaren balorazio txiki bat, eta atentzio handia eman digu aurreko urtean La Flamenka gunean kontsumitu zen garagardo kopuru bera kontsumitu dela orain arteko egun hauetan», Treceten hitzetan. Datu adierazgarria, benetan. Egin duten lan guztia goraipatzen du horrek.

Gainera, aurtengoa da kontzertuetara joateko sarrera ordaindu beharrik ez dagoen lehen urtea. Hor nabaritzen da Piraten helburua ez dela dirua egitea, Donostiako jaiek izaera parte-hartzailea izatea baizik. Karpa, agertokia, bi soinu ekipo, barra... azpiegitura horren guztiaren gastuari buelta emateko, boluntario lana beharrezkoa da. Trinitate plazan ezin zuten eguneko eskaintzarik eman. Kaian bai eta horrek ere lagundu du diru sarrerak gora egin dezan.

Segurtasuna eta etorkizuna

Harrigarria dirudi, baina segurtasun arloan ere baldintza gogorrak dituzte Piratek. La Flamenka gunean beti daude sei pertsona segurtasuna zaintzen, ezbeharren bat suertatuko balitz erantzun azkarra emateko prestatuta. Horrez gain, DYAk ere erdi-presentzia moduko bat egiten du. Horrelako guneetan ohikoa den moduan, gaueko zaintzak egiteko txandak ere lotu behar dituzte. Badakizue, inguruan lapur eta egarridun asko omen dabil eta...

Abordatzearen kontuak ere segurtasun neurri zorrotzak behar ditu. Aurtengo ekitaldian 4.000-5.000 pertsona bildu direla azaldu du Trecetek, eta jendetza horren segurtasuna bermatzeko hainbat baliabide behar direla: urpekariak ibili ziren ur azpitik dena zaintzen; horrez gain, moila bakoitzean hiru pertsona zeuden largabistekin eta beste hogei pertsona inguru walkiekin guztia koordinatzen. «Nire ustez, piraten abordatzea suekin batera Aste Nagusiko erreferentea bilakatu da», esan zuen Trecetek.

Aurten Udalaren laguntza handitu egin da, abordatzearen ondorengo lanen arduran: Jaurlaritzarekin eta Piratekin koordinazio lana egin du, Udaltzaingoa Piraten eskura jarri du, segurtasun plangintza eurek egin dute... Piratek aldaketa nabaritu dute behintzat, alde horretatik.

Etorkizunari begira, eztabaida ideologikoan sakontzea dute helburu. Udalak festa ereduarekiko duen jarrera gustuko dute eta elkarlanean zerbait egitea espero dute Piratek. Donostiako jai eredua irauli nahi dute eta horretara jarriko dira hurrengo urtera begira. Portua ere nahiko gune txikia dela iruditzen zaie eta espazio aldetik aldaketak egiteko prest daudela azaldu du Trecetek, baina guztia apurka-apurka egingo dute, jaiak amaitu, oporrak hartu...

Egitaraua
Abuztuak 17
 
Ofiziala

9.00-13.00/15.00-19.00>SAGUES Aste Nagusiko IV. Saskibaloi txapelketa.

10.00>TRINITATE PLAZA Euskal pilota hastapenaren ikastaroa.

11.00>EASO PLAZA Tai-Chi hastapen ikastaroa.

11.00>TRINITATE PLAZA Barrene pilota jokoa taldean.

11.00-14.30>VINUESA PLAZA LUDOTEKA. Argi eskulturak Pedro Casteloren eskutik.

12.30>EASO PLAZA BERTSOLARIAK: Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Amaia Agirre, Amaia Agirre eta Beñat Gaztelumendi. Gai jartzailea: Josu Goikoetxea.

14.00>Kursaaleko ZURRIOLA TERRAZAN. Revolutionary Brothers DJak.

16.00-19.00>URUMEA IBAIA. XVII. Arrantza lehiaketa.

17.30>EASO PLAZA. Barre laborategia. Haurrentzako festa.

18.00>Kursaaleko ZURRIOLA TERRAZA. HAURRENTZAKO TAILERRA. Maushaus. «Munduko arkitektural: Ozeania».

18.30>kontxako pasealekua. Deiadar txaranga.

18.30>ZULOAGA PLAZA. Erraldoiak eta buruhandiak. Erakusketa eta tailerra.

20.00> KONSTITUZIO PLAZA. Arkaitz dantza taldea.

22.45> KONtxako badia. Su festen 48. Nazioarteko Lehiaketa. Caballer FX piroteknia (Valentzia).

23.30>BULEBARREKO KIOSKOA.Mokongo Son afro-kubatar musika.

23.30>GIPUZKOA PLAZA.«Jira eta Bira» trapu zaharren ikuskizuna.

23.45>SAGUES.Su Ta Gar.

Piratak

JOLASEN EGUNA

12.00 umeen jolasak.

16.30 KOADRILEN ARTEKO JALASAK.

20.00 elektrotxaranga.

23.00 KONTZERTUA. Usain anailak (berbena).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo