GARA > Idatzia > Kultura

AISIALDIA

Plazaolako geltoki zaharretik hasi, eta lurrun trenaren bideari segika

GARA | IRUÑEA

Larraun, Imotz eta Leitzarango bailarak zeharkatzen dituen Plazaola natur-bidea ezagutzeko aukera eskaintzen du aurtengo udan bertako turismo partzuergoak. Pasa den mendeko 40ko hamarkadan Iruñea eta Donostia lotzen zituen lurrun trenak utzitako bidea da eta hurrengo bisita gidatua larunbat honetan izango da.

Hiru bisita ezberdin eskainiko dira abuztuaren 20 honetan. Lehenengoak, natur bidetik ibilbide bat proposatzen du, Plazaolako geltoki zaharretik hasita Lekunberriraino. Bidean, Mitxausenea kultur etxera eta garbitegi zaharrera egingo da bisita.

Bigarren aukera Leitzaraino iristen da, hau ere geltoki zaharretik abiatuta. Iturrizarretik pasatzen da eta garbitegian ere egiten da geldialdia.

Hirugarrena Plazaolako geltokian bertan gelditzea da, eta ferrokarrilaren historia bertatik bertara ezagutzea.

Irteera hauetan parte hartzeko, aurretik deitu egin behar da Plazaolako Turismo partzuergora. Helduek hiru euro ordaindu beharko dituzte, haurrek bat, eta hogei pertsonatik gorako taldeek bi euro baino ez. Aipatutako hirugarren aukera hartzen bada, geltokiari bisita, euro bat ordaindu beharko da sarrera, haurrek 0,50.

40 kilometro

Bestalde, nork bere kontura ere egin dezake natur bide hau. Oinez, bizikletaz edo zaldiz egiteko aproposa da. Mugiro eta Andoain arteko 40 kilometro dira, Mugiroko urtegian hasi eta Andoain bitartean. Hainbat tunel ere zeharkatzen ditu, horien artean, Uitzikoa, 2,7 kilometroko luzera daukana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo