GARA > Idatzia > Kultura

ARRANTZALE EGUNA ONDARROAN

Ondarroan ere badituzte antzarak, birziklatuak gainera!

Arrantzale Egunarekin eman zioten amaiera atzo Ondarroako jaiei. Duela sei urte berreskuratu zuten antzaren ikuskizuna izan zen beste urte batez hitzordu nagusi. Animaliak, hori bai, material birziklatuekin eskuz eginikoak.

Ane ARRUTI

Uztailaren 2an ospatutako Zapatu Azuleko arropak berriro ere armairutik atera eta mahoizko jantzitan, koadrodun zapia lepoan eta abarketak oinetan zituztela atera ziren atzo ondarroarrak herriko jaien azken egunean. Egun osoko jaia da Arrantzale Eguna, Ondarroako andramaxei bukaera ematen diena.

1958an ospatu zen lehenengo aldiz. Garai hartan, jaiak herrian pasa ostean, itsasora bueltatzen ziren arrantzaleak abuztuaren 17an eta, aitzakia hori hartuta, gazte kuadrilla batek egun bat gehiago luzatu zituen jaiak. Ondarroarren artean arrakasta izan zuen burutazio hark eta egundaino mantendu da.

Tradizioa eta modernitatea uztartzen saiatzen dira egun honetan. Halaxe azaldu zuen Gotzon Iparragirrek, orain arte Herritarron Andramaixak plataformako kide eta orain Ondarroako Udaleko Jai Batzordeko arduradunak. «Jaiak berritzen joan behar dira. Ondo dagoena mantendu eta berrikuntzak bultzatu».

Eta Euskal Herriko antzara ezagunenak Lekeitiokoak badira ere, Ondarroak ere bazituen bereak, nahiz eta antolatzeaz arduratzen zen kuadrillak, erreleborik ez zutela ikusita, bertan behera utzi zuen ohitura hau.   

Zerbaiten beharra

Bi urtez ez zen antzararik izan Ondarroan eta, apartheid-aren garaian, udalak jai batzorderik deitzen ez zuela ikusita sortutako Herrittarron Andramaixak plataformak antzarak berreskuratzea eta kukaña edo nasapuntakoa bultzatzea hartu zituen helburu, beste ekintza askoren artean. Txomin Toxu herritarrak jardun du, batez ere, azken urteetan lan horretan buru-belarri.

Gauzak horrela, benetako antzarei batere inbidiarik ez dietenak sortu zituzten duela sei urte. Eskuz eginikoak dira, asteetako artisau-lanaren emaitza, material birziklatua erabiliz sortutakoak.

«Lehenengo urtean nik neuk egin nuen antzara prototipoa –ekarri zuen gogora Iparragirrek–. Nire borondate on guztiarekin egin nuen, baina egia aitortzeko, ez naiz oso abila horrelako kontuetan». Azalpena ere eskaini zigun: «Tutu malgu batekin egin nuen, espumazko koltxoi moduko batekin gorputza egin, zuntz termiko batekin inguratu eta, buru gisa, tenis pilota bat jarri nion», azaldu zuen.
Iparragirrek egindako antzara hark liluratuta utzi zuen Txomin Toxu eta harexekin berreskuratu zen, bi urteko etenaldiaren ostean, hainbeste urtetako ohitura. Ondo joan zen, baina asko zuen hobetzeko, Iparragirrek aitortu zuenez: «Plastikozko tutu malgua gehiegi luzatzen zen, eta pertika jauzia egiten ari zirela zirudien».
Harrezkero Toxuk hartu zuen antzaren ardura ere, eta urtetik urtera, «gero eta sofistikatuagoak» sortuz joan da. Sari sistema ere moldatu beharra izan dute, antzaren lepoak ez zirela eteten ikusita. Hori dela eta, igoera kopurua hartzen da kontuan Ondarroan. Hala ere, aipatzekoa da teknologia garatuz joan direla, eta iaztik, lepoak apurtzea ere lortu dute: «Tutuari ziztada txiki batzuk egiten dizkiogu. Honela, tiratzearen tiratzeaz, pare bat lepo apurtzea lortu genuen pasa den urtean».  

Izan ere, Iparragirrek azaldu  zuenaren arabera, honelako ikuskizunetan ezin du animaliak protagonista izan, «bere borondatez sufritzeko izena eman duen pertsonak sufri dezala, eta ez bere burua defendatu ezin duen animalia batek».  

Kale giroko jaia

Arrantzale Eguna, itsasoari baino, zeruari begira eman zuten atzo ondarroarrek. Hala ere, eta gau aldera euri tantaren bat erori bazen ere, ederki eutsi zion eguraldiak, kaleko jaiari bide emanez.

Antzaren aurretik, nasapuntakoak erakarri zituen begirada guztiak Zubi Zahar inguruan. Ez da nolanahikoa gainera Ondarroako kukaña. «Aurretik zegoena zaindu gabe zegoen, ezpalak aterata, arriskutsu. Udalari urte askotan eskatu genion konpontzeko, baina ez ziguten kasurik egin. Txominek hartu zuen horren ardura eta orain, zazpi metrokoa ez, hamahirukoa daukagu. Euskal Herriko luzeena!», esan zuen Iparragirrek.

Luzea bai, luzeegia agian. Nahikoa komeria eragin zituen puntan ikurrinadun eta Toxuk koipez ederki igurtzitako enborrak. Zapalduaren zapalduaz –eta inork ikusten ez zituelakoan hondar apur bat zabalduaz– pixkaka-pixkaka metroak aurreratuz joan ziren herriko gazteak, tartean bizkar kolpe ederrak utziz erorikoetan.

Zubi Zaharrean izan zen bestelako ikuskizunik ere. Aurtengo nobedade gisa, Allarte kultur elkarteak dantza aereorako duen abilezia agerian utzi zuen. Maindire eta trapezioetatik zintzilik, aho zabalik gelditzeko moduko ariketez osatutako emanaldia eskaini zuten.

Urteroko eguerdiko hitzorduak ere ez ziren falta izan. Jon Maia eta Arkaitz Estiballesen eztenak herritar bat baino gehiago harrapatu zituen, barre algara ederrak sorraraziz, eta aipatzekoa da, bestalde, Kresala elkarteak antolatzen duen “Atako Bandan” dantza saioan urtero legez izandako herritarren parte-hartzea.

Giro paregabean eta indarrak akituta, jaien hasieran jaitsitako Leokadi kortxeleko mamuen artera itzuliz agurtu zituzten ondarroarrek aurtengo jaiak, eta herriko arrantzaleak, azken 53 urteetan bezala, gaur itzuliko dira itsasora, egun bat beranduago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo