Teahupo'o, ezinezkoa zirudien olatu munstroa
Teahupo'o munduko olatu famatuenetakoa da. Asko dira Tahitiko irla hau berezi egiten duten faktoreak.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Aste honetan jokatzen da WCT zirkuituko bosgarren proba, Tahiti irlako Tehaupo'o olatu famatuan. Hona zenbait datu.
Polinesia Frantsesa osatzen duten irletatik handiena da. 1606an Pedro Fernandez de Quiros espainiarra izan zen bertan, baina ofizialki, irla zapaldu zuen lehen europarra Samuel Walis britainiarra izan zen, 1767ko ekainaren 19an. George III.a erregearen ordezkari joan zen Walis eta erregearen izena jarri zion irlari. Hilabete batzuk geroago Antoine de Bougainville frantsesa agertu zen irlan eta hark «Nouvelle-Cythère» izena eman zion.
1772an Domingo de Boenechea itsasgizon getariarra bidali zuen Espainiako koroak lurralde haiek konkistatzera, baina 1775ean proiektua bertan behera uztea erabaki zuten eta hor amaitu ziren espainiarren abenturak.
Azkenik, 1842an, ofizialki Frantzia izatera igaro zen eta frantses kolonia da orduz geroztik. Egun, autonomia zabala duen egitura du irla anitzez osatutako lurralde honek. Bertako presidentea ere badu, baina Frantziaren menpe dago.
2006an, Jacques Chirac, Frantziako presidente ohiak, autodeterminazio erreferendum baterako ateak irekiak zeudela esan zuen. Egun Tahitiko presidentea den Oscar Temaru independentziaren aldekoa da. Baina inkesten arabera, soilik biztanleen %20 baino ez leudeke irlen independentziaren alde.
Tahitin bi hizkuntza dira ofizialak, batetik bertakoa eta bestetik frantsesa. 1890ean bertan bizi izan zen Paul Gauguin pintore famatuak bertako paisaia eta ohituren marrazkiak egin zituenetik irlen fama exotikoa mundu osoan da ezaguna. Horregatik da turismoa bertako diru sarrera nagusia.
Mike Stewart eta Ben Severson izan ziren olatu hau lehenengoz hartu zutenak. Bodyboardekin hartzen zuten olatua eta 1996ko uztailean atera zituzten olatu hartako lehen irudiak argitara.
Garai hartan, olatu hura surf taula batekin hartzeko zailegia zela uste zuten, zutik jartzeko ia denborarik ematen ez duen olatua baita, baina pixkanaka surflari batzuk surf egiten ere hasi ziren eta ezinezkoa zirudiena ohiko bilakatu zen. Horrela, 1998an, Gotcha PRO txapelketa egin zuten. Egun, abuztuan egiten den Billabong PRO txapelketak ordezkatzen duena, hain zuzen ere.
2000. urtean Laird Hamiltonek inoiz hartu den olaturik beldurgarriena hartu zuen uretako moto baten laguntzaz. Irudi haiek munduari buelta eman zioten.
Tahitira surf egitera joateko garairik onena apirila eta iraila bitartean da, orduan izaten baitira itsaski onenak. Gainera, azaroa eta martxoa bitartean haizeak norabide aldakorrekoak izan ohi dira.
Urautsia kostatik urrun aurkitzen da. Ordu erdi behar da arraunean bertaratzeko, horregatik ikusten dira urautsiaren ondoan hainbeste ontzi.
Eremu labur batean sekulako sakonera hartzen du itsasoak Teahupo'o-ko urautsian. Lurretik itsasora, metro bateko sakonera izatetik sei metroko sakonera izatera pasatzen da (olatua jazotzen den eremua). Eta jarraian, sei metroko sakoneratik 45 metroko sakonera izatera iragaten da ia kolpe batez. Kontrako zentzuan, olatua itsas zabalean izatetik metro gutxitako sakonerara iragaten da eta ondorioz sekulako indarrarekin altxatzen da olatua. Horregatik ez du ia maldarik olatuak atzealdean. Aurrealdean, berriz, azpialdeko ur guztia zurrupatzen du eta horrek tubo erraldoiak sorrarazten ditu.
Edozein marearekin egin daiteke surf. Itsaskien eta haizeen norabideek urautsian eragin nabarmena dute. Ez da edonork surf egiteko leku bat.
Metro bateko olatuak direnean ez da olatu oso zaila. 2 eta 3 metroko olatuekin, Pipelineren antza du. Hiru eta lau metroko olatuak direnean oso zaila da. Eta hortik gora, ezinezkoa da arraun eginda olatua hartzea.