GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Haur gajoak

Surflari ERNEGATUA

Telebistan ikusi dut. Surf eskola bateko irakasle batek jendea surf egiten ikastera animatu nahi du eta ikastaroak nola ematen dituzten erakusten du. Irudietan aspaldi ez dela jaiotako haurrak ageri dira, buruan kaskoarekin eta soinean salbamendu jaka batekin.

Behin baino gehiagotan aipatu izan dut haurrak ez duela surf egiten hasteko presarik. Lehen urratsak nola eman behar dituen ere aipatu izan dut; alegia, bere kasa, nahi badu eta nahi duen moduan. Betiere kortxozko taula edo paipoarekin. Gurasoek inoiz kasurik egiten ez didatela ere esan izan dut.

Batzuetan, haurra ikusita, bere gorpuzkera ahula, adina, eta surf egiteko gogorik ere ez duela antz emanda, gurasoei ikastaroa emateko prest ez nagoela esan izan diet. Gehienek tematuta jarraitzen dute edo beste eskola batera jotzen dute.

Lege bat egon beharko litzateke guraso horiei halakoak egiten ez uzteko, baina sistemak bultzatzen duen familia-ereduaren kontrakoa litzateke, beraz, haien haurrekin egin dezatela nahi dutena, azken batean horretarako egin dituzte. "Beraienak" dira eta gainontzekook ezer gutxi egin dezakegu haur gaixoengatik.

Gurasoekin ezer gutxi egin daiteke, baina lau edo bost urteko haurrei surf ikastaro bat emateko prest dauden surf eskolek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko lituzkete, eta baldintza nagusia, oinarrizkoa, zera litzateke, haur bat itsasoratzeak sor ditzakeen arriskuetatik harago, arrisku gehiago ez sortzea.

Haur bati festetako buruhandiak baino handiagoa den kaskoa edo salbamendu jaka janzteak, estetikoki irudi ederra iduri dezake. Gurasoek argazki politak atera ahal izango dituzte haien maskotatxoekin, baina uretan, argi! Haur hori kaskoa lotzeko uhalak itotzen ez badu, salbamendu jakari esker aparrean ondoratu ezinik egingo dituen segundo luzeek itoko dute. Ez da txantxa. Eta bestela, guraso arduratsuak, zeuok egin proba.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo