GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Markel Ormazabal, Aitor Jimenez, Alex Zipotz (*) | Piraten Mugimenduko kide izandakoak

Auzolana eredu denon Donostian

 

Bestelako Donostia bat beharrezkoa eta posible da. Belaunaldi ezberdinek haizatu duten leloa dugu hauxe. Udal administrazioaren eta osasungintzaren euskalduntzea exijitu dugu; hirigintza basatia salatu eta etxe hutsak okupatu ditugu; patriarkatu heteronormatiboaren aurka altxatu gara emakumeen eskubideak urratzen zituzten elkarte, kaldereroetako tribu edo behar izan den erakundeetan; auzokideekin batera Gladys Enea parkeko biodibertsitatea defenditu genuen eta Zubietako errauste plantari alternatibak eskaini ingurumena errespeta dezaten; gaztetxeetako teilatuetara igo gara sistemak ezartzen dituen balio kulturalak arbuiatzeko. 2003. urtean, gazte mugimenduko zenbait lagunek, izan ziren eta izango ziren aldarri horiek bildu eta Donostiako Aste Nagusian isla izan zezaten apustu egin genuen. Eta Donostiako Piratak izenez ezaguna den mugimenduari sorrera eman genion.

Jaietan agerian geratzen dira indarrean dauden gizarte egituren ereduak, baita gizartean oraindik ere oso sustraituta dauden mugak ere. Orain artean, Semana Grande; Aste Nagusia udal eta sektore ekonomikoetatik ezarri izan den hiri ereduaren ispilu besterik ez da izan. Inbertsio, objektu eta erakusleiho nahi zuten hiriaren erreplika den su artifizial eta izozkien jai eredu ofizialaz ari gara. Eta helburu hori erdiesteko, jaiaren kudeaketaz arduratzen zen «lan talde profesionala» sortzeko hautua egin zuten.

Gizarte ereduen arteko borrokaren aurpegietako bat da jaien ereduen artekoa. Eta parte-hartzea dugu gakoa, ikuspegi ezberdinetatik. Ezarrita zegoen ereduaren alternatiba gisa, jai eredu euskalduna, parekidea eta herritarra hauspotu nahi izan genuen, gerora hiriko beste esparruetan urratzen hasteko bokazioarekin ekin genion lanari.

«Portu bat jarri diogu esperantzari», Juan Karlos Izagirrek, Donostiako alkate berriak, hiriko makila bere gain hartu zuenean kantaturiko bertsoaren azken puntua da. Sistema honek sakoneko arazo handiak dituela agerikoa da; demokraziaren egungo legezkotasunak ez duela, beste gabe, erabakien zuzentasuna bermatzen, ezta erabaki horien ondorioz sortutako egoeren zuzentasuna ere. Baina auzoan hase- rreak plazak betetzen zituen bitartean, Euskal Herrian haserre berberak plaza berritua ekarri digu: Bildu. Pentsamendu bakarretik ihesi egiten duen jarduera politiko desberdinduan aurkitu dugu aldaketarako gakoa. Artikulu hau sinatzen dugun lagunok, pozez, besoak zabal-zabal egiten diogu ongi etorri Bilduren Udal Gobernu berriari. Duela bederatzi urte mugimenduan jarri ginenean, hiriko botereek ikusezin nahi gintuzten, jazarririk. Eta orain desiratzen, aldarrikatzen eta urterik urte garatzen genuen aldaketa Udalera ere heldu da. Donostiako Piratak mugimenduaren lana goretsi duen indarra da Bildu; auzoetako jai batzordeen eta auzo elkarte gehienen babes zuzena lortu duen indarra. Herria herritarrekin batera eraikitzea da sistema honi buelta ematen hasteko lehen heldulekua, eta alde horretatik, Donostiak hizki larritako aldaketaren alde egin du.

Denok aldatzen badugu, dena aldatuko da! Politika egitea boteretik distantzia hartzea dela idatzi zuen Sarrionandiak. Mugimendu sozialak eszeptiko izan dira erakundeen aurrean, eta ez da hau derrepente aldatuko. Ez du zertan aldatu. Mugimendu sozial guztien barruan sortzen den eztabaida da bizitza politikoan zuzenean parte hartu, edo sistemak irentsia izan ez dadin kanpo mantentzearen arteko eztabaida. Jai herrikoien aldeko mugimendua ere dialektika horren parte da. Bi posizio: bata, pluraltasuna eta erakundeetan ordezkatuak izatearen eskubidea defendatzen duena, eta ezarrita dagoen sistema ereduari hegemonia borrokatu eta alternatiba gisa aurkezten dena, bestea. Iragan urtean Udalarekin adostasunera heldu eta La Flamenka jai gunea nahiz beste erraztasun batzuk lortu ondoren, Abordatzea ekimena egitarau ofizialean sartzearen erabakiak desadostasunak eragin zituen mugimenduko partaide eta parte-hartzaile askoren artean. Lerroetatik gogorarazi nahi dugu ez zela deus eman, lortu baizik.

Aldaketa orok beharrezkoa du aldaketa bera sostengatuko duen kultura herritar berritua. 2016ko Europako kultur Hiriburu izateko hautagaitzaren karietara, asko hitz egin da «kulturaz» Donostian. Hainbeste, ezen kontzeptua bera erabat higatua izan den. Penagarria da Odon Elorzaren agintaldi luzean kulturari behar bezalako tokia eskaini ez eta, azken urteotan, ikuskizun kolektibo funtsik gabekoez bete izana hiria. Benetan zaila zaigu ulertzea horrelako ekimen batek zer ekarriko dion 2016an Donostiako kulturari.

Arazoei talde moduan eman dizkiegun irtenbideak dira kultura, eta gune sozial jakin batean jendeak arauak, aukerak eta eskakizunak aplikatzeko dituen ikuspegiak deskribatzen dizkigu.

Auzolan eta batzarra. Gure kulturan hertsiki loturik dauden bi kontzeptu horien garapen praktiko erabatekoa bideratzeko aldia dugu. Auzolana taldeari egindako ekarpena da, denei egindako ekarpena: soldatapekoa ez den lan bat, ez derrigorrean egin beharrekoa. Baina aldaketa nahi bada, ezinbestekoa. Ezinbestekoa dugu auzolana, arazo sozialei erantzun eraginkorrak ematen dizkieten eredu berriak sortzearekin batera, gure balio kulturalak konpartitzen ez dituzten gizarte sektoreek aldaketaren alde egitea nahi badugu. Horrenbestez, kulturaren instrumentalizazioa amai dadin, izan diren udal gobernuen kultura jardueren gainean gogoeta sakona egin beharra dago. Kultura «demokratizatu» behar da, auzo eta herrietan behetik gora sortzen den kultura sustatu. Beharrezkoa da herri partaidetza jaia eta kultura garatzeko, eta eskua luzatzen dugu aldaketaren bidean gure jarduna Udalarekin partekatzeko. Gehiengoa gusturago sentituko den gizarte eredu berri bat da helburua, eta norabide honetan denok dugu zer eskaini.

Uste sendoa dugu auzo jaiak eta jai egitarau herrikoiak gizarte beharretarako eskola apartak izan daitezkeela. Berauen antolaketa eta parte hartzean garatzen diren harreman eta lotura sozialak, gizartearen eraldaketarako tresna izan daitezke, eredu horiek beste eremu batzuetara eramateko gai bagara. Dagoeneko egutegia gorriz tindaturik dugu, eta hiriko edozein txokotan aurkituko dugu jaien antolaketarako beharra. Bidea egin nahi baduzu, Abordatzean egingo dugu topo. Donostia bestelakoa delako, posible da bestelako Donostia bat.

(*) Artikulua Asier Mariezkurrena, Iñigo Albisu, Ekain Ormazabal eta Beñat Apalategik ere sinatu dute

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo