Uiguristan edo Ekialdeko Turkestan, (Txinak) debekaturiko herrialdea
Informazio iturri bilakatu da uda honetan Ekialdeko Turkestan, uigurren herrialdea. Txinaren errepresioa agerian geratu da berriro, bertako biztanleen protestetan. Egilea han bertan izan da, eta txinatar poliziaren presentzia itogarria ikusi du eta herrialdearen aurka Pekin egiten ari den kolonizazio prozesua salatzen duten testigantzak jaso ditu.
Igor URRUTIKOETXEA | LAB sindikatuko nazioarteko idazkaria
Lineako autobusak ordu erdi darama txinatar poliziak ezarririko kontrolean eta bidaiari guztiak bertatik jaitsi gara, esperoan. Uztailaren erdialdea da, goizaldeko ordu batean, eta uigur nazioaren lurraldean sartu garenetik harrapatu dugun bigarren polizia kontrola da jada.
Uigurren lurraldea antzinako Zetaren Bidean kokatutako lur eremu zabal bezain mitikoa da. Txinatarrek Xinjiang («Muga berria«) izena jarri bazioten ere, uigurrek Uiguristan («Uigurren aberria») edo Ekialdeko Turkestan deitu izan diote beti. Lurralde honen azalerak Txina osoaren seirena hartzen du; hau da, Estatu espainolaren azalera halako bi eta erdi da Uiguristan.
Gainera, oso herrialde estrategikoa da ikuspegi geopolitikotik. Izan ere, bertan kokatzen dira Txinako Estatuaren mugen laurdenak, eta muga egiten du Mongolia, Errusia, Kazakhstan, Pakistan, Kirgizistan, Tajikistan eta Afganistanekin. Datu honek bi gauza azaltzen ditu berez: batetik, historikoki lehian izan den lurraldea dela. Izan ere, historian zehar, Ekialde Urrunean izan diren hainbat inperiok interesa azaldu izan dute lur honengatik, bai Txinak hainbat garaitan, bai Errusiak, bai Mongoliako Inperioak. Aipatu beharrekoa da, halere, bi aldiz independentea izan zela XX. mendean, tarte laburretan izan bazen ere: 1933. urtean Turkestan Ekialdeko I. Errepublika sortu zen, eta 1944-1949. bitartean II. Errepublika, azken hori Sobietar Batasunaren babesarekin.
Bere kokapen geoestrategikoa aintzat hartuta, erraz ulertzen da Txinak lurralde honen gain duen interesa. Hainbat mendetan Txinako enperadoreen menpe egon arren, uigurrak historikoki txinatar zentralismoaren kontra altxatu izan dira behin eta berriz. Uigur batzuek «zentralismoa» deritzotena, beste batzuek zuzenean «inperialismoa» izendatzen dute. Bata izan ala bestea, argi dago Txinak bereak eta bi egin behar izan dituela lurralde honen gain bere domeinua mantentzeko. Txinatar azken agintaldia 1949. urtean hasi zen, Txinako Herri Askapenaren Armada Uiguristanera sartu zenean.
Petrolioa
Badago halere bigarren arrazoi bat Txinak eremu honen gainean duen interesa azaltzen duena. Izan ere, petrolioari bagagozkio, egun Txinako gobernuak ekoizten duen %30 bertatik ateratzen da, eta hainbat iturrik diotenez, Txinako Estatuaren erreserba nagusiak bertan daude. Beste baliabide garrantzitsu batzuk ere estaltzen omen ditu uigur lurrak. Bidaian bertatik ari den edozein bidaiarik inongo ahalegin berezirik egin gabe ikusi ahal izango ditu makinak petrolioa ateratzen, gau eta egun, etengabe, basamortuaren erdian.
Hori baita, basamortua, uigur lurraldean jaun eta jabe: Gobi desertuaren hegoaldea eta Taklamakan basamortua -munduko lehorrena dena, eta Zetaren Bidearen sasoietan merkatariak izututa zituena-, Uiguristanen gorputza dira eta lurralde honen bihotza basamortuen erdian dauden oasi-hiriak dira.
Turpan-era heldu gara, munduko bigarren puntu sakonena, Palestinan dagoen Itsaso Hilaren ostean. Uraren mailaren azpitik 155 metrora gaude, eta hiri-oasi honetan beroa izugarria da, 40 graduak aspaldi gainditu ditu termometroak.
Uiguristanen sartuak gara jada eta bidaia osoan ikusiko dugun aldagai bat ikusten da hemen ere. 8 milioi uigurrekin batera, han etniako txinatarrak bizi dira. Egun, han etniako txinatarrak Uiguristaneko populazioaren %40 dira eta uigurrak %45. 1949. urtean han etniakoak %6 baino ez zirela kontuan hartzen badugu, txinatar gobernuak laguntza fiskalak emanez, eta bestelako neurriekin, bultzatu duen kolonizazio prozesuaren ondorioak argi eta garbi ikus daitezke. Horrela, uigurren hiriburu historikoan, Urumqin, 2 milioi biztanle dituela, han txinatarrak uigurrak beraiek baino gehiago dira.
Bazterkeria
Uigurrek, eurekin berba egiteko aukera izanez gero, bidaiariari Txinako Administraziotik jasaten duten bazterkeria salatuko diote: euren hizkuntza (turkiarrarekin zerikusia duen uigurra) ez da ofiziala, beraiek jasaten dute pobrezia maila altuena, eta okupazio militar eta poliziala ikusteko modukoa da, geuk ere frogatu ahal izan dugun bezala.
Txinako gobernuak besterik dioen arren, argi ikusten da uigurrak beste nazio bat direla. Hala erakusten dute beren ezaugarri fisikoek (beltzaranagoak dira, eta pakistandarrekin antzekotasun fisiko handiagoa dute, han txinatarrekin baino), beraien janzkerak ere ezberdinak dira (emakumeek zapiarekin estaltzen dute ilea, eta batzuek aurpegia ere, eta gizonezkoek txoto berezi bat darabilte), uigureraz mintzo dira, arabiar grafia darabilen hizkuntzan, eta musulman fededunak dira gehienak.
Euren sinesmena aitzakia hartuta, Txinako Gobernua beti saiatu izan da, uigur mugimendu abertzale eta independentista salatzen, muturreko islamistekin eta Al Kaeda-rekin zerikusia duela esanez, nahiz eta hori guztiz faltsua izan, eta uigurren artean dabilen edozeinek, beraien hiri, merkatu eta garraio publikoetan ibiltzea guztiz segurua dela baieztatuko dizu. Beste behin, estatuek, kasu honetan txinatarrak, beraiek zapaltzen dituzten nazioen aldarrikapen legitimoak «terrorismoaren» mamuaz isilarazi gura dituzte.
«Terroristak», non?
Guk bi asteko bidaian, besteak beste, Turpan inguruko herrixketako hainbat bisitatu ditugu, Kashgar eta Hotan hirietako legendazko merkatuak ezagutu ditugu, bakoitzak milaka pertsona biltzen dituelarik egunero, eta bereziki, igandero; Kashgar-eko alde zaharra ezagutuz eta, besteak beste, bertako Id Kah-ren meskita bisitatuz aritu izan gara. Halaber, gure bidaia osoan garraiobide publikoetan mugitu gara, Taklamakan basamortua autobusez zeharkatzera heldu garelarik, inongo mehatxurik sumatu ere egin gabe.
Hori bai, gu han ginela, eta bertatik bueltatu bezain laster, hainbat liskarren berri izan genuen: Hotanera gu uztailaren 22an heldu ginen eta 18an txinatar poliziak hamalau uigur erail zituen. Hortik hamar egun eskasera, Kashgar-en beste zortzi uigur erailak izan ziren modu ilunean. Uigur mugimendu abertzaleak Txinako gobernuaren errepresio basatia salatu zuen berriz ere; guk geure aldetik, zuzenean istilurik ikusi ez bagenuen ere, errepideetan zeuden txinatar polizien presentzia itogarria jasan behar izan genuen, lantzean behin kontrolen baten geldiarazten baikintuzten. Halako kontrolak Txinako beste alde batzuetan ez dira egiten, soilik Uiguristanen eta Tibeten; Txinan, munduko beste estatu batzuetan bezala, zoritxarrez, Estatuen errepresioak erakusten digu gobernu zentralisten «bertsio ofizialek» estali nahi dutena: mapetan agertzen ez diren eta euren etorkizuna libreki erabaki gura duten beste nazio batzuk, «debekaturiko herrialdeak», ere badirela mundu zabalean. Uiguristan horietariko bat da.
206 AC-220 dc
Durante la dinastía Han, la zona fue escenario de décadas de guerra entre los Xiongnu, un pueblo nómada ubicado actualmente en Mongolia, y el centralismo chino.
siglo VI
Los turcos arrasan con el protectorado chino y establecen un vasto imperio en Asia Central. Creación del kanato uigur.
sIGLO xiii
La región queda bajo control de los mongoles de Gengis Khan.
SIGLOS xviii-xix
El imperio manchú (dinastía qing) lucha por controlar la región, en la que entra en disputa el imperio ruso de los zares. En 1884 se estableció Xinjiang («Nueva Frontera») como provincia dentro del sistema político chino.
1912
Tras el establecimiento de la República en China, los uigures siguen sublevándose contra el centro.
1933
Primera república independiente del Turkestán Oriental, con el apoyo de la URSS.
1949
Tras el triunfo de la revolución maoísta, el Ejército Popular de Liberación entra en Turkestán Oriental.
2009
Cientos de muertos en la represión china de las protestas uigures contra el colonialismo han de su tierra.
Egun han etniako txinatarrak populazioaren %40 dira, eta uigurrak %45. 1949an, aldiz, han etniakoak %6 baino ez ziren.