GARA > Idatzia > Kultura

Elorza ihesean eta Borboikoa Izagirreri marmarka, Piraten jai amaierako ekitaldian

Donostiako Aste Nagusiaren amaiera ofiziala larunbatean izan zen, baina Piratek atzo eman zioten umore oneko bukaera, urtero egiten duten Irrikitaldiarekin. Urteko gertaera gogoangarrienei jostari heldu, eta zirikatuz salaketa plazaratzeko erabiltzen dute antzerki festa.

p046_f01_203x144.jpg

M. LARRINAGA

Aurtengo Irrikitaldiak bi protagonista argi izan ditu: Juan Karlos Izagirre, Donostiako alkatea, eta Odon Elorza, alkate ohia. Bien artean izandako tirabirak eta gorabeherak Donostiako Piratek Aste Nagusiari agur esateko Alde Zaharreko kaleetan egiten duten Irrikitaldiko protagonista bihurtu dira.

Festa eguerdian egindako bazkarian hasi zen, arratsaldeko bostetan egin zuen gora. Ordu horretan Bulebarreko kioskoan elkartu ziren pirata guztiak, armairuan aurkitutako jantzi dotoreenak eramanaz. Izan ere, dirudun eta goi klaseko gizarteari zuzenduta dago, urtero-urtero, Irrikitaldiak egiten duen kritika nagusietako bat. Horiekin batera, Espainiako erregea eta Albako dukesa ere agertu ziren hitzordura. Itxurazkoak, noski.

Aurkezle lanetan, Odon Elorza alkate ohia aritu zen, pertsonaia guztiei ongietorria emanez. Martin Garitano ere agertu zen, Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta bere omenez, udan hainbestetan entzun den «Ga-Gari-Garitano» abestia entzun zen, bertaratuen algara artean; izan ere, berarekin batera Juan Karlos Izagirre alkatea zetorren, eta une horretan ihesaldi saiakera bat ere egin zuen Elorzak. Hori ikusita, Izagirrek bertso txiki bat eskaini zion, beraien arteko harremanari buruzkoak. Hor esandakoen artean, honakoa: «zortzi egun hauetan ez zaitut ikusi/uste dut zabiltzala nigandik ihesi».

Beste pertsonaia «xelebre» bat ere bertaratu zen, Juan Karlos, marko eta guzti. Donostiako udaletxeko batzar aretotik kanporatu izana leporatu zion, jakina, Izagirreri.

Jende andanaren artean «Vaya Semanita» telebista-saioko batasuniak ere agertu ziren, eta txaloz eta algaraz hartu zituzten.

Kaleak girotuz

Bulebarra alde batera utzi, eta partaide guztiak bikoteka jarri ziren, segizioan Santa Maria elizarantz abiatzeko, txarangak jarritako musikaz lagunduta. Serio itxura bai, baina asmo erabat bihurriz, bidean topo egiten zuten pertsonaia bitxiekin txantxetan, egoera barregarriak sortu zituzten. Esate baterako, batek aita santuari eskatu zion agur egiteko, eta hark ezetz erantzun, umeak zituela-eta gustuko. Bakoitza bere papera jokatzen ari zen momentu oro, eta partaide baten oihuari jarraiki, denek batera «hau da aita santuaren gazteria» egin zuten garrasi, Madrilera egin duen bisitaz eta han egin dioten harreraz trufatuz.

Alde Zaharrean zebiltzan turistak erabat harriturik gelditu ziren, kale erdian zer gertatzen zen ulertu ezinik, eta poltsatik argazki kamera atera, eta aurrean zutena zer zen oso ongi jakin gabe ere, ikusten zuten guztiari argazkia ateratzen hasi ziren. Hori bai, txarangaren musika entzun bezain laster, giroan ongi baino hobeto sartu eta dantzan hasi ziren.

Bide erdian, «prozesioa» gelditu, eta beste bertso batzuk bota zituzten hiriburuko udaletxe barruko egoera eta harremanei buruz. Geldialdi horrek piraten serio plantak erabat desegin zituen eta benetako festa orduantxe hasi zen.

Elizara iritsitakoan, bertan ziren batasuniak kontainer-ontzi baten barrutik urez betetako globoak botatzen ari ziren jende artera, eta bota orduko, bertan ezkutatzen. Elizako atearen parean aulki bat kokatu zuten, alkatearen eserlekua. Eta Elorza ziztu bizian abiatu zen hura hartzera, kargua ez zuela-eta utzi nahi. Jarraian, Izagirrek kargua hartu zuen egunean makilarekin izandako tirabira antzeztu zuten Izagirrek eta Elorzak, makilaren bi muturretatik ten eginez. Horrez gain, alkate ohiak egungoa hainbat kritika gogor egin zizkion, Donostia benetan ez ezagutzea eta Europako Kultura Hiriburuko hautagaitzara azken unean lotu izana aurpegiratu zion. Izagirrek ere epelak bota zizkion, eta azkenean, Elorza, negar batean ezkatatu zen jende artean.

«Amaiera ezin hobea»

Aurtengo Aste Nagusiari buruz «guztiz balorazio positiboa» egin zuen Donostiako Piraten bozeramaile den Aratz Trecetek. «Kaia lortuta piraten kontuaz jendea orain konturatu dela dirudi, baina oso pozik gaude. Goizez eta arratsaldez, betea zegoen kaia eta gauean jasanezina ere bihurtzen zen». Trinitate plaza ere toki finkoa izan zuten arren, toki txikia eta zehatzegia dela uste du Trecetek, kaia ordea «askoz ere irekiagoa da».

«Azken urteetan parte hartzea gutxika-gutxika handituz joan da antolatu ditugun ekintza guztietan. Une batzuetan ere umeen jolasetan adibidez, gainezka egin dugu», azaldu du Trecetek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo