GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Anjel Rekalde | Idazlea

Auzolan proiektua

Panorama beltz horren aurrean, eta gure ondarea den ekintza, antolamendu eta pentsamenduaren eredu hura berreskuratzearren, eztabaidagune bat sortu da

Auzolana komunitatearen lan egiteko modu tradizionala da, bizilagunen arteko elkarlana, zeregin eta beharrizan kolektiboak denen partaidetza eta ahaleginarekin betetzeko, guztien mesederako.

Auzolana, euskal gizartean sustraitu eta zabaldutako ohitura zen aldetik, beste erakunde historiko bati lotuta zegoen, batzarrari alegia. Bizi- lagunen batzarra zen auzolanean egin beharreko zeregin-mota, modalitatea, unea edo bestelako edozein zirkunstantzia erabakitzen zuena.

Bideak, eraikinak, iturriak eta hilerriak konpontzea, mendia, azienda eta kortak zaintzea. Komunitate-antolamenduaren formula horiek gure lurraldekoak soilik ez badira ere eta, ñabardurak ñabardura, beste herri eta kolektibitate batzuetan aurkitzen baditugu ere, eragin sakona izan dute hemengo jendearen lan egiteko moduan. Edo, alderantziz beharbada, gure kulturari hain atxikita egonik, mundua ikusteko, lantzeko, partekatzeko eta harremanak izateko moduak dira, gorabeherak gorabehera. Izan ere, auzolana (batzarrarekin batera), euskal kultura tradizionalarekin guztiz bat datozen balio-sistema, praktika, ohitura eta giza harremanen bitartez gauzatzen da, hainbesteraino ezen gure kulturaren erakusgarri berezkoenetako bat bailitzan aurkezten baita.

Auzolana herritarrei garai latzetan aurrera ateratzen lagundu dien kolaborazio eta antolamendu-sistema izan da. Krisiak, goseteak, inbasioak, gerrak... Komunitatean eta berdintasunean (ez berdintasun teoriko eta abstraktuan, baizik eta praktikoan eta emaitzetan gauzatzen denean), eta ez gizarte-antolamendu hierarkiko edo autoritarioetan oinarritutako tradizio horren adierazpena da, gure iraganean ikusten duguna. Eta ez luzatzeko, garrantzi historiko handia duten hainbat fenomenoren oinarrian dago, hala nola ikastolen mugimenduan, kooperatibetan edo, besterik gabe, gure lurralde guztian zehar erruz antolatzen diren jai herrikoietan.

Une honetan, Jon Leonardo irakasleak duela egun batzuk zioenez, krisi ekonomikoa baino gehiago, zibilizazio-krisia da gainera datorkiguna. Merkatua, kontsumoa eta finantza-espekulazioa eta bestelakoak oinarri dituen gizarte-sistema behea jotzen ari da, eta baita herritarra funtsezko erabaki guztietatik (direla politikoak nahiz ekonomikoak) baztertzen duen gizarte-antolamenduaren eredua ere. Esan dezakegu, krisia baino gehiago, aurrean duguna garai-aldaketa dela, eta ez dakigula nola aurre egin erronka berriei, sistemarentzat gu estatistiketako zenbakiak besterik ez garenez.

Panorama beltz horren aurrean, eta gure ondarea den ekintza, antolamendu eta pentsamenduaren eredu hura berreskuratzearren, eztabaidagune bat sortu da. Auzolan proiektua Euskal Herriko kultura, lana eta historiari oso lotuta jaio da. Hainbat garaitan eta gizartea antolatzeko hainbat produkzio-sistematan, gure herriaren ezaugarriak izan dira komunitate-lana bultzatzeko joera, berdintasun-balioak, elkartasuna, batzarretako zuzeneko demokrazia eta, ahal den neurrian, askatasun indibiduala eta kolektiboa bilatzea.

Irailaren 30ean eta urriaren 1ean eta 2an, foro horrek jardunaldi batzuk burutuko ditu Usurbilen, elikadura, hezkuntza, etxebizitza, euskalgintza, oinarrizko beharrizanak, zaborrak eta beste hainbat gairi buruz hausnarketa egiteko. Bide batez, «Auzolanaren Kultura» liburua aurkeztuko da.

Gure identitatea, beste garai batzuetan bezala, funtsezko balioa da oraingo zirkunstantzietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo