GARA > Idatzia > Kirolak> Arrauna

Play-offa jokatuko du larunbatean Bermeon eta igandean bere zaleen aurrean

Jarrilleraren azken erronka

Sekulako denboraldia egin ondoren, Portugaletek mailaz igotzeko helburua bete dezake asteburuan.

p044_kirolak.jpg

Asier AIESTARAN

Denboraldi aparta egin du Portugaletek KAE-1 Ligan. Iazko udazkenean zuzendaritza berriak hartu zen elkartearen gidaritza, eta hasiera-hasieratik esan zuten helburua ahalik eta azkarren San Miguel Ligara igotzea zela. Horretarako, taldea goitik behera eraberritu zuten eta Joxean Olaskoaga Aizperro oriotarra izan zen proiektua gidatzeko hautatutako gizona. Etxeko lanak ondo asko egin dituzte orain artean eta asteburu honetan helduko da denboraldiko hitzordu garrantzitsuena, igoera play-offa.

«Ongi iristea espero dugu eta oso motibatuta gaude. Azken hilabetean, eta bereziki azken 15 egunetan, oso zentratuta ibili gara, ilusio handiarekin», aitortu du Aizperrok. «Normala den moduan entrenamenduak play-offera begira planifikatuta zeuden. Aurreko astean serie gogor batzuk sartu genituen eta aste honetan lasaiago ibili gara, gure helburua asteburura fresko eta indartsu iristea delako. Nik uste denok antzeko planteamendua egin dugula, eta ea zer gertatzen den», adierazi du.

Orain arteko emaitzak ikusita, balantzeak ezin du hobea izan: «Jarrillera» aise nagusitu da ligan, jokatu diren 14 estropada puntuagarrietatik 10 irabazita. «Orain arte egindako lana oso ona izan da. Nik uste denboraldia bikaina izan dela. Orain ginda jartzea falta zaigu. Denboraldi hasieratik hori izan da gure erronka, play-offera sailkatu eta ahal bada igotzea, eta oraingoz ondo doa. Ezin dugu hutsik egin», azaldu du Aizperrok.

Bi egunetan erakutsi behar

Era berean, ordea, gauza jakina da ligan egindakoak ez duela ia ezertarako balio, igoera bi egunetan jokatzen baita, onerako eta txarrerako. Ondo asko daki hori Portugaleteko arraunlari eta entrenatzaileak, eta ez du ezkutatzen egoerak sortzen dion urduritasuna: «Beti da kezka, edozer gauza gerta daitekeelako. Lesio bat, ziaboga txar bat, egun txar bat... Ligan estropada asko jokatzen dituzu eta erregularra izanez gero, hor goian amaitzen duzu normalean. Baina play-offak ezberdinak dira. Denok daukagu errespetu hori».

Are gehiago aurtengo kanporaketa arraro samarra suertatuko dela kontuan izanez gero, sei traineruk hartuko baitute parte: KAE Ligako bi onenek -Portugalete eta Zierbena-, San Miguel Ligako azken bi sailkatuek -Camargo eta Orio- eta Galiziako Ligan bigarren eta hirugarren postuan amaitu duten bi taldeek -Chapela eta Cabo da Cruz-. «Arraroa bai, sei ontzi gaudelako, baina batez ere gogorra, daudenak indartsuak direlako», Aizperrok gogoratu duen moduan.

Aurkari samurrik ez

Izan ere, oriotarraren ustez, aurkari guztiek eman dituzte eurenganako errespetua ez galtzeko arrazoiak. «Zierbena denboraldi osoan aldamenean izan dugu eta badakigu estropada onak egiten dituela. Beraiei irabazteko ehuneko ehunean egon beharko dugu. Camargori dagokionez, ez gara inoiz parean izan. Ikusi da beraien ligan pixkanaka gorantz egin dutela eta oso indartsu daudela. Oriok, berriz, Lekeitioko azkeneko estropada ez zuen agian oso ona egin, nekatuta iritsi zirelako-edo, baina aurreko ostegunean Kontxako sailkapen estropadan oso lan ona egin zuten», adierazi du Aizperrok, galiziarrak bigarren maila batean utziz: «Hasiera batean maila bat beherago egon behar lukete, baino ezin gara deskuidatu. Handik honaino etortzen badira, zerbaitegatik da, eta seguru amorru handiarekin aterako direla».

Azkenik, estropada eremuei dagokienez, oso lasai dago arraunlari gipuzkoarra eta egon litekeen itsasaldiak ere ez du gehiegi kezkatzen: «Bermeon marea jaisten ariko da, baina play-offak daukan gauzarik onena erlojupekoa izatea da, denok kale beretik aterako gara eta horrek lasaitasuna ematen du. Pronostikoak olatu dezente markatzen du, baina Bermeon olatuak trabeska jotzen du. Haizerik ez bada, olatu pixka bat izan arren, ez du kalte handirik egingo eta, egia esan, gustuko dut zeharkako olatu hori. Ez nau gehiegi kezkatzen».

Esperientzia «gogorra» baina «polita»

Berarentzat Orio utzi eta Portugaletera joatea «esperientzia polita» izan dela aitortu digu Aizperrok. «Gogorra ere bai, etxe ondoan ohituta desplazamenduak gogorrak gertatzen direlako, baina mutilekin oso gustura nago eta giro polita daukagu». San Nikolas Arraun Elkarteari buruz, berriz, izan duen aldaketa nabarmendu du: «Klub txiki bat da, beheko ligan ibili izan dena, baina, egia esan, presidente berriak (Javier Fernandez) sekulako lana egin du. Instalazio guztiak berritu ditu, gimnasioa ere bai. Fisikoki ere jendeak gorakada nabarmena egin du. Gogo handiz entrenatu gara negu osoan eta hori nabaritu egin da».

Aurten kanpoan ibili arren, oriotarrak gertutik jarraitu du bere herritarrek bizi izan duten urte zaila. «Bagenekien baja dezente zituztela eta errendimendua ere jaitsiko zela, baina inork ez zuen espero Orio horrenbeste jaistea. Denontzat izan da gogorra, beraientzat ere bai, eta berriz ere ikusi da gauzak gaizki hasten direnean oso zaila dela egoerari buelta ematea. Pena handia eman dit, baina ziur nago Orio azkar igoko dela». A.A.

AFIZIOARI DEIA

San Nikolas Arraun Elkarteak autobusak antolatu ditu larunbatean Bermeora joateko. Izena betiko lekuetan eman daiteke, 10 euro ordainduta; irteera 11.00etan izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo