GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Izaro Gorostidi Bidaurrazaga | EHUko Politika eta Administrazio Zientziako irakaslea

Sormen Nazionala: Auzolana

Sormen nazionalaren garaia heldu da, ez dago eraikuntzarik lur emankor barik. Ez dago aitaren etxerik, ama lurra bizirik egon ezean

Charles Darwinek 1859. urtean «Espezieen jatorriaz» liburua plazaratu zuen bere hain ezaguna den hautespen naturalaren teoria azalduz. Piotr Kropotkin zientzialariak, pentsalari anarkista moduan ezaguna dena, 1902. urtean «Elkar laguntza: faktore bat Eboluzioan» argitaratu zuen Darwinen teoriari bestelako ikuspuntu bat gehituz. Bai, hala da, espezieen arteko borroka biziraupenerako errealitate bat da, baina berak Siberian egindako ikerketetan joera ezberdin bat aurkitu zuen: elkar laguntza. Eta bere tesia argia zen: elkar laguntza garatzen zuten espezieek gero eta garapen hobea lortzen zuten eta, aldiz, barne borroka garatzen zutenek espeziearen gainbehera sortzen zuten. Autore batzuek teoria hauek kontrastatzeko inguruneak modua determinatzen duela adierazten dute; hots Darwinek Galapago irletan egin zituen bere ikerketak, klima atsegin batean hain zuzen, eta Kropotkinek, aldiz, Siberian, negu gorrian. Hori dela-eta espezien joera aldatzen da. Ingurune gogorretan elkar laguntzarako joera agertzen da, ingurune atseginetan, berriz, konpetentzia.

Hemen eta orain, XXI. mendeko euskaldunok ingurune latza pairatzen ari garela esan dezakegu. Krisialdi ekonomiko sakona daukagu, gizarte eredua kolokan dago, baloreen krisia, elikagaiak, klima... Baina askotan errepikatu bada ere, gogorarazi nahi dut txineraz krisia eta aukera esateko hitz berbera erabiltzen dela. Zibilizazioaren krisi bat bizitzen ari gara, baina zibilizazio berri bat sortzeko aukera ere badaukagu. Gaur egungo krisialdi globalak erantzun integrala eskatzen digu. Hitz potoloak. Eredu aldaketa bat behar dugu, mundu berri bat sortu behar dugu, baina nondik hasi? Ni? Gu? Nola eragin? Zer egin?

Gure historiak badauzka horretarako giltza izan daitezkeen formulak. Auzolana eta batzarra, gizarte tresna komunalak izan dira, bestelako Euskal Herri bat egiteko. Adelaide Daraspe ikerlariak 2011ko irailaren 4ko «Zazpika»-n adierazten zuen moduan, XVII. mendeko bidaiariek Euskal Herria definitzerakoan euskaldunen sosegua nabarmentzen zuten; anaitasuna, elkar laguntza, lan komunitarioa, horrek larritasuna kentzen zuela adieraziz.

Baina hori gaur egun nola lotu? Baditugu adibide garbiak. Gure gurasoek beren haurrei bestelako hezkuntza eskaini nahi zieten eta auzolanean bestelako eredu bat sortu zuten: ikastolak. Herri guztietan bizi eta gozatzen ditugun jai herrikoiak jai batzordeek sortzen dituzte, baldintza bakarra oinarritzat izanik: ospakizun herritarra, gozamen komunala. Gaur egungo kontsumo taldeek bestelako harreman merkantilista bat sortzen ari dira baserritarra eta kontsumitzailearen artean. Momentuan irakurtzen ari zaren egunkaria esfortzu komunalean oinarrituta dago, herri akzioak, diru laguntzak, bestelako hedabide batzuk sortzeko. Adibide mordoa dugu gure herrian, anitzak eta pluralak, tokian tokikoak, herrialdeetakoak eta nazionalak; bestelako erantzunak emateko garaian txapeldunak garelako. Horra hor Korrika, horra hor Ikastolen Jaiak.

Auzolan egitasmoko kideek urtebete baino gehiago daramagu auzolanaren inguruko hausnarketak lantzen. Bestelako saiakera bat. Hau guztia sozializatzeko, hausnarketa kolektiboa egiteko, elkar ezagutzeko eta Euskal Herriko Auzolan sare nazionala sortzeko, Usurbilen irailaren 30ean eta urriaren 1 eta 2an Auzolan I. Topaketak antolatu ditugu. 500 pertsonarentzako lekua dago, www.auzolan.info webgunean informazio osoa aurkitzeko aukera daukazue.

Krisialdi garaiak erantzun berrien garaia eskatzen du eta, bide batez, ardura berrien garaia. Saiakera denona da, gure esku dagoelako, eta bakarrik gure esku, eraldaketa soziopolitikoa. Nire aldaketak, gure aldaketan eragiten duelako eta, ondorioz, ingurunearen aldaketan. Eta nia gu barik ezin da jokatu. Herri honetan hori oso argi daukagu. Sormen nazionalaren garaia heldu da, ez dago eraikuntzarik lur emankor barik. Ez dago aitaren etxerik, ama lurra bizirik egon ezean. Sortu dezagun bidea, aukera garaia heldu da-eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo