GARA > Idatzia > Euskal Herria

Marixol Iparragirre oraingoz ez Espainiaratzearen alde azaldu da Bordeleko fiskala

Estatu espainolean epaitua izateko Marixol Iparragirre aldi baterako entregatzea eskatu dio Madrileko Auzitegi Nazionalak Parisi. Bordeleko Auzitegiak atzo aztertu zuen eskaria. Auzitegi frantsesetan prozedura guztiak amaitu arte ez Espainiaratzearen alde azaldu zen fiskala.

Arantxa MANTEROLA |

Estatu espainolari aldi baterako entregatzeko xedearekin Marixol Iparragirreren kontrako euroaginduak gauzatu ala ez aztertu zuen atzo Bordeleko Epaitegiak.

Euskal presoa jada epaitua izan zen Parisen, baina sententziaren kontra tartekatu zuen helegitearen ebazpena ez da oraindik kaleratu. Horrenbestez, Estatu frantsesean dagokion prozedura osoa amaitu bitartean, aldi baterako Madrili «ez mailegatzea» eskatu zuen Iparragirrek, epaileari igorritako gutun baten bidez.

Fiskalak, oraingoz entrega ez gauzatzeko eskatu zion auzitegiari, laster kaleratzekoa den helegitearen emaitza zein den jakin arte, bederen. Epaileek bihar ezagutaraziko dute horren gaineko erabakia.

Aipatu gutunean, eskoriatzarrak adierazi zuen zazpi urtez geroztik Estatu espainola zain dagoela bere burua «ehiza trofeoa bainintzan erakusteko kameren aitzinean, Frantziak igortzen dizkion militanteekin egiten duen moduan». Auzitegi Nazionalak leporatzen dizkionak, gainera, «torturapean» lortutako adierazpenetan oinarritzen direla salatzen zuen gutunean eta Madrilera entregatua izateari uko egiten zion.

Aspiazu izan zen lehena

Estatu frantsesean dituzten prozedura juridikoak bukatu arte, normalean, Parisek ez zituen euskal militanteak aldi baterako Espainiaratzen. 2009ko irailean, ordea, Garikoitz Aspiazu epaitua izan zedin entregatu zuelarik, jokamolde hori aldatu egin zuen. Geroztik, Jurdan Martitegi ere modu berean Espainiaratu zuten bost egunez eta berriro beste hiru hilabeterako entregatzea ere eskatu zuen Madrilek. Parisek ez zuen onartu azken eskaera. Bi militanteon sumarioak oraindik instrukzio fasean daude Estatu frantsesean.

MEDIATIZAZIOA

Abokatuek maiz salatu izan dute mota hauetako «aldi baterako entregen arrazoiak ez direla juridikoak, mediatikoak baizik» eta defentsa eskubidea urratzen dutela ere ohartarazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo