GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Bilduren «presioa» salatu dute... guardia zibilek

Asociacion Unificada de la Guardia Civil (AUGC) delako elkarteak Oñatin eta Gasteizko Parlamentuaren aurrean Bilduren aurkako elkarretaratzeak egiteko asmoa agertu zuen atzo, eta azaroaren 3a baino lehen egin nahi dituzte, egun horretan jarriko baita indarrean guardia zibilek manifestazioak egiteko debekua, PSOEk eta PPk Madrilgo Senatuan itundutakoaren arabera. Bilduk gobernatzen dituen udalerrietan guardia zibilek eta euren familiek «jasaten duten presioa» salatzea omen dute helburu elkarretaratze horiek.

Guardia Zibila Euskal Herritik joan dadila eskatzea jardun laidogarria da, guardia zibilen elkarte horren iritziz, eta jardun laidogarriak ezin omen dira «erantzunik gabe geratu». Herri honetan, ordea, jakina da nor den aspaldi luzetik jardun laidogarri gehienen egile. Horregatik, barregarria gertatuko litzateke elkarte horren salaketa Euskal Herrian -eta ez Euskal Herrian soilik- Guardia Zibilaren izena larderiari lotuta ez balego. Bildu koalizioak euskal herritarrek hala nahi izan dutelako gobernatzen ditu hainbat udalerri, eta botoa eman ziotenak ez ezik, euskal herritar gehienak ere lasaiago egongo lirateke guardia zibilen elkarretaratzerik gabe, bai baitaukate hamarkada luzeetako presioaren eta jazarpenaren berri eta ondo asko dakite horiek batez ere noren eskutik etorri izan diren. Orain ere nork presionatu nahi du nor?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo