GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

Imanol GONZALEZ | Almansa taldeko futbolaria

«Futboletik bizitzea zer zen probatzeko atera nintzen, eta ez naiz gehiago itzuli etxera»

Futbola eta aberastasuna uztartuta doazela dirudi, baina ez da horrela, gutxi batzuk besterik ez baitira kirol honetan aberasten direnak. Askok eta askok soldata normal bat dute, baina lan handia egin behar izaten dute aurrera ateratzeko. Horietako bat da Imanol Gonzalez. Gipuzkoarra ez da oso ezaguna Euskal Herrian, baina hemendik kanpo estimu handiko atezaina da.

p040_f01_97x160.jpg

Jon LEUNDA

Imanol Gonzalezek bere kirol bizitzako parterik gehiena Euskal Herritik kanpo egin behar izan du. Zizurkildarrak ederki daki futboletik bizitzeko zenbat lan egin behar den, baina bera gustura dago. Baditu 37 urte, eta 40 urte egin arte, gutxienez, jokatzen jarraitzeko asmoa omen dauka.

Almansara heldu aurretik, nolakoa izan da zure ibilbidea?

Villabonan hasi nintzen. Gero, handik herriko taldera, Danenara joateko. Gazte mailan, Mitxelinen ibili nintzen, eta gero, Tolosan. Beasainen ere hiru urte egin nituen; ondoren, kanpora joan nahi nuen, eta Quintanar del Rey taldera, Cuencara, joan nintzen. Gero, Guijuelo, Villanovense, Mazarron, Comarcas de Nijar eta Eldense izan dira nire taldeak, eta orain, Almansa.

Zergatik joan nahi izan zenuen kanpora?

Beasainekin Bigarren B Mailan jokatzen nuen, baina lana eta futbola uztartu behar izaten nituen. Futboletik bakarrik bizitzea zer zen probatu nahi nuen, eta Quintanar del Rey taldeko eskaintza jaso nuen. Hortik aurrera, urte asko daramat futboletik bizitzen, eta oso gustura nago egindakoarekin.

Ez al duzu inoiz etxera itzultzeko gogorik izan?

Bai, baina orain 37 urte daukat, eta aukera hori baztertuta daukat. Jadanik nire bidea egin dut, Eldan bizi naiz, eta etxera oporretan itzultzen naiz.

Aukerarik izan duzu itzultzeko?

Ez dut uste. Orain dela urte batzuk, euskal talde batek nahi ninduela esan zidan nire ordezkariak, baina inoiz ez didate niri eskaintzarik egin. Beraz, uste dut hura zurrumurrua besterik ez zela izan, nik ez bainuen ezer gehiago jakin.

Futbola ez dago bere unerik onenean. Nolakoa da Almansaren egoera?

Guk hilero kobratzen dugu; beraz, alde horretatik oso ongi, eta taldea bera ere ona da, eta oso gustura nago. Aurten izan nuen eskaintzaren bat edo beste, baina azkenean hemen geratu nintzen. Ezagutzen ez duzun leku batera baldin bazoaz, kontuz ibili behar da. Gauza bat agintzen dizute, eta gero ez dute betetzen. Hemen banekien zer zegoen, eta geratzea erabaki nuen, eta erabaki horrekin ere oso gustura nago.

Horrenbeste taldetatik pasatuta, izan al duzu arazorik?

Bai, bai, oraindik badago talderen bat dirua zor didana. Hor gabiltza erdi auzitan, baina ez da izango erraza hura kobratzea.

Hainbeste ekipotan jokatuta, geratu al zaizu inor barru-barruan?

Nik uste dut denak geratu zaizkidala. Egon naizen taldeetan oso gustura egon naiz, eta denetan egon dira gauza onak. Azkenean taldeak barrutik ezagutzen dituzu, eta betiko geratzen dira baten barruan.

Agian hasierakoak egongo dira urrutien ezta?

Bai, baina haiekin ere ez naiz ahaztu. Hasierak beti izaten dira politak, eta ez nuen inoiz pentsatuko iritsi naizen lekuraino iristea. Nire asmoa kanpora joan eta probatzea zen, eta ez naiz berriro itzuli, eta hasierako talde haietan ikasitakoak ikaragarri balio izan dit.

Badituzu 37 urte. Pentsatu al duzu uztea?

Oraingoz ez. Hor ikusten ditut Cesar edo Ricardo 40 urte pasarekin jokatzen, eta nik ere helmuga hor daukat, 40 urtetan. Horra iritsitakoan ikusiko dugu, baina oraindik gutxienez beste hiru geratzen zaizkit futbolean jarraitzeko.

Almansa Hirugarren Mailan egon arren, izen handiko taldea da. Presiorik ba al duzue?

Bai, taldeak igo egin nahi du, eta presio hori badago. Iaz azkeneko kanporaketan geratu ginen, igo gabe, eta aurkariak baino hobeak izanda. Zaleak ere erantzuten du, mila lagunetik gora izaten baitira gure etxeko partidetan. Hemengo Hirugarren Mailako bidaiak ere handiak dira, txikiena ordubetekoa, eta handiena bost ordutik gorakoa. Beraz, Bigarren B Mailaren parekoak, eta klubari ere ez zaio komeni Hirugarren mailan jarraitzea. Taldeak duen igotzeko premia horretaz jabetzen gara geu ere, eta ongi ez hasi arren, saiatuko gara aurten lortzen.

Hainbeste lekutatik, zein da bizitzeko herririk ederrena?

Eldan bizi naiz. Neska laguna hemengoa da, eta hemen geratu naiz. Gainera, Almansa ordubetera daukat eta primeran datorkit. Nik uste dut lekurik gehienak direla ederrak bizitzeko. Guijuelon jokatu nuenean Salamancan egon nintzen bizitzen, eta hura ere asko gustatu zitzaidan. Azken batean, futbolari esker, bazter asko ezagutu ditut eta lagun asko egin ere bai, eta horrek ez dauka preziorik. Atzera itzuli beharko banu, uste dut gauza bera egingo nukeela.


 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo