GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

PILOTA

Antolatzaileek eta Esku Pilotak lehiaketa berri bat probatuko dute elitekoekin

J.L.

Berezkoen torneoak eta jaialdiak antolatzen dituzten talde batek eta Esku Pilota Elkarteak lehiaketa berri bat antolatuko dute eliteko edo trinketeko pilotari profesionalekin. Udazkeneko Txapelketa deituko diote.

Atzo aurkeztu zuten Ezpeletan txapelketa hau, eta lau zatitan joango da. Hasteko, zirkuitu bat egingo dute Lekorneko, Arrosako eta Makeako torneoekin. Lehen biak trinketean jokatzen dira eta bestea joko berrian.

Txapelketa horietako pilotariak antolatzaileek aukeratuko dituzte, eta hiru horietan puntuak banatuko dira. Zortzi onenek, berriz, abenduaren 28an eta 30ean Ezpeletan jokatuko den Torneoan parte hartuko dute, eta horko garaileak izango dira zirkuitu hau edo Udazkeneko Txapelketa irabaziko duten pilotariak.

Lekorneko Torneoarekin abiatuko da ekimen berri hau, eta hori datorren asteburuan jokatuko da. Ostiralean, 18.00etatik aurrera Ibarrolak eta Etxetok Bielleren eta Lanberten aurka jokatuko dute lehen finalerdia, eta jarraian Waltarik eta Ozafrainek Larretxearen eta Kurutxariren aurka neurtuko dituzte indarrak. Irabazleek finala datorren astelehenean jokatuko dute, 17.30ean.

«Denen beharra badute berezkoen pilotariak, eta honelako zerbait probatu behar genuela ikusi dugu. Hiru lehiaketa hauetako antolatzaileekin eta Esku Pilotarekin hitz egin, eta baiezkoa eman dute, eta ikusiko dugu nola ateratzen den. Ongi badoa, datorren urtean jarraituko dugu, eta hiru lehiaketa hauei Baigorrikoa eta Pessacekoa gehituko dizkiogu. Azken hau Bordele ondoan dagoen herri bat da, baina urtero torneo handia antolatzen dute, eta oso ona litzateke hemen sartzea», dio Francis Karrikartek, pilotari profesional ohiak, eta orain antolatzaile dabilenak.

Profesionalena ongi baldin badoa, amateurrekin ere probatu nahiko lukete, horrela jokatzen diren partidak garrantzia hartuko luketelakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo